Bizkaiko golkoan berdel- eta txitxarro-arrautzen ekoizpena kalkulatzeko kanpaina bat jarri du martxan AZTIk

Bizkaia

AZTIko 12 zientzialarik hiru astez laginak hartuko dituzte Ramón Margalef ontzi ozeanografikoan

 Ikertzaileak hilaren 19an abiatuko dira, larunbatarekin, Pasaiako portutik (Gipuzkoa)

 Azterketa, TRIENAL izenekoa, hiru urtez behin egiten da, eta Ipar-ekialdeko Atlantikoan bi espezie horien biomasa osoa zenbat den kalkulatzen laguntzen du.

IMGP9273AZTI itsasoaren eta elikagaien berrikuntzan aditua den zentro teknologikoaren 12 zientzialarik osatutako talde bat hilaren 19an abiatuko da (larunbatarekin), Pasaiako portutik (Gipuzkoa), berdel- eta txitxarro-biomasa ebaluatzeko kanpaina berri bat egiteko. TRIENAL 2016 izeneko kanpaina Ramón Margalef ontzi ozeanografikoan egingo da, eta, hiru astez, bi espezie horien Bizkaiko golkoko populazioa aztertuko dute. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak (Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetza) eta Europako Batzordeak finantzatu dute ikerketa.

TRIENAL kanpainak berdel- eta txitxarro-biomasa kalkulatzen du “arrautza-ekoizpena” izeneko metodo baten bidez. Planktonean errunda dauden arrautza-kopuru osoa aztertzen du metodo horren bitartez; izan ere, kopuru hori arrainen batez besteko ugalkortasunarekin (hau da, eme bakoitzak ekoizten dituen arrautzen batezbestekoa) korrelazioan dago. Ugaltzaileen biomasarekiko proportzionala izango da emaitza.

Ikertzaileak Bizkaiko golkoan ibiliko dira plankton-laginak eta bi espezie horien espezimen helduak bilduz, zeinak oso preziatuak baitira merkatuan. Hiru urtez behin egiten da kanpaina, eta Ipar-ekialdeko Atlantiko osoa, Portugaletik Norvegiaraino, hartzen duen nazioarteko laginketa-plan baten parte da. Nazioarteko azterketa otsailetik abuztura arte egiten da, aldi horretan erruten baitute berdelek eta txitxarroek. TRIENAL 2016 kanpainaren barruan, bigarren espedizio bat egingo da maiatzean, eta ondorio orokorrak irailean aurkeztuko dira ICES WIDE lantaldean (WGWIDE “Widely Distributed Stocks”).

TRIENAL kanpainak, berdela eta txitxarroa espezifikoko ikertzeaz gain, beste lan zientifiko batzuk ere egiten ditu, hala nola legatzaren iparraldeko stockaren erreklutamenduaren dinamika aztertzen du Bizkaiko golkoko iparraldean, eta ekosistema pelagikoa (itsas azaleratik gertuen dagoena), non fitoplanktona, zooplanktona eta arrainak sartzen baitira. Gainera, bi zientzialari espezialistak goi-harraparien (itsas hegaztiak eta itsas ugaztunak) ugaritasuna erregistratuko dute, harrapakarien eta harrapakinen artean zer interakzio sortzen diren aztertzeko.

AZTI erreferente bihurtu da merkataritza-balio handiko arrantza-espezien biomasaren azterketan. BIOMAN eta JUVENA kanpainak ere egiten ditu zentro teknologikoak, Bizkaiko golkoan antxoa-biomasa nolakoa den jakiteko. AZTIK honelako ikerketa bati ekiten dion bakoitzean, aztertutako arrainaren balio-katean parte hartzen duten eragile guztiei jakinarazten die martxan jarri dela.

Berdelaren arrantza-tokiaren egoera

Berdelaren arrantza-tokiak Ozeano Atlantikoko ur guztietan daude, Norvegiatik hasi eta Portugaleraino. Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Batzordeak (ICES ingelesez) adierazi du berdel-stock handia dagoela Europan eta hiru eremu geografikotan banatuta dagoela, arrautzak erruteko eremuen arabera: hegoaldean (Bizkaiko golkoa), mendebaldean eta Ipar itsasoan. Nazioartean, azken hamarkadan, 318.000 tonatik 1.388.000 tonara bitarte berdel harrapatu dira, eta haietatik gehiena Europako mendebaldean izan da.

Hegoaldeko harrapaketak asko hazi ziren 1994 eta 1997 bitartean, eta, batez ere, Kantauriko erlaitzeko arrantzaleen esku egin ziren. Hamarkada honetan, hegoaldeko harrapaketak 50.000 bat tonatan egonkortu dira. 2009an asko igo zen: 108.000 tonatara iritsi zen.

Hauek dira Espainiari eta Europari azken urteotan, aurten barne, dagozkien kuotak:

2014: Espainia: 46.710 t Europa: 613.317 t

2015: Espainia: 39.702 t Europa: 521.689 t

2016: Espainia: 33.747 t Europa: 429.746 t

Txitxarro-harrapaketen beherakada

Europan, 2000tik 2015era bitartean, 167.000 tona txitxarro harrapatu ziren batez beste; laurogeita hamarreko hamarkadan baino % 46 gutxiago. EAEko eta Espainiako floten harrapaketak txikiak dira gainerako herrialdeekin alderatuta, nahiz eta igoera nabarmena izan zuten 2010 eta 2011. urteetan. Urte horietan, historiako harrapaketarik handiena egin zuten: 38.700 tona. Azken urteotan harrapaketak 28.000 tonatik behera izan dira.

Joan den mendeko laurogeiko hamarkadan, txitxarro-harrapaketak oso handiak izan ziren, 1982. urtean igoera handia izan baitzen jaiotza-tasan. Belaunaldi horren beherakadaren eta desagertzearen ondoren, harrapaketak nabarmen txikiagotu ziren. Nazioarteko harrapaketak eta, bereziki Norvegiakoak, asko jaitsi dira azken urteotan.

Partekatu

Beste berri batzuk