Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen 35. urteurrena ospatzeko erakusketa Deriora iritsi da

Albisteak, Bizkaia, Konpromisoa

Burdinazko, altzairuzko eta hormigoizko 10 monolitok parkeak garapen ekonomikorako zentro eta I+G polo gisa duen garrantzia hurbilduko diete herritarrei, 20 argazki artistikoren, azalpen-panelen eta QR kodeen bidez

Erakusketa Esther Apraiz alkateak eta Itziar Epalza Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko zuzendariak inauguratu dute gaur, eta urriaren 12ra arte egongo da ikusgai, Aralar kaleko oinezkoen eremuan

‘Ezagutu non sortzen den gure etorkizuna’ lelopean, erakusketak parkeak Euskadiko ongizateari, oparotasunari eta jarduera ekonomikoari egiten dion ekarpena erakutsi gura die herritarrei

Irudiak Pedro Luis Ajuriaguerra muskiztarraren lanak dira. Nazioarteko hainbat lehiaketatan aintzatespena lortu duen autodidakta argazkigintza arkitektonikoaren arloan nabarmentzen da

 1985ean, Parkea apustu ausarta izan zen, aitzindaria Estatuan, eta gaur egun 270 enpresa baino gehiago hartzen ditu, guztira, 3.300 milioi eurotik gorako fakturazioarekin, eta urtean 300 milioitik gorako inbertsioekin I+G jardueretan

Derioko Aralar kalean erakusketa berezi bat egongo da gaurtik aurrera, aire zabalean: bere 35. urteurrena dela eta irudi, azalpen-panel eta QR kodeen bidez Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen (BPZT-PCTB) historia, ibilbidea eta egungo errealitatea azaltzen dituzten burdinazko, altzairuzko eta hormigoizko 10 monolito. Erakusketa Abanto-Zierbenan, Leioan eta Bilbon egon da ikusgai aurretik, eta Aralar kaleko oinezkoen eremuan instalatu da, urriaren 12ra arte. Bizkaiko ibilbidea datorren hilean Zamudion amaituko duen erakusketa ibiltari honen azkenaurreko ‘geltokia’ Derio da

‘Ezagutu non sortzen den gure etorkizuna’ erakusketa Esther Apraiz alkateak eta Itziar Epalza Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko zuzendari nagusiak inauguratu dute gaur goizean, beste agintari eta gonbidatu batzuen artean. Biek nabarmendu dute Bizkaiko ekonomiak eraldaketa handia izan duela, 1985ean, I+G+b-ri esker egungo industria-jarduerari balio erantsia emango zioten enpresak erakarriz eta ingurune natural batean kontzentratuz, eta, aldi berean, aberastasuna eta enplegua sortzeko iturri berriak bultzatuz, krisia gainditzea erabaki zenetik. Jatorrizko parkearen okupazio-mailek planteamendu horren egokitasuna erakutsi zutenean, Derio eta, zehatzago esanez, abeltzaintza hobetzeko landetxeko lurrak, azpiegitura-eredu hori sendotzeko apusturik onena bihurtu ziren. Handitze horrek behin betiko sendotu zuen Parkea nazioarteko erreferente gisa, eta asko lagundu zion autofinantzaketari.

Handitzera bideratutako lursailen urbanizazioa parkearen eskaerarekin bat etorriz egin zen, herriko gobernu-taldeen etengabeko lankidetzari esker. Talde horien buru Juan Miguel Atxutegi, Lander Aiarza eta Esther Apraiz izan dira, hurrenez hurren, Derioko etorkizuna Estatuko berrikuntza-polorik garrantzitsuenetako batekin batzeak zuen garrantziaz jabetuta. Aberekin, Neiker edo Azti parkeak Derion dituen lurretan egoteak agerian uzten duen bezala, berrikuntza horrek,  industriarekin lotuta egoteaz gain, aurrekoa bezain garrantzitsua den landa-tradizioa ere jaso eta modernizatu dezake.

‘Ezagutu non sortzen den gure etorkizuna’

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak (BPZT/PCTB), lurralde honetan eta Euskal Autonomia Erkidego osoan ekonomiaren, zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren arloko zentro nagusietako batek, hiru hamarkada eta erdiko jarduera ospatu gura du, herritarrei bere historia, ibilbidea, egungo errealitatea eta etorkizuneko planak ezagutaraziz. Horretarako, erakusketa berezi hau Abanto-Zierbenatik, Leioatik eta Bilbotik igaro da eta Derion (urriaren 12ra arte) eta Zamudion (urriaren 15tik aurrera), ikusi ahal izando da, APTEren (Parke Zientifikoen eta Teknologikoen Estatuko Elkartea) biltzarrarekin batera. 10 monolitoak, ondoren, modu iraunkorrean instalatuko dira BPZT-PCTBn.

‘Ezagutu non sortzen den gure etorkizuna’ lelopean, aire zabalean ikusteko diseinatutako erakusketa da, eta burdin forjatuz eta corten altzairuz egindako 10 monolito handi ditu. Bi aurpegietan Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen 20 irudi ageri dira, azalpen-panel elebidunekin, eta mugikorraren bidez hainbat azalpen-bideo eskuratzeko aukera ematen duen elementu interaktibo batekin batera (QR kodeak).

Ezohiko formatuarengatik, eta Pedro Luis Ajuriaguerra muskiztarrak Parkearen historia, ibilbidea eta egungo eta etorkizuneko errealitatea islatzeko aukeratu dituen irudiengatik nabarmentzen da erakusketa. Artista autodidakta da, lehiaketa eta erakusketa ugariren bidez nazioartean errekonozimendua lortu duena, eta argazkigintza arkitektonikoaren arloan nabarmentzen dena.

Erakusketa gaikako hainbat arlotan egituratzen da: parkearen jatorria, ingurune pribilegiatua eta ingurune naturalaren iraunkortasunaren eta zaintzaren aldeko apustua, horrek bultzatu duen industria eta ikerketa binomioa, teknologiaren sustapena, bere barruan garatu diren hainbat sektore eta zentro teknologiko, eta baita Derio-Zamudioko jatorrizko egoitzatik kanpora egin diren hedapenak ere: UPV/EHUren Zientzia Parkea eta Bizkaiko etorkizuneko Teknologia Parkea Ezkerraldea-Meatzaldean, energiaren sektorearekin lotutako jarduerak erakarriko dituena.

Nazioarteko erreferentea

Erakusketaren ekimenaren helburua Bizkaiko eta Euskadiko garapen ekonomikorako oso garrantzitsua izan den azpiegitura baten balioa nabarmentzea eta herritarrengana hurbiltzea da. Baina ez du bere zeregina aberastasuna eta enplegua sortzera mugatu, aldi berean, teknologiaren eta talentuaren berrikuntzaren eta garapenaren polo gisa erreferentzia ere izan da.

Parkearen sorrerak, ordura arte ezezaguna zen berrikuntza ekarri zuen, eta Eusko Jaurlaritzaren apustu ausarta eta irmoa izan zen. Apustu horrek baliabide ugari behar izan zituen, eta beste erakunde publiko batzuen laguntza jaso zuen. Gaur egun, 35 urte geroago, apustu hori erreferentea da nazioartean. Talentu- eta ezagutza-ekosistema batean dauden teknologia handiko enpresek funtsezko berrikuntza-gune garrantzitsua bihurtu dute BPZT/PCTB Euskadiren garapen ekonomikorako.

Parkeak 270 enpresa baino gehiago hartzen ditu gaur egun, 3.300 milioi euro baino gehiagoko fakturazio bateratuarekin eta urtean 300 milioitik gorako inbertsioekin I+G jardueretarako. 11.000 pertsona inguru ari dira parkean lanean; horietatik %7k doktoretza du, % 57k unibertsitate-titulua, eta % 20k 30 urte baino gutxiago ditu.

Bertan finkatutako enpresak liderrak dira Eusko Jaurlaritzaren 2020rako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean estrategikotzat jotzen diren sektoreetan, aeronautikan, automozioan, elektronikan, energian, ingurumenean, ingeniaritzan, medikuntzan eta biozientzietan edo informazioaren teknologietan, besteak beste. Halaber, hauek ere presentzia garrantzitsua dute parkean: enpresa klusterrak eta elkarteak, unibertsitateak eta prestakuntza zentroak, Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerkuntza Zentroak (BERC), berrikuntza eta inkubazioa bultzatzeko eragileak, talentuari laguntzeko zentroak, fabrikazio aurreratuko zentroak, korporazioak eta zentro teknologikoak.

Partekatu

Beste berri batzuk