Bizkaiko Parkeak Estatuko Parke Zientifiko eta Teknologikoen “Jardunbide onenaren saria” jaso du

Bizkaia

Aurkeztutako hautagaitza, “Smart incubation: Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoko inkubazio-eredu aurreratu berria”, gailendu da Estatuko  gainerako Parkeek aurkeztutakoen artean.

Sari hori ematerako orduan, ekimenaren alderdi berritzailea zein ekimenak Bizkaiko parkean dauden erakundeetan duen eragina baloratu dute.

unspecifiedAPTE Parke Teknologikoen Espainiako Elkarteak Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoak aurkeztutakoari eman dio Parke Teknologikoen jardunbide onenaren saria.

APTEk Granada hirian egin duen Nazioarteko XIV. Konferentziaren barruan eman du sari hori; aipatutako konferentzia egin da Parke Zientifiko eta Teknologikoen X. Iberiar Topaketarekin batera. Han izan dira Espainia eta Portugaleko Parke Zientifiko eta Teknologikoetako ordezkariak eta profesionalak.

“Smart incubation: Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoko inkubazio-eredu aurreratu berria” saritutako ekimenari dagokionez, batez ere baloratu dute eredu hori espezializatuta dagoela Euskadiko Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin (RIS3) lerrokatutako lehentasunetan; bertan sartzen dira bio-mikro-nanozientzietako teknologiak, fabrikazio aurreratua eta energia eta teknologia garbiak. Euskadi oso espezializatuta dago eta gaitasun handia dauka teknologia horietan.

Bizkaiko Parkearen Bic Bizkaia inkubazio-zentroaren gaitasun handia ere saritu nahi izan du epaimahaiak; zentro hori Bizkaiko Foru Aldundiak –Beaz sozietatearen bitartez–, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Parke Teknologikoak berak sustatu dute elkarrekin.

Konferentzian parte hartu dutenek aukera izan dute aurkeztutako eredua eta eredu horren ezaugarri nagusiak ezagutzeko, Cristina Andres Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoko Berrikuntza Zuzendariaren eskutik.

2014an sortu zen sari hori, eta parkeak kudeatzen dituzten erakundeek haien jardun-esparruan martxan jartzen dituzten jardunbiderik onenak saritzen ditu. Aurtengo honekin, dagoeneko hiru urtetan jaso du sari preziatu hori Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoak.

Partekatu

Beste berri batzuk