Bayer-ek terapia genikoaren inguruan duen plataforma sustatu eta, horretarako, AskBio eta Viralgen erosi ditu
Viralgen enpresa donostiarrak, bizitzaren zientzietan oinarritzen den Bayer konpainiarekin adostu duen akordioaren berri eman du; Viralgen bektore biriko adenoasoziatuak (AAV) ekoizten dituen Espainiako lehen instalazioa da
Bayerrek Ipar Amerikako AskBio enpresa bioteknologikoa erosi du, eta erosketa horren barruan kokatzen da akordioa; izan ere, AskBio Viralgenen % 50en jabea eta sortzailea da. Erosketa 4.000 milioi dolarrean egin du (2.000 milioi lehen ordainketan eta beste 2.000 milioiak, ezarritako xedeak betetzeari dagozkionak). Eragiketa berean, Bayerrek konpromisoa hartu du Viralgenen sortzailekidearen beste % 50aren partaidetza erosteko, Columbus Venture Partners inbertsio-kudeatzailearena, 30 eguneko epean, AskBioren erosketa-eragiketa ixtean.
Erosketa bi konpainien helburuen onerako da, bai eta paziente, inbertitzaile, laguntzaile eta enplegatuen interesen onerako ere. Viralgenek independentziaz jardungo du, orain arte egin duen bezala, eta bere identitate korporatiboari eutsiko dio, bai eta Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkearen instalazioan (Donostia) lan egiten duen zuzendaritza-ekipoari eta ekipo profesionalari ere. Viralgeneko taldeak terapia genikoen garapenean eta fabrikazioan duen prestakuntza eta esperientzia handia oso garrantzitsuak dira Bayerrentzat; izan ere, ezagutza eta espezializazio hori ez da erraz aurkitzen industrian.
Viralgen hedatzeko planak aurreikusitakoaren arabera eramango dira aurrera, munduan zehar bezero askorentzako terapia genikoaren ekoizpenean erreferentziazko bilakatzeko.
Viralgenen erosketak Bayerren terapia zelularraren eta genikoaren plataforma sustatzen du, bai eta beharrizan medikoak dituzten baina beharrizan horiek beteta ez dituzten pazienteentzako premiazko tratamenduak eskaintzeko duen ahalmena ere. Bayerrek bere zorroari birus adenoasoziatuetan oinarritzen den terapia genikoaren plataforma gehitu dio; plataforma hori buru da industrian, eta, dagoeneko, erakutsi du nolako eraginkortasuna duen zenbait arlo terapeutikotan. Viralgenen Pro10™ teknologia esklusiboak –industriako aurreratuena eta paregabea Europan– aukera ematen du eskala industrialen produktu berriak fabrikatzeko, hobetu egiten du terapia genikorako zerbitzuen eskaintza eta eskuragarriagoa egiten du pertsona-kopuru handiagoarentzat.
Bayerren Terapia Genikoaren eta Zelularraren unitate ezarri berriak Bayerren jarduerak integratuko ditu puntako arlo horretan, erakundearen barruan berrikuntzako ekosistema ezartzeko.
Javier García Cogorro Viralgeneko kontseilari delegatuak, gaur, akordioaren berri eman die komunikabideei, eta pozik agertu da eragiketarekin. “Albiste bikaina da bi konpainientzat, haien bezeroentzat, akziodunentzat eta langileentzat. Baita orain arte sendaketarik izan ez duten gaixotasunak sufritzen dituzten pertsonentzat eta terapia genikoak itxaropenezko etorkizuna irekitzen dien pertsonentzat ere”, esan du. “Gainera, albiste ona da Donostiarentzat; izan ere, eragiketa horren eta Bayerren laguntzaren bidez, kanporako proiekzioa irabazten du, eta berrikuntza-polo gisa finkatzen da sektore bioteknologikoan eta osasun-zientzien sektorean Europan eta munduan”, esan du.
Bestalde, Wolfram Carius Bayerreko presidenteorde exekutiboak nabarmendu du Viralgenek Euskadiko eta Espainiako ekonomiarako nolako garrantzia eta inpaktua duen, eta bere egin du Viralgenek gizartearekin duen konpromisoa. “Viralgenek funtsezko eginkizuna izango du Bayerrek terapia zelular eta genetikoentzat izango duen plataforma eraikitzeko, eta, beraz, funtsezko laguntza jasoko du zentzu horretan”, esan du.
Bayerreko presidenteordeak Viralgeneko talde profesionalak terapia genikoen garapenean eta fabrikazioan duen esperientzia nabarmendu du; ezagutza hori ez da erraz aurkitzen, eta aktibo oso garrantzitsua da Bayerrentzat. “cGMP arauak betetzea eta produktuaren kalitatea funtsezkoak dira fabrikazio-prozesuan, produktu hain espezializatuen segurtasuna eta eraginkortasuna bermatzeko. Eta, horretan, Viralgenek esperientzia handia du”, esan du. Era berean, honako hau aintzatetsi du: “Viralgenek erakundeen eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik bere gaitasunak garatzeko jaso duen laguntza baliotsua”, eta konpromisoa hartu du Euskadiko agintariekin bioteknologiaren etorkizun handiko eremuan lankidetzan jarraitzeko, Viralgen “are enpresa potenteagoa izateko nazioarteko esparruan”.
Viralgen
2017an sortu zuten, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean (Donostia), Ipar Amerikako AskBio farmazeutikak eta Columbus Venture Partners arrisku-kapitaleko sozietate kudeatzaileak; Viralgen munduan ezaugarri paregabeak dituen enpresa bioteknologikoa da. Bektore adenoasoziatuak garatzen eta fabrikatzen ditu, saiakuntza klinikoetarako eta gorantz ari den terapia genikoen merkaturako tratamendu mediko berriak eskala handian ekoizteko. Pro10™ teknologiak gora egiteko ematen dion aukeraren ondorioz, Viralgen estatubatuarra ez den enpresa.
bakarra da Harvard-eko Unibertsitateak eta Massachusetts General Brigham Hospital-ek COVID-19a ikertzeko eta txertoa garatzeko lideratzen duten partzuergoan parte hartzen duena. Viralgenek honako erronka hau izango du aurrez aurre: Europarako eta beste arlo geografiko batzuetarako eskala industrialean txertoa ekoiztea. Bigarren instalazioa 2021ean jarriko da martxan, eta, instalazio horren eraikuntzaren bidez, Viralgen eskala industrialean gaur saiakuntza klinikoko zenbait fasetan dauden eta merkaturatuko diren produktuak fabrikatzeko erronkari erantzuteko prestatzen ari da.
Bayer
Bayer enpresa multinazionala da, eta funtsezko gaitasunak ditu osasunarekin eta elikadurarekin zerikusia duten bizitzako zientzien arloetan. Bere produktu eta zerbitzuen bidez, enpresak baliagarria izan nahi du gizakientzat eta, horretarako, munduko biztanleen etengabeko zahartzeak eta hazkuntzak dakartzaten erronka handiei irtenbidea aurkitzen lagundu.
Aldi berean, Taldeak helburu du errentagarritasuna areagotzea eta balioa sortzea berrikuntzaren eta hazkuntzaren bidez. Bayer garapen jasangarriko printzipioei atxiki zaie, eta haren markak konfiantzaren, fidagarritasunaren eta kalitatearen sinonimo dira mundu osoan. 2019ko ekitaldian, Taldeak –104.000 enplegatu ditu– 43.500 milioi euroko salmentak izan zituen, 2.900 milioi euroko inbertsioak egin zituen eta 5.300 milioi euro bideratu zituen ikerketara eta garapenera.