Big Vision proiektuak irabazi du YUZZ Araba programaren lehenengo saria

Araba

Clara Gómez ingeniariak Silicon Valleyra joateko bidaia bat irabazi du, eta sari nazionala jasotzeko aukera izango du

Proyectos y jurado Yuzz 2017Clara Gómez ingeniariaren Big Vision proiektuak irabazi du Arabako YUZZ programa. Ekimen hori CISEk (Ekintzailetzarako Santanderko Nazioarteko Zentroak) sustatzen du, eta Espainiako 52 zentrotan garatzen da. Horien artean dago Arabako Yuzz programa, gure lurraldean BIC Arabak, Arabako Enpresa eta Berrikuntza Zentroak, eta SPRIk koordinatzen dutena.

Saria Silicon Valleyra joateko bidaia bat da, mundu osoko berrikuntza-ekosistemarik handienera, hain zuzen. Urrian egingo dute bidaia, Espainiako gainerako zentroetako irabazleekin batera. Esperientzia horren helburua ekintzaileak inspiratu eta sustatzea da, euren startup-en garapena bizkortzeko; hartara, finantzaketa bilatzeko eta euren produktuak nazioartean zabaltzeko loturak eskainiko dizkiete.

Programaren baitan, besteak beste, Google, LinkedIn eta Facebook enpresak bisitatuko dituzte; gainera, Berkeley eta Standford unibertsitate ospetsuetan hainbat hitzaldi entzuteko aukera izango dute. 52 YUZZer irabazleek Spain Tech Center (STC) zentroa ere bisitatuko dute, oinarri teknologikoko Espainiako ETEak munduko ingurune lehiakor eta dinamikoenetako batean ezartzea errazteko eta nazioartekotze-prozesua bizkortzeko helburua duena.

Ameriketako Estatu Batuetatik itzultzen direnean, 52 proiektuen egileek euren proiektuak aurkeztu beharko dituzte epaimahai baten aurrean, YUZZ programaren erakunde laguntzaileetako ordezkariek osatuko dutena. Hiru ekintzaile onenek sari ekonomiko bat jasoko dute (30.000, 20.000 eta 10.000 eurokoa) euren proiektuak bizkortu ditzaten.

Arabako proposamenik onenak

Big Visionek prestakuntza optimizatua eta digitala eskaintzen dizkie ekoizpen-lineadun enpresei, zeinetan eginkizunak pertsonek burutzen dituzten. Proiektu horren sustatzailea Clara Gómez ingeniari gaztea da. Ekoizpen-zuzendaritzan masterra dauka eta automozioan espezializatuta dago. Sektore horretako enpresetan izandako esperientzia profesionalari esker, beharrizan bat antzeman du, bere proiektuaren oinarri bilakatu dena: errealitate birtuala eta errealitate areagotua prestakuntzari aplikatzea. Proposamenak 4.0 industriaren integraziora hurbiltzeko duen gaitasuna nabarmendu zuen epaimahaiak.

Horrez gain, Clara Gómezek Teknologia Disruptiboaren Berrikuntza Sari Nazionala jasotzeko aukera izango du. Indrak sustatzen duen sari hori lortzen duenak 3.000 euro eskuratuko ditu, baita Indraventures-en aholkularitza- eta babes-programa bat ere.

Arabako YUZZ zentroak beste bi ekimen hautatu ditu, irabazlearekin batera beste sari osagarri bat jasoko dutenak: sei hilabetez BIC Arabaren instalazioetan doako espazio bat izango dute erabilgarri eta euren proiektuak garatzeko aholkularitza espezializatua jasoko dute.

Bigarren saria Maialen Ormaetxearen eta Jens Gustafssonen, Still Good proiektuak irabazi du: stock-ean eta soberan dauden elikagai ez-galkorrak kudeatzeko plataforma bat. Hain zuzen ere, Maialen Ormaetxea ekintzailea YUZZ Emakumea sari nazionala eskuratzeko zerrendan egoteko hautatu dute. Sari hori EY fundazioak babesten du, eta irabazleak proiektua bizkortzeko babesa eta 20.000 eurotan baloratutako finantzaketa jasoko ditu.

Hirugarren saria Jokin Fernándezen Dogfinder startup-ak eskuratu du. Enpresa horrek animalien munduan tokia egin nahi du, ehiztariek erakustxakurrekin dituzten arazoei erantzuna emateko.

Partekatu

Beste berri batzuk