Bilbo neutroi-iturririk gabe geratu da

Europako espalazio bidezko neutroien iturria (ESS siglak, ingelesez) ez da Bilbon kokatuko, Lunden (Suedia) baizik. Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak atzo iragarri zuen Suediarekin negoziatzen ari dela “bi lurraldeen artean proiektu bakarra diseinatzeko”. Horren arabera, Bizkaiko hiriburuak fabrikazio eta I+G instalazioak izango lituzke, ez ordea neutroi-azeleragailua, azpiegitura nagusi hau hiri eskandinaviarrean kokatuko litzateke eta. Proposamen hau EBko Ministroen Kontseilu eskumendunak iragan ostegunean Bruselan egindako bileran hautagaitza lehiakide nagusiak Bizkaikoaren aldean babes handiagoa lortu ostean heldu da. Lehian aritu den hirugarrena, Debrecen (Hungaria), duela asko lasterketatik at zegoela irizten zen.