Bernabé Undak Euskadin urriaren 18an eta 19an egingo den Ekintzailetzako Lehen Feria aurkeztu du

Bizkaia

  • 2010eko Ekintzailetza Ferian 200 eragile baino gehiago eta ehun hizlari bilduko dira eta 2000tik gora bisitari aurreikusi dira.
  • Urtero ekintzailetzaren arloan 250 milioi eurotik gora inbertitzen direla kalkulatu da.
  • Kalkuluen arabera, Euskadin 180.000 lagun baino gehiago daude autonomoen erregimen berezian eta bost langile baino gutxiagoko 25.000 mikroenpresa, guztira 100.000 langile inguru biltzen dituztenak.

 

Ekintzailetza biltzen duen sektoreak 180.000 lanpostutik gora bereganatzen ditu, bost langile baino gutxiagoko 25.000 mikroenpresa eta inbertsioan, 250 milioitik gora.

Datu horiek aztertzeak eraman du Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila bere baliabideen eta energien zati bat ekintzailetza sustatu eta aktibatuko duten jardunetan inbertitzera. Horretarako sinergiak koordinatu eta batuko dituzten politika aktiboak ezarri dira.

Ildo horretan kokatzen da Euskadin aurten lehen aldiz egingo den Ekintzailetzaren Feria, urriaren 18an eta 19an BECen (Bilbao Exhibition Center). Feriaren inauguraziora Edurne Pasaban kirolaria bertaratuko da, ekintzailetzaren eredu gisa.

Eusko Jaurlaritzak SPRIren bidez sustatutako ekimen batetik sortu da 2010eko Ekintzailetza Feria, baita beste hainbat erakundek lagunduta ere, besteak beste, Foru Aldundiek, euskal ekintzailetzan jarduten duten eragile-sareak, berrikuntza-enpresen zentroek, garapen-agentziek, unibertsitateek, merkataritza-ganberek eta aurrezki-kutxek.

Feria hori Ekintzailetzako Foro Nazionala bihurtuko da eta honako helburu hauek izango ditu:

– Kultura ekintzailea sustatzea.
– Ekintzailetzan aritzen diren eragile eta baliabideak mobilizatzea.
– Ekintzailetzaren erakusleihoa izatea, lan-eskaintza eta lan-eskari guztia bilduko duena.
– Ekintzaileen, inbertitzaileen eta eragileen arteko topaketak ahalbidetzea.
– Ekintzailetza sustatzea aberastasun-sortzaile delako.

Ferian 200 eragile baino gehiago bilduko dira baita beren esperientzien ekarpenak egingo dituzten ehun hizlari ere. 2.000tik gora bisitari bertaratzea aurreikusi da.

Feria horretan enpresa bat sortzeko ausardia duen edozeinek parte hartu ahal izango du, autoenpleguaren arloan daudenak nahiz maila aurreratuko ekintzailetzan daudenak, ekintzailetzaren eragileak, arlo horretan ardurak dituzten estatu-mailako erakundeak, finantza-erakundeak eta bestelako inbertitzaileak.

Hitzaldi- eta topaketa-programa bat ere biltzen du feriak, eta horietan ekintzailetzaren munduan garrantzia duten pertsonek mahai inguruetan parte hartuko dute. Era berean, formatu berritzailea izango du honako hauekin:

– Gune bat ekintzaileei finantza- eta hazkunde-etapetan laguntzeko.
– Arazoak planteatzeko beste gune bat, bertan agenteak taldeka bilerak egiten eta arazoen irtenbideak bilatzen dituztenean, dokumentu batean jasotzen dituzte.
– Posterrak, ekintzaileen egitasmoak erakusteko merkataritza guneak direnak.
Proiektuen deskribapen laburra eta ezagutzera eman ahal izateko harremanetarako datuak erakusten dira.
– Gune bat, proiektuen ahozko azalpenak emateko.
– Eta gune bat, sarean kontaktuak eta harremanak ezartzeko gaitasunak garatzera bideratua. Formatu dinamikoa eta parte-hartzailea izango du, arlo horretako gaitasunak martxan jartzeko eta guneak irauten duen bitartean negozio-kontaktu berriak egiteko.

Bernabé Undak adierazi du Sailean lan egiten ari direla beste jarduera batzuen bidez, indarrak eta energiak batzeko ildoan. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzan bertan, Sailen arteko jardun-plan bat landuz. Plan horretan hainbat Sailek batera lan egiten dute ekintzailetzan indarrak batzeko xedearekin. Bestalde, Eusko Jaurlaritzatik kanpoko erakundeekin –jardun ekintzaileekin kontaktuan daudenekin– lanean. Azken lan-ildo horren emaitza dira ekintzailetza-arloan BBKrekin, Vital Kutxarekin, Kutxarekin eta La Caixarekin aurreko astean sinatutako Lankidetza Hitzarmenak.

Sailak eta finantza-erakundeak erabaki dute ahaleginak batzea finantzaketari laguntzeko, jardun ekintzailea indartzeko, mikroenpresak sustatzeko eta mikrokredituen bidez enplegu autonomoa bultzatzeko, eta hori dela-eta sortu dira Hitzarmen horiek. Hitzarmen horiek enplegua sortzeko eta sendotzeko bidea izango dira baita bideragarriak diren enpresa-proiektuen euskarri izateko ere. 2010eko Ekintzailetza Ferian martxan jarritako tresnen eraginkortasunaren jarraipena egin ahal izango da.

Partekatu

Beste berri batzuk