Barnetegi Teknologikoen bigarren edizioa martxoan hasiko da hainbat nobedaderekin

Ikusirik zein harrera ona eta parte-hartze handia izan duen “Barnetegi Teknologikoak” formatuak, Informazio Gizarteari buruzko hausnarketa estrategikorako erretiro honen beste edizio bat egingo da 2010ean. Martxotik ekainera bitartean izango da eta eduki berriak eskainiko ditu.

Ekimena enpresetako kudeatzaile eta zuzendaritza-karguei zuzenduta dago eta hainbat nobedade dakartza programatu diren jardunaldietarako (40 inguru). Barnetegi Teknologiko batzuk euskaraz izango dira eta beste batzuk berriz asteburuetan antolatuko dira, ostiral eta larunbatetan. SPRIk kudeatzen duen Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren ekimen hau Euskadi Informazio Gizartean (PESI 2010) Planaren barruan sartzen da eta Eusko Jaurlaritzako hainbat sailen arteko lankidetzari esker garatu da, Informazio Gizartearen garapena eta IKTen ezagutza bultzatzeko EAEn.

Funtzionamendua eta helburuak lehen edizioaren berdinak izango dira: ingurune isolatu eta eroso batean egingo den 24 orduko erretiroa, bereziki diseinatua parte-hartzaileek gogoeta egin dezaten beren antolakundeen etorkizunari buruz. Hainbat gauza uler ditzaten saiatuko gara: zeintzuk diren gizartean, enpresan eta negozio planteamenduetan dauden teknologiek eskaintzen dizkiguten balioa eta aukerak, eta baita ere uler dezatela nolakoa den bizi duten Informazio Gizartea, gai izan daitezen beren antolakundearen etorkizunarentzako erabaki hobeak hartzeko.

Barnetegi teknologikoetako gidarien tratamendu pertsonalizatuagoa jasotzeko helburuarekin, taldeetan gehienez ere 12 lagun egongo dira, beren antolakundeetan eragina izan dezaketen pertsonak alegia: kudeatzaileak, zuzendaritza-karguak…

Barnetegi hauen helburu nagusia da parte-hartzaileek ulertu dezatela antolakundeek BEREHALA hasi behar dutela urratsak ematen bide berri honetan, teknologia nola aprobetxatzen ari diren jakiteko eta nondik hasi behar duten erabakitzeko. Horregatik, gai askori buruzko hausnarketa eta eztabaida saioak egingo dira: interneten irudia eta marka zaintzea, aztarna digitala, teknologia eguneroko bizitzan, merkatuaren eta bezeroen jarrera aldaketak, negozio eredu berriak eta beste hainbat.

Barnetegi Teknologikoak ingurune isolatuetan izango dira, inbertitutako denbora ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Hona hemen hautatu diren eszenatokiak: “Arcos de Quejana” (Aiara), “Atxurra” (Bermeo), “Etxegana” (Zeanuri), “Iriarte Jauregia” (Bidegoian) eta “Santa Kutz” (Urretxu) landetxeak.

2009an egin zen lehen edizioan euskal enpresa txiki eta ertainetako 400 zuzendaritza-kargu eta kudeatzailek baino gehiagok parte hartu zuten eta baita ere hainbat kolektibok, esaterako Zumarragako Ospitaleak, Ekonomialarien Elkargoak ADEGIk edo Ajebask-ek.
Horren harira eta edizio berri honi dagokionean, ezinbestekoa da Barnetegi Teknologikoetan parte hartu nahi duten kolektibo eta enpresen lankidetza eta baita ere Innovanet Sareko Agenteek (besteak beste, Enpresa Digitala Zentroak) eskaintzen diguten laguntza, ikaragarrizko lana egiten baitute ekimen hau dinamizatzeko.

Barnetegi Teknologikoen eskaintza eta horiei buruzko informazioa (disponibilitatea, datak, izena emateko modua, etab.) uneoro kontsulta daitezke www.spri.es/euskadinnova web orrian. Ekimen honek SPRIren diru-laguntza duenez, 100 euro ordaindu beharko dute parte-hartzaileek; azken prezioa benetan lehiakorra da, kontuan hartzen badugu prezio horren barruan, barnetegietako saioez gain, gau bateko ostatua, afaria, gosaria eta kafeak sartzen direla.