Batteries Summit 2019 ekimenak etorkizuneko baterien ikerketa eta garapen arloko Europako eragile nagusiak elkartuko ditu ostegun honetan Arabako Teknologia Parkean

Albisteak, Araba

CIC energiGUNEk antolatu duen topaketa Arabako Teknologia Parkeko Eraikin Nagusian egingo da, eta Europa osoko 150 profesionalek hartuko dute parte

Topaketak, baterien egungo eta etorkizuneko garapenean eta aplikazio berrien sorkuntzan lan egiten duen Europako ekosistemara hurbiltzeko aukera paregabea eskaintzen du

CIC energiGUNEk, energiaren biltegiratze elektrokimikoaren eta termikoaren alorrean Europa mailako erreferentziazko ikerketa zentroak, etorkizuneko bateriak diseinatzeko epe laburreko zein luzeko ikerketa bultzatzen ari diren Europako ekimenen ordezkari nagusiak elkartuko ditu Arabako Teknologia Parkean ostegunean, irailaren 12an. Horrela, “Batteries Summit 2019” topaketan, baterien iraultza sortzen ari den Europako ekosistemako arduradun azpimarragarriek hartuko dute parte, Kristina Edström-en, BATTERY 2030+ren koordinatzailea, Europa mailako Batteries Europe Teknologia eta Berrikuntza Plataformako Edel Sheridan, edo, European Battery Alliance-ko Thore Sekkenes, besteak beste.

“Baterien iraultzarako Europako ekosistema” izenburupean, CIC energiGUNEk antolatutako jardunaldiak, ibilgailu elektrikoari edo aplikazio estatikoari zuzendutako energia biltegiratzeko bateriak sortzearekin erlazionatutako ekimenak aurrera eramaten ari diren eragile publiko eta pribatu guztiak elkartuko ditu. Helburua, energiaren biltegiratzearekin erlazionatutako merkatu, berrikuntza eta I+G+B esperientziak partekatzea eta balio katearen garapena bultzatzea da.

Topaketa Nuria Gisbert CIC energiGUNEko zuzendari nagusiak, Pilar González Fernández CIC energiGUNEko presidenteak, Ana Oregi, Gasteizko Alkateordeak, eta Ramiro González Arabako Diputatu Nagusiak inauguratuko dute, eta Pilar García de Salazar Arabako Foru Aldundiko Ekonomiaren Garapen eta Lurralde Oreka diputatua ere bertan egongo da. Hasierako hitzaldia Kristina Edström-ek emango du. BATTERY 2030+ko koordinatzaile izateaz gain, Kimika Inorganiko irakaslea da Uppsalako Unibertsitatean (Suedia), eta etorkizuneko baterien ibilbide orriak dituen erronkak aurkeztuko ditu.

Ondoren, Edel Sheridan Batteries Europe Europako Teknologia eta Berrikuntza Plataformako kideak eta Thore Sekkenes Baterien Europako Aliantzako Industria Programako zuzendariak hartuko dute parte, eta sektoreak Europan dituen erronka teknologiko, merkatu estrategia eta joera nagusiak azalduko dituzte.

Álvaro Martín-Aceña Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioko Mugikortasun Alternatibo Saileko Buruak eta Juliana Restrepo AEPIBALeko (Pila, Bateria eta Energia Biltegiratze Enpresa Elkartea) zuzendari nagusi eta Espainiako BatteryPlat plataformako ordezkariak, berriz, Espainia mailan arlo horretan egiten ari den lanaren egoera hurbilduko dute.

Jardunaldiari, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburuak emango dio amaiera, Euskadin bateriek duten balio katearen egoera azalduz, laborategian egiten den ikerketa lanetik espezializazio adimentsu estrategiara. Horrela, sailburuaren hitzaldiak energia biltegiratzearen euskal industriaren indarra azpimarratuko du, CIC energiGUNE parte den BRTA (Basque Research and Technology Alliance) partzuergo zientifiko-teknologikoan elkartuta dauden eragile guztiena, batez ere.

Topaketa Araban egitea, azken finean, Europa mailako ekosisteman baterien alorrean finkatzen ari diren ekimenen ikuspegi orokorra jasotzeko aukera paregabea da, eta merkatu berriak sortzeko industriari ematen zaion euskarritik epe luzeko proposamenetara doaz.

Partekatu

Beste berri batzuk