Bioplastikoen industriak bere garapena bizkortu du kontsumitzaileen eskariak asetzeko

Hedatuz doan merkatua. Horixe da bioplastikoak ekoizteaz eta eraldatzeaz arduratzen den industriaren etorkizuna, sektoreko enpresarien arabera. Aipatu enpresariak iragan astean GAIKER-IK4 Zentro Teknologikoan egindako jardunaldian bildu ziren material berriztagarrien, hain zuzen ere, bioplastikoen sektoreko egungo eta etorkizuneko garapenak aurkezteko helburuarekin. Zientifikoki onartutako arauen irizpide guztiak betez, baliabide berriztagarrietan oinarritutako edo/eta biodegradagarria den plastikoa bioplastikotzat ulertzen da.

Jardunaldian bioplastikoen egungo egoeraren analisia aurkeztu zen, material horien aplikaziorik garrantzitsuenak aztertuz. Hala, agerian jarri zen material plastikoen talde berri hau garapen fasean erabat murgilduta dagoela eta aurreikuspenen arabera, nabarmen haziko dela hurrengo urteotan, batez ere kontsumitzaileen eskari geroz eta handiagoaren eta legeri espezifikoen garapenaren ondorioz. Zentzu horretan, bioplastikoak ekoiztu eta eraldatzen dituzten enpresak eskari hori aseko duten geroz eta aplikazio gehiago garatzeko ahalegin handietan dabiltza. Nolanahi ere, bistan geratu zenez, oraindik ere beharrezkoa da material mota honen gainean azterketa eta lan gehiago egitea, material horiek ohiko plastiko fosilen baldintza baliokidetan ekoitz daitezen. Honela, produktu berriak garatzeko orduan beharrezkoa da diziplina anitzeko tresnak erabiltzea, hala nola, bizi-zikloaren analisia, zeinen bidez material berrien eragin globala, ohiko materialekin alderatuta, azter daitekeen ekoizpen jasangarria lortzeko helburuarekin.