AZTIko ikertzaile Ángel Borjari Ingurumen Hezkuntzako Europako Saria eman dio Toxikologia eta Ingurumen Kimikako Elkarteak (SETAC)

Bizkaia

  • Epaimahaiak nabarmendu      du “Ángel Borjak konpromiso handia duela hala ikertzaileei eta ikasleei nola      gizarteari oro har ezagutza transmititzeko”.
  • Ekarpena egin dio      ingurumen-hezkuntzari, itsasoaren ingurumen-kudeaketan gakoak diren      eremuetan aplikatutako arazoak konpontzen diharduten ikertzaileen      diziplina anitzeko taldeak sortuz.
  • Besteak beste, hauei      lotutako ikerketetan hartu du parte: itsasoko kutsadura prebenitzea,      itsasoen egoera aztertzea, Europako direktiba garrantzitsuak      inplementatzea, baliabideak modu jasangarrian erabiltzea eta      klima-aldaketaren eragina.

 

 AZTIko ikertzaile Ángel Borjak Ingurumen Hezkuntzako Europako Saria jaso du Toxikologia eta Ingurumen Kimikaren Elkarteak (SETAC) Bruselan egin duen konferentzian. Sari horrek itsas ikertzaile gisa egin duen 35 urteko ibilbidea saritzen du. Denbora horretan, ekarpena egin dio ingurumen-hezkuntzari, itsasoaren ingurumen-kudeaketan gakoak diren eremuetan aplikatutako arazoak konpontzen diharduten ikertzaileen diziplina anitzeko taldeak sortuz. Arazo horietako batzuk dira itsasoko kutsadura prebenitzea, itsasoen egoera aztertzea, Europako direktiba garrantzitsuak inplementatzea (hala nola Uraren Esparru Direktiba eta Itsas Estrategiaren Esparru Direktiba), baliabideak modu jasangarrian erabiltzea eta klima-aldaketaren eragina.

 

Foto Ángel BorjaSaria ematen duen epaimahaiak nabarmendu du “Ángel Borjak konpromiso handia duela hala ikertzaileei eta ikasleei nola gizarteari oro har ezagutza transmititzeko. Izan ere, 2004az geroztik, itsas ikerketari buruzko udako ikastaro bat antolatzen du urtero Donostian, eta, batez beste, 15-20 herrialdetako 90 ikertzaile bertaratzen dira urtero. Horrez gain, master-ikastaroak ematen ditu zenbait unibertsitatetan, nazioarteko 20 saio eta biltzar baino gehiago antolatu ditu munduko zenbait lekutan, eta nazioarteko adituen hainbat batzordetan eta hainbat proiekturen eta ikerketa-zentroren aholku-kontseiluan hartu du parte. Oso ezaguna da, halaber, nazioarteko hiru aldizkaritan editore gisa egiten duen lana”.

Era berean, epaimahaiak aintzat hartu du “AZTIn itsas ikerketako diziplina anitzeko talde bat eraikitzen egin duen lana. Talde hori ospetsua da nazioartean, eta ikasle izan dituen masterreko eta doktoretzako 27 ikasleetako baten bat talde horretako kide da. Hala, ezagutza-eremu berriak sortu ditu Euskadin, hala nola habitaten modelizazioa, itsasoko espazio-plangintza, ekosistema-zerbitzuak baliaraztea eta ozeano-alfabetatzea”.

Horregatik guztiagatik, epaimahaiak aipatu du haren lanak eragin positiboa izan duela ingurumen-zientzietan, eta eragin handia izan duela nazioartean, bereziki ozeanoen osasuna aztertzeko metodo integratuen proposamenak egiteagatik eta Europako direktibak inplementatzeagatik —AZTI liderra da horietan—. Gaur egun, Ángel Borjak eta haren taldeak garatu dituzten metodoetako batzuk Europako hainbat herrialdetan erabiltzen dira (Espainian, Frantzian, Alemanian, Britainia Handian, Irlandan, Italian, Portugalen, Danimarkan, Holandan, Eslovenian, Errumanian, Bulgarian…), bai eta beste kontinente batzuetan ere (AEB, Kanada, Mexiko, Txile, Uruguai, Brasil, Txina, Australia, Zeelanda Berria, Maroko, Aljeria, Iran, Saudi Arabia, India…).

Sona handiko unibertsitate-irakaslea eta argitalpen zientifikoen egilea

Ángel Borjak (Donostia) Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzien Fakultatean ikasi zuen. 1981ean lizentziatu zen, eta 1984an doktoratu. Euskal Herriko Unibertsitatean lan egin ondoren, AZTIn hasi zen lanean 1985ean. Honoris Causa doktore-titulua eman zion Erresuma Batuko Hulleko unibertsitateak (2015), eta, 2013az geroztik, Europako Ingurumen Agentziako Zientzia Batzordeko kide da. 350 lan zientifiko baino gehiago idatzi ditu, eta egile aipatuenetariko bat da ekologiaren eta ingurumenaren arloan.

Partekatu

Beste berri batzuk