Bigda Solutions Europako EDI programako 6 finalisten artean
European Data Incubator, EDI, bizkortze-programak, martxoan ireki zuen Europako multinazional ugarik ezarritako Big Data erronkak konpondu ahal izateko proposamenetarako deialdia. Ekimen hori Europar Batasuneko Horizon 2020 ikerketa- eta berrikuntza-programaren parte da. Europako hamabost enpresa handik, horien artean Volkswagenek, erronka bat planteatzen dute, eta programak eskainitako datu multzo bat erabilita bete beharko da. Parte-hartzaileek 100 mila euro arte lor dezakete Europako funtsetan, ezarritako mugarriak bete eta faseak gainditu ahala. Programak hiru fase ditu: arakatzea, esperimentazioa eta bilakaera. Azken fasean sartzea lortu duten 6 enpresak honako hauek dira: Amigo Climate, Bigda Solutions, Ciclo Green, Leapcraft, Lis Solutions eta Morph L.
Bigda Solutionsek Landabeneko Volkswagen (Nafarroa) lantegirako proposatutako irtenbide teknologikoa honako hau da: lantegia osatzen duten nabeak berotzen dituzten galdaren kontsumoen iragarpena egitea. Gure iragarpen meteorologikoak eta eman dizkiguten kontsumo-datu historikoak erabilita, dituzten bost galdaren konbinazioa optimizatzen dugu, gas- eta elektrizitate-kontsumoa minimizatzeko. Hala, funtzionamendu eraginkorragoa lortzen da, dauden instalazioak eta datuak erabilita, makinak aldatu edo sentsore berriak instalatu beharrik izan gabe. Emaitzak onak izan dira Volkswagenerako, eraginkortasun energetikoaren helburuetan beste urrats bat emateko aukera ikusi baitute.
LIS Solutions enpresako Juan Kempek aipatu duenez: “guretzat, aitorpen hau funtsezkoa izango da robotikaren merkatura indar handiagoaz sartzeko eta, horrekin lotuta, hazkunde handiagoa izatea ahalbidetuko digu”. Kempe da LISen proiektu zehatz honen bultzatzaileetako bat. Horren helburua da Landabeneko Volkswagen-eko fabrikako txapa arloko 600 robotek sortzen dituzten datuak aztertzea nekearekin lotutako gertakariak eta matxura posibleak iragartzeko.
Arabako Parkeko bi enpresa horiek 15.000 euroko ekarpen ekonomikoa jasoko dute orain. Zenbateko hori lehen fasean lortutako 5.000 euroei eta bigarren fasea gainditzeagatik jasotako 80.000 euroei gehituko zaie.