Bilbok ostatatutako Imaginenano 2013 topaketak 1.400 bisitari eta 275 negozio kontaktu lortu ditu enpresa topaketen bitartez

Araba

  • Eusko Jaurlaritzak ekimen bat aurkeztu du euskal industriak baldintzarik onenetan manipulatu eta erabil ditzan nano-materialak eta osasunarentzat eta ingurumenarentzat egon litezkeen arriskuak saihestu daitezen.

 

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak ekimen bat aurkeztu du gaur SPRIren Nanobasque estrategiaren bitartez, euskal industriak baldintzarik onenetan manipulatu eta erabil ditzan nano-materialak eta osasunarentzat eta ingurumenarentzat egon litezkeen arriskuak saihestu daitezen. SPRIko zuzendari nagusi Alexander Arriolak Imaginenano nazioarteko ekitaldian aurkeztu ditu ekimen horren  ildo nagusiak. Imaginenano azokak 1.400 bisitari (% 40 atzerrikoak) baino gehiago erakarri ditu eta balio izan du baita ere 275etik gora negozio kontaktu egiteko, bertan antolatutako enpresa topaketen bitartez.

Hala, Imaginenano azokaren azken jardunaldian abiarazi da Ingurumen, Osasun eta Segurtasun arloetako EHS-Advance Nanozientziaren eta Nanoteknologien Lehiakortasun Zentroa. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak zuzenduko du, GAIKER-IK4, TECNALIA eta IK4-TEKNIKER erakundeen laguntzarekin, eta erraztasunak emango ditu nanomaterialen erabilpena hedatzeko hainbat produktu eta sektore industrialetan, helburutzat harturik material berri horiek behar bezala eta segurtasunez manipulatu, erabili eta prozesatu daitezela produkzio prozesuetan eta osasun eta ingurumen arriskuak saihestu daitezela. 2 milioi euroko aurrekontua onartu da ekimen berritzaile hau garatzeko eta enpresen zerbitzura jartzeko.

Bestalde, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusi Alexander Arriolak azpimarratu du ekitaldi hau oso positiboa dela enpleguan eta ekonomian izango duen inpaktuagatik. Arriolak adierazi duenez, Europako Batzordeak eginiko azterlanen arabera, 2009tik hona nanoteknologiako produktuen bidez 254 mila milioi dolar lortu dira, eta aurreikuspenek diotenez, kopuru hori 2,5 bilioi dolarrera iritsiko da 2015. urtean. Nanoteknologiaren eragina handia izango da baita ere gizartean, zeren “2015erako bi milioi langile espezializatu beharko dira nanozientzietan eta nanoteknologietan oinarritutako ekimenetan”.

Imaginenano azokak emandako datuen arabera, 1.400 bisitarik parte hartu dute eskainitako jardueraren batean: zazpi hitzaldi zientifiko, 2.800 m²ko azalera enpresa industrialen eta ikerketa zentroen erakusketetarako, lau eguneko jardunaldi tematikoak eta nanoteknologiek sektore anitzetan (energia, osasuna, nekazaritza eta elikadura, eraikuntza, automozioa, ingurumena, osasuna eta segurtasuna, e.a.) dituzten aplikazioen esperientziak, Nanobasque-n industri foroaren markoan antolatuak.

SPRIren standaren eta Brokerage Event edo enpresa topaketen bidez, zientzia eta teknologiako aplikazio berrien erabiltzaileek aukera izan dute kontaktuak eta negozio aukerak, elkarrizketak eta lankidetza proposamenak egiteko eta proiektu bateratuak bideratzeko. Guztira, 275 negozio elkarrizketa egin dira.

 

Partekatu

Beste berri batzuk