BCBLk Severo Ochoa lortu du, Estatuko zientzia-sari nagusia
Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak Espainiako ikerketa-zentroei ematen dien aintzatespen garrantzitsuenari esker, BCBLk 4 milioi euro jasoko ditu datozen lau urteetan
Adituen batzorde ebaluatzaileak erakundeak sortutako ikerketen nazioarteko aldizkarien argitalpen-tasa “ikaragarria” azpimarratu du, baita mundu osoko zientzialari onenak erakartzeko ahalegina ere
Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak Severo Ochoa egiaztagiria lortu du, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak Estatuko ikerketa-zentroei ematen dien aintzatespen garrantzitsuena, garatzen duen jarduera zientifikoaren bikaintasuna nabarmentzeko helburuarekin. Sari horri esker, lau milioi euro jasoko ditu datozen lau urteetan.
Uztailaren 16an emanda, datorren urteko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean 2025eko abenduaren 31ra arte.
Severo Ochoa Bikaintasun Zentroaren sariaren helburua da ikerketako zentro eta unitate publikoak finantzatzea eta egiaztatzea, baldin eta nazioartean eragin eta lidergo zientifikoa frogatzen badute eta beren gizarte- eta enpresa-ingurunearekin aktiboki elkarlanean aritzen badira. Erakunde onuradunak beren emaitza zientifikoen eta programa estrategikoen arabera hautatzen dira.
Egoitza Donostian duen entitateak Estatuko Ikerketa Agentziak urtero ematen duen saria jasotzen duen bigarren aldia da, erakunde hori Espainiako Gobernuko Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren mendekoa da. 2016-2019 urteetan zehar jaso zuen lehen aldiz ziurtagiria.
“Oso pozik gaude errekonozimendu hau gure historian bigarren aldiz lortu dugulako. Ospe eta eragin handiko ikertzaileek osatutako nazioarteko batzorde zientifiko batek ebaluazio zorrotza egin ostean lortu du BCBLk ziurtagiri hori. Beraz, lorpen garrantzitsua da, gure ikertzaile taldearen zorroztasuna, kalitatea eta talentua berresten dituena eta orain arte hasitako bikaintasun zientifikoaren bidean aurrera egitera animatzen gaituena “, esan du Manuel Carreiras BCBLko zuzendari zientifikoak.
Ebaluazioaz arduratzen den aditu-batzordeak hainbat alderdi nabarmendu ditu, hala nola BCBLk sortu zenetik hizkuntzari eta burmuinari zuzendutako ikerketaren arloan hartu duen garrantzia, erakundearen gaztetasuna gorabehera, bai eta zentroaren ekoizpen zientifikoaren kalitatea ere, izan ere, munduko aldizkari zientifiko nagusietan argitaratzen baitira zentroan egindako azterlanen % 82. Mugarri hori ebaluatzaileek “txundigarria eta nazioarteko zentro batentzat oso egokia” dela iritzi dute.
Era berean, adituek BCBLren trebakuntza programak bereizi dituzte, izan ere, etengabeko hobekuntza gertatu dela uste dute, eta horrek gaur egun ” hizkuntzalaritza, neuro eta psikolinguistika eta psikologia arloetako nazioarteko programak bezain lehiakorra” bilakatu duela.
Gainera, “Zentroak estandar altuak” eskaintzen dizkie ikertzaileei, “punta-puntako tresna eta aplikazio zientifikoekin”, eta “mundu osoko zientzialari onenak erakartzeko” ahalegina egin dute
Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko ikerketa zentro bat da, kognizioa, garuna eta hizkuntza aztertzeko, Ikerbasquek, Innobasquek, EHUk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean sortua.
Ikerketa-jardueraren helburu espezifikoa hizkuntzaren jabekuntzan, ulermenean eta produkzioan inplikatutako mekanismo neurokognitiboak ezagutzea da, elebitasuna eta eleaniztasuna bereziki azpimarratuz.
Hori lortzeko, erakundeak zazpi ikerketa-ildo desberdin lantzen ditu: hizkuntzaren garapena bizitzan zehar, pertzepzioa, produkzioa eta hizkuntza-nahasmenduak, irakurketa eta dislexia, eleaniztasuna, neurodegenerazioa, kalte zerebrala eta errehabilitazioa, hizkuntza eta beste sistema kognitibo batzuk eta, azkenik, neurozientzia kognitiboko metodo aurreratuak.