Barazkiak maitatuko dituzu

Albisteak, Bizkaia

AZTI zentro teknologikoak, EIT Food School Network-en bidez, sukaldaritza lehiaketa bat abiarazi du familian barazkien kontsumoa sustatzeko eta etxean elikatzeko ohitura osasungarriak bultzatzeko

Proba honetan datza: pertsona heldu batek eta gazte batek (16 urte beherakoa) gutxienez bi barazki erabiliko dituen errezeta bat prestatzea, bere abentura grafikoki dokumentatzea eta irudi horiek antolatzaileei helaraztea.

Ekimenaren helburua etxeko txikienek landare-jatorriko produktuen kontsumoarekiko duten erresistentzia murriztea eta zapore berriak sentitzeko beldurrari aurre egitea da

Dietan produktu berriak sartzeko erresistentzia da etxeko txikienen elikaduraren arduradunek egunero izaten duten oztopoetako bat.
Zapore berriak sentitzeko beldur hori gehieneko mailara iristen da barazkiak direnean. Horregatik, AZTI zentro teknologikoak, eskola-eremuan elikadura osasungarria sustatzeko EIT Food School Network proiektuaren esparruan, errezeta lehiaketa bat abiarazi du familian barazkien kontsumoa eta janariaren ohitura onak sustatzeko.

Proba honetan datza: pertsona heldu batek eta adingabe batek (16 urtera arte) gutxienez bi barazki erabiliko dituen errezeta bat prestatuko dute, beren abentura grafikoki dokumentatuko dute eta irudi horiek antolatzaileei helaraziko dizkiete. Lehiakideen artean sukaldeko tresnen kit bat eta elikagaien loteak zozketatuko dira. Ekimenean parte hartzeko ezinbestekoa da izena ematea formulario honen bidez. Halaber, urriaren 9an amaituko den lehiaketaren oinarriak kontsultatu ahal izango dituzte interesdunek esteka honetan.

Errezetek mota guztietako osagaiak izan ditzakete, baina nahitaezkoa da gutxienez horietako bi hostozko barazkiak izatea, hala nola zerbak edo letxugak; fruituak, hala nola tomateak edo kalabaza; sustraiak, hala nola azenarioak edo errefauak, zurtoinak, porruak edo zainzuriak; eta loreak edo erraboilak, hala nola azaloreak, orburuak, baratxuriak eta tipulak.
Hala ere, tuberkuluak ez dira barazkitzat hartuko, nutrizioari dagokionez beste kategoria batean sartzen baitira: ferinazeoak.

“Haurren menuetan landare-jatorriko elikagaiak sartzean gurasoek egunero aurkitzen duten erresistentzia arindu daiteke lehiaketa batean jolasa eta taldean parte hartzeko dibertsioa sartzean; horregatik, ekimen hau abiarazten dugu, haurrek batzuetan beren eguneroko menuan barazkiak sartzeko duten beldurra ezabatzeko”, esan du Elena Santa Cruz AZTIko Elikagai Berrien arloko ikerlari eta proiektuaren arduradunak. Errezetak originalak edo tradizionalak eta ezagunak izan daitezke.

Inspirazioari laguntzeko, hautagaiek AZTIren errezeta osasungarrien bideoetan erakutsitako proposamenak oinarri bezala hartu eta erreproduzitu ditzakete.

Ekimena EIT Food School Network proiektu europarraren parte da. Proiektu horretan, AZTIk eskolatik eta familiekin lan egiten du, eta baliabideak, tresnak eta metodologiak sortzen ditu, haurrek barazkiak gehiago onar ditzaten, bai eta elikagaiak gutxiago xahutzeko ere. EIT Food School Network Europako lau herrialdetako (Espainia, Finlandia, Erresuma Batua eta Polonia) kideek osatutako partzuergo bat da, eta elikadura osasungarria sustatzeko hainbat ekintza biltzen ditu.

AZTI elikaduraren eta itsasoaren eta arrantzaren balio-katean espezializatutako ikerketa-zentroa da, eta zientzia garapen jasangarri eta osasungarri bihurtzea du helburu, 2030erako GIHekin lerrokatuta. Ia 40 urteko ibilbidean, 4.000 proiektu baino gehiago bultzatu ditu, eta 2019an 20 milioi euroko fakturazioa lortu zuen.

AZTI Basque Research and Technology Alliance (BRTA) elkarteko kidea da. BRTA euskal enpresentzako soluzio teknologiko aurreratuak garatzeko helburua duten zentroen aliantza bat da, lankidetza-ikerketako 4 zentrok eta 12 zentro teknologikok osatua. Aliantzaren helburua zentroen arteko lankidetza bultzatzea, enpresen lehiakortasunerako ezagutza sortu eta transmititzeko baldintzak indartzea eta euskal gaitasun zientifiko-teknologikoa zabaltzea da.

Informazio gehiago www.azti.es helbidean aurki dezakezu.

 

Partekatu

Beste berri batzuk