Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak eskeinitako zerbitzuek kalifikazio oso ona jaso dute bezeroengandik

Bizkaia

 

• Bezeroenganako arreta zerbitzuak jaso du baloraziorik onena, 8,63ko notarekin.

• Asebetetze inkesta, bezeroen asebetetze maila ezagutu eta hobetzeko neurriren bat hartzeko premiarik dagoen jakiteko Parkeak duen tresnetako bat da.

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak 2011.urtean bere bezeroei emandako zerbitzuen balorazioa egin du. Urtero egiten den asebetetze inkestak, bezeroak zerbitzuekin gustora ote dauden eta hobekuntza neurriren bat abiarazteko beharrik ote dagoen erakusten dio Parkeari. Iaz bezala, aurten ere web formatuan egin da inkesta eta paperean egiten zenean baino erantzun zabalagoa izan du enpresen aldetik.

Hiru eremuri buruzko ebaluazioa egiten du inkestak: arreta zerbitzua, azpiegiturak eta zerbitzu orokorrak. Bezeroenganako arreta zerbitzua da, beste urte batez, notarik altuena jaso duena, batezbeste 8,63koa hain zuzen ere. Arlo honen barruko atal guztiek jaso dute 8tik gorako kalifikazioa

Zerbitzu orokorren arloari batezbeste 7,86ko kalifikazioa eman diote bezeroek, Teknologi Parkeko harrera izanik balorazio handiena lortu duena, 8,41.

Azpiegitura arloak 7,57ko batezbesteko kalifikazioa lortu du; arlo honen barruan Parkearen kontserbazio orokorra izan da emaitzarik onena atera duena, 8,57.

Aparkalekuak eta seinaleztapena izan dira notarik baxuena jaso dutenak, 5,78 eta 6,29 hurrenez hurren; hala ere, iaz baino kalifikazio hobea jaso dute bai batak baita besteak ere. Aparkalekuari dagokionez, azken urteotan Parkeak hainbat ekimen abiarazi ditu, arlo hau hobetzeko, esate baterako, kotxea partekatzeko egitasmoa edota 205-207 eta 500-502 eraikinetik gertu aparkaleku berri bat eraikitzea. Era berean, Teknologi Parkeak erakunde publiko desberdinekin elkarrizketak egiten jarraitzen du garraio publikoa hobetzeko neurriak har daitezen.

Seinaleztapena dela eta, 4 panel handi jarri dira Parkeko toki estrategikoetan. Aldi berean, 2011ko amaieran “berrikuntzarako minutua” ekimena egin zen, seinaleztapena hobetzeko proposamenak biltzeko asmoz. Ekimen honen ondorioz, hainbat hobekuntza identifikatu dira, hurrengo hilabeteetan aztertuko direnak.

Iturria: Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea

Data: 2012/02/29

Partekatu

Beste berri batzuk