Azukre erremolatxa, barazki, eta mahats eta ardo produkzioaren sostengagarritasuna hobetzeko softwarea
NEIKERek Hazi Fundazioarekin eta IK Ingeniaritzarekin lankidetzan landutako LIFE AGROLCA-Manager europar proiektuaren emaitza da
Tresna informatikoak produktuen ingurumen inpaktuak kalkulatzen ditu, eta hobera egiteko aholkuak ematen ditu
Tresnaren erabilerak nekazaritzako elikagaien enpresen ingurumen eragina minimizatzen laguntzen du
Astelehenean aurkeztuko da, Basque Ecodesign Meeting 2014 nazioarteko ekitaldiaren barruan
Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzaren mende dagoen Neiker-Tecnalia – Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutuak, HAZI Fundazioarekin (landa, itsasertz eta elikagaien garapena) eta IK Ingenieria (produktuen eta zerbitzuen ekodiseinua eta ingurumen berrikuntza) aholkularitza enpresarekin koordinatuta, azukre erremolatxa, barazki, eta mahats eta ardo produkziorako software bat landu dute. Tresna horrek aukera ematen du produktuen bizi zikloa eta karbono aztarna nahiz aztarna hidrikoa aztertzeko, besteak beste. Tresna erabiltzeak nekazaritzaren eta nekazaritzako elikagaien sektorearen sostengagarritasuna hobetzen lagunduko du; baita produkzioaren ingurumen inpaktua gutxieneko mailara txikitzen ere. Tresna informatikoa AGROLCA-Manager proiektuaren emaitza da –Europar Batasunaren LIFE programak finantzatua– eta hilaren 17an Bilbon izango den Basque Ecodesign Meeting 2014 nazioarteko ekitaldiaren barruan aurkeztuko da.
AGROLCA_Manager proiektua Web plataforma batean izango dute erabiltzaileek eskuragarri; hala, ekoizleak aukera izango du 15 ingurumen adierazle kalkulatzeko; horien artean: karbono aztarna, aztarna hidrikoa, karbono balantzea eta ekotoxikotasun potentziala. Adierazleok erabiltzailearen lehentasunen arabera adierazi daitezke: produktu kiloko, hektareako, etab. Hala, ingurumen alderdi ugari kontuan hartzeaz gain, arreta berezia jartzen zaie beste prozesu batzuei, hala nola nitrogenoaren lixibazioari –euri uraren edo ureztapenaren ondoriozko nitrogeno galerak– eta produktu fitosanitarioen aplikazioari.
Adierazleak, erabiltzaileak aplikazioan sartzen dituen datuetatik abiatuz kalkulatzen dira, edo bestela landa koaderno elektronikotik inportatzen dira; gainera, bertan jasotzen dira azukre erremolatxa, barazki, eta mahats eta ardo produkzio sistemei aplikatzen zaizkien legeak eta erabiltzeko praktika onen multzo bat. Horrela, enpresa bakoitzak aukera dauka bere ingurumen emaitzak hobera egiteko ondoen egokitzen zaizkion jarraibide espezifikoekin lotzeko, enpresa bakoitzaren ingurumen egoera eta indarreko legediaren betetze maila kontuan hartuz. Tresna informatikoaren beste abantaila bat hauxe da: bere produktuek duten ekoberrikuntzarako potentzialaren gaineko datuak jaso ahal izatea.
Ardogintzaren sektorean duen aplikazioaren adibide gisa, esan dezagun softwareak produkzioaren etapa guztiak hartzen dituela, alegia: landa fasea, ardoa upeltegian egiten dagoen fasea eta hondakinak kudeatzeko fasea. Landa etapan, ekoizleak inausketa, ongarrien aplikazioa eta tratamendu fitosanitarioak kontrola ditzake, besteak beste. Upeltegiko fasean, ardogintzako prozesurik esanguratsuenak har daitezke kontuan, hala nola mahatsa jasotzea, hartzidura alkoholikoa, ardoa upeletan ontzea eta botilatzea. Hala, upeltegiek, ingurumen ikuspegitik beren prozesuak hobetzearekin batera, ingurumen arloan sentiberak direla erakusten diote kontsumitzaileari, eta horrek lehiarako abantaila ematen die.
Nekazaritzako elikagaien sektorean diharduten enpresa txiki eta ertainei laguntzea
AGROLCA_MANAGER proiektuaren helburua lehen sektoreko nekazaritza elikagaien enpesei laguntzea izan da, bereziki enpresa txiki eta ertainei, produktuek beren bizi zikloan eragiten duten ingurumen inpaktua ahalik eta gehien murrizteko. Era berean, landutako Web plataforma espezializatuaren bidez enpresen iraunkortasuna eta lehiakortasuna handitzea bilatzen da. Ingurumen softwareak, bada, aukera emango die enpresei beren produktuen bizi zikloaren fase desberdinak aztertzeko, produkzioan erabiltzen dituzten baliabideen kudeaketa hobetu ahal izateko eta, ondorioz, sortzen dituzten hondakinak murrizteko.
Nekazaritzako elikagaien sektorea jakinean dago produkzio sistemak funtsezko eran hobetu behar direla, bai baliabideen erabilera eraginkorraren ikuspegitik, bai izan daitezkeen ingurumen inpaktuen murrizketaren ikuspegitik. Beraz, Bizi Zikloaren Analisirako (BZA) metodologia aplikatzeko ad hoc software bat edukitzea tresna giltzarria edukitzea da nekazaritzako elikagaien sektorean diharduten enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko.
Neiker-Tecnalia, erreferentziazko zentroa lehenengo sektorearentzat
Neiker-Tecnalia, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutua, irabazi asmorik gabeko sozietate publiko bat da, Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzaren mende dagoena. Zentro teknologikoak I+Gko helburu hauek lortzeko konpromisoa dauka: nekazaritzako ekoizpen sistemen produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzea, ustiapenetan kudeaketa teknologia berriak garatu eta aplikatzea, eta nekazaritzako elikagaien eraldaketa industriari, balio bereizgarria duten produktuei eta, oro har, kontsumitzaileei dagozkien kalitate baldintzak betetzea.
Hazi Fundazioa eta IK Ingenieria
Hazi, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren mende dagoen fundazio bat da. Haziren misioa lehen sektorearen eta elikagaien sektorearen lehiakortasuna eta sostengagarritasuna sustatzea eta landa eta itsasertzaren garapen sostengagarria bultzatzea da. Haziren xedea nekazaritzako elikagaien sektorearen tresna bat izatea da, garapen sostengagarria, langileen profesionalizazioa eta produktuen kalitatea bultzatzeko.
IK Ingeniaritza aholkularitza enpresa bat da, eta ekodiseinuan, produktu eta zerbitzuen ingurumen berrikuntzan, eraikuntza sostengagarrian eta enpresei nahiz administrazio publikoari zuzendutako ingurumen prestakuntza teknikoan espezializatuta dago.