Azken urteotan euskal industriak Europan izan duen hazkundea nabarmendu du Tapiak Basque Open Industryn

Albisteak, Bizkaia

Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak berretsi egin du “gure industriaren esportazio-hazkundea”, EAEko BPGaren %38,3rekin 2022an, eta “I+G+Bren aldeko apustu sendoa”, Euskadi Europako batez bestekoaren parean kokatzen duena

Bilbao Exhibition Centren ospatzen den ETEen Europako Astearen (SME Week 2023) esparruan, BOIk euskal industriarik aurreratuena bildu du, industria- eta teknologia-ekosistemako 2.200 ordezkari ingururekin

Euskal industria aurreratuena azaroaren 13an eta 14an bildu da Basque Open Industryn. Sektoreko 2.200 ordezkarik baino gehiagok euskal ekosistema teknologikoak industriaren zerbitzuan dituen gaitasunak Europako ordezkarien aurrean aurkezteko aukera dute. Topaketa ETEen Europako Astearen barruan jorratzen da (SME Week 2023).

Iñigo Urkullu lehendakaria izan da inaugurazio-saioaren buru, eta 2024an jarduera ekonomikoa handitzearen aldeko apustua berretsi du. Halaber, Euskadiren lankidetza publiko-pribatua nabarmendu du, etorkizuneko erronkei erantzuteko, eta Eusko Jaurlaritzak berrikuntzaren arloan egindako inbertsioa balioetsi du.

Inaugurazioaren ondorengo mahai-inguruan, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuak ideia horretan sakondu du, eta euskal industriak azken hiru urteetan egindako aurrerapenak gogorarazi ditu. Izan ere, 2020-2024 Industria eta Nazioartekotze Plana abian jarri zenetik, “eraldaketa teknologiko-digital, energetiko-klimatiko eta demografiko-sozialaren azelerazioa” lortu da.

Ildo horretan, Tapiak nabarmendu du Sailak iraunkortasunaren eta deskarbonizazioaren alde egin duela, eta, adierazi duenez, “aukera bat izan da ekoizpen-egituraren lehiakortasuna indartzeko”, ingurumen-irizpideak politika sektorial guztietan integratuz, “lehiakortasunaren eta balioa sortzeko aukeraren faktore gisa”.

Apustu horrek fabrikazio aurreratuaren, nazioartekotzearen, berrikuntzaren eta ekintzailetzaren arloko helburuak betetzea dakar berekin. “Plan horren helburu nagusia zen industria- eta zerbitzu-jarduera aurreratuak Euskadiko BPGren %40 izatea. Gaur egun, helburua bete dela eta adierazle hori %40,8koa dela baieztatu dezakegu. Sailburuaren arabera, horrek adierazten du “euskal industriak, manufakturaz gain, industria-soluzio aurreratuak ahalbidetzeko zerbitzu aurreratuak eskaintzen dituela”.

GEHIAGO IRAKURRI

Partekatu

Beste berri batzuk