Bilbon batzartu da G20-ren enpresa-taldea, Euskadik Industria 4.0n duen esperientzia ezagutzeko

Bizkaia

  • “B20: Ekonomia Digitala eta Industria 4.0” ekitaldia egin da gaur Guggenheim Museoan, G20-ren Business 20 negozio-komunitateko Ekonomia Digital eta Industriako bazkide aditua den TECNALIAk antolatuta
  • Bilbo hautatu du B20-k foro berezi horretarako, non 300 enpresa baino gehiago  izan diren, Industria 4.0 alorreko jardunbide egokien bila, G20-ko herrialdeei egiten zaizkien gomendioetarako inspirazio-iturri izan daitezen     
  • Ekitaldia  hasi aurretik, elkarrekin jardun dira Iñigo Urkullu lehendakaria eta Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua; TECNALIAko lehendakaria, Emiliano López Atxurra; B20-ren exekutibo gorena, Carolina Castro, eta zenbait enpresatako ordezkariak (CAF, Gestamp, Petronor eta Siemens, besteak beste).

 

B20-Lehendakari-11 1“B20: Ekonomia Digitala eta Industria 4.0” ekitaldia egin du gaur, Bilbon, Business 20-k (B20), G20-ko herrialdeekin lotura duen enpresa-taldeak alegia. Foro berezi horretan elkartu dira B20rekin harremanetan diharduten hemengo eta nazioarteko sektore pribatu eta publikoko erreferentzia nagusiak, ekonomia digitala eta Industria 4.0z hitz egitera eta eztabaidatzera, eta Euskadi izan dute enpresentzako arrakasta- eta estrategia-adibide. B20-k Ekonomia Digitalaren eta Industria 4.0ren alorrean bazkide aditu hautatu berri duen TECNALIAk antolatu du ekitaldia. Guggenheim Museoan izan da saioa, eta 300 bat euskal enpresatako ordezkariak bildu ditu.

Ekitaldia hasi aurretik, elkarrekin jardun dira Iñigo Urkullu lehendakaria eta Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua; TECNALIAko lehendakaria, Emiliano López Atxurra; TECNALIAko zuzendari nagusia, Iñaki San Sebastián; B20-ren Ekonomia Digital eta Industria 4.0ko gidaritza-taldea, Carolina Castro ordezkari nagusia buru zutela, eta zenbait enpresatako ordezkariak (CAF, Gestamp, Petronor eta Siemens, besteak beste).

Urkullu lehendakariak nabarmendu duenez, “2020an BPG industriala %  25era iristea dugu helburu. Gure ekosistema ekonomikoa erakargarriago bihurtzeko ari gara lanean, hiru ideia hauek ardatz ditugula: enpresa-kultura, digitalizazioa eta nazioarteratzea”. Azpimarratu du, bestalde, berrikuntzaren kultura enpresa txiki eta ertainetara hedatu behar dela, Euskadiko ekoizpen-sareko enpresen % 90 inguru ETEak baitira.

Lankidetza ere funtsezkotzat jo du lehendakariak: “Euskaraz, ‘auzolana’ deitzen diogu, hau da, denon onerako egiten den elkarlana. Gure herrian sustrai sendoak ditu lan egiteko era horrek”, esan du.

Inaugurazio-ekitaldian, berriz, TECNALIAko lehendakari Emiliano López Atxurrak adierazi du “euskal industria, TECNALIArekin elkarlanean, bere ekoizpen-ahalmenak eta produktuak batez ere energiaren eta mugikortasunaren eremu zorrotz eta lehiakorrera egokitzeko egiten ari den lanaren aintzatespena” dela ekitaldia. “Guretzat” —azaldu du— “garrantzitsuak dira lan-plataforma horiek, aukera ematen baitigute nazioarteko agendan txertatzeko munduko ekonomian ETE-ek duten garrantzizko eginkizuna”.

B20-ko xerpa exekutiboCarolina Castrok, berriz, hau adierazi du: “Ekonomia digitalak berekin dakarren laugarren iraultza industrialak gobernuen eta enpresa handi zein txikien arteko elkarlana behar du berrikuntza teknologikoa bultzatzeko. Horregatik antolatu du ekitaldi hau B20-k, Bilbon, kudeaketa-jardunbide egokiak bilatzeko, inspirazio-iturri izan dakizkigun G20-ko herrialdeei egiten dizkiegun gomendioetarako”.

BBVAko administrazio-kontseiluko kide José Manuel González-Páramok, berriz, hau adierazi du: “Teknologikoari dagokionez, baikorrak gara BBVAkook. Elkarlanean jardun behar dugu sektore pribatuak eta publikoak, denon eskura jartzeko aro berri honek dakarzkigun aukerak”.

Ondoren, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak, Arantxa Tapiak, Industria 4.0ren alorreko euskal enpresen esperientzia aurkeztu du, eta adierazi du konektibitate onena duten Europako herrialdeen artean dagoela Euskadi. Laugarren iraultza industrialean enpresa txikiak eta ertainak atzera gera ez daitezen zer ekimen ari diren bultzatzen Euskadin azaldu du sailburuak: “Ezin dugu onartu bi abiadurako industriarik, horrek sistemaren lehiakortasuna galgatu eta zigortu egingo bailuke”, esan du.

Sailburuak adierazi duenez, “Euskadik azpiegitura irekiak eskaintzen dizkie ETE-ei (adibidez, Digital Innovation Hub proiektua eta Zibersegurtasunaren Euskal Zentroa), teknologia aurreratuak probatu behar dituzten enpresa txiki eta ertainek horretarako aukera izan dezaten, bestela ezinezkoa baitzaie entsegu horien kostua ordaintzea”.

Jorge Aguado mintzatu da jarraian, hots, Argentinako Gobernuko Zientzia eta Teknologiako Politiken eta Ekoizpeneko Berrikuntzaren idazkaria eta G20-ko Ekonomia Digitaleko lantaldeko troikako kidea. Aguadok azaldu duenez, hau du lehentasun nagusia Argentinak, G20-ren hurrengo anfitrioiak, alegia: “Behar adinako adostasuna lortzea munduko herrialde desberdinetan hazkunde jasangarria eta bidezkoa izan dadin. Horretarako, hiru ardatz hauen inguruan jardungo gara: elikadura-segurtasun jasangarria, garapenerako azpiegiturak eta lanaren etorkizuna”.

Maurits Butter, Herbeheretako TNO-ko Berrikuntza Politikako ikertzaile seniorra eta Europako berrikuntza hubetan aditua, bere herrialdeko industria adimendunaren helburuez mintzatu da: “Agenda bateratua antolatu behar dugu herrialdeko administrazioaren eta industriaren artean, eta zeregin horretan eredugarria dugu Euskal Herria. Agenda politikoan txertatu behar da industria, eta gobernuaren laguntza lortu.

Arrakasta izan duten zenbait enpresa

Ondoren, industriako digitalizazioaren zenbait esperientzia arrakastatsuren adibideak azaldu dituzte erreferentziako enpresa batzuetako ordezkariek. Siemens Españako lehendakari eta zuzendari nagusi Rosa Garcíak bestalde, hau esan du: “Joera berri bat sumatu genuen duela 15 urte baino gehiago, digitalizazioa, baina ez genuen asmatu hura interpretatzen”. Garcíak adierazi duenez, erabat aldatu ditu teknologiak bezeroen premiak eta, horrenbestez, enpresa barruko arauak. “Enpresa industrial bat gara, eta eraldaketa sakon bat egiteko behar ziren neurriak hartu genituen; izan ere, enpresaren bihotza ez ezik bezeroekiko harremana ere digitalizatu behar genuen”, azaldu du Siemens Españako lehendakariak.

GESTAMP-eko Informazioaren Teknologien alorreko zuzendari korporatiboak, Pablo de la Puentek, berriz, beste hau gogoratu du: “2014an ekin genion enpresa digitalizatzeko prozesuari. Lehen, sistemez mintzatzen ginen; orain, aldiz, big dataz. Eta eraldaketa digital hori hiru ardatz nagusi hauen inguruan egin du GESTAMPek: pertsonak, sistemak eta teknologia. Noski, prozesu hori bultzatzeko laguntza ematen diguten erakundeen sarea ere aipatu beharra dago”.

CAFeko digitalizazio-arduradun Iñigo Ona, berriz, bere enpresa barruko esperientziaz mintzatu da: “Lehen mailan jokatzen dugu, bai produktuari bai zerbitzuari dagokienez, eta badira urte batzuk digitalizazio-prozesuari ekin geniola, bi helburu hauek lortzeko: tren eraginkorragoak egitea, produktuaren kostu orokorra jaitsiz, eta gure prozesuak hobetzea. Labur esanda, tren digitalak egiten ditugu lantegi digital batean”.

Azkenik, Petronor Innovacióneko Elías Unzuetak Europako petrolio-finketaren egoera izan du hizpide, eta gogoratu du 29 findegi itxi direla azkeneko hamar urteotan:  “Konpainia eraldatu beharra daukagu, sektorearen egoerari aurre egiteko, eta uste dugu digitalizazioa tresna ezin hobea dela lehia-ingurune berri horretan bizirik irauten laguntzeko. Honenbestez, hiru helburu hauetara bideratzen ditugu gure ahaleginak: segurtasuna, eraginkortasuna eta fidagarritasuna”.

B20-ren antolatzaileetako batek, Fernando Landak, egin du moderatzaile-lana enpresarioen bilkuran. Landaren iritziz, “lanaren etorkizuna da G20-ren lehentasunetako bat, eta gai hori estu loturik dago ekonomia digitalarekin eta ekoizpen-eredu berrien eraginarekin. Zenbait proposamen zehatz ari da aztertzen B20 gai horiek direla eta”.

Ekitaldia antolatzen lagundu dute Eusko Jaurlaritzak, BBVAk eta ELAN Network-ek ere, eta guztiek azpimarratu dute lankidetza oso garrantzitsua dela estrategia jasangarriak eratzeko ahaleginean.

B20-ri buruzko zenbait datu

G20-ko herrialde-taldearekin lotura duen negozio-komunitatea da Business 20 (B20), eta hau du helburu: politika publikoko gomendioak helaraztea herrialde horietako estatuburuei eta ministroei.

Tecnaliari buruz

Ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da Tecnalia, erreferentziakoa Europa osoan. Hogeita hamar herrialdetako 1.400 aditu ditu, guztiak ere teknologia BPG bihurtzen saiatzen direnak gizakion bizi-kalitatea hobetzearren, enpresentzat negozio-aukerak sortuz.

Industria-enpresetan eraldaketarako teknologia berriak ezartzeko prozesuan katalizatzailea den aldetik, TECNALIA B20-ko kontzeptu-bazkidea izatera iritsi da Industria 4.0ren esparruan.

Partekatu

Beste berri batzuk