Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen parte-hartzea izan duen proiektu bat saritu du Europar Batzordeak

Bizkaia

  • Zero-Hytechpark, LIFE+ iraunkortasun programa europarraren esparruan garatutako egitasmorik onena izendatu dute 2014ean.
  • Duela bi urte, Europar Batzordeak Bizkaiko Parkea zoriondu zuen, BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentroaren bidez egiten ari zen proiektuaren hedapenagatik.

BTEK_Hidrogeno ModuluaEuropako Batzordeak Best LIFE Project 2014 saria eman dio Zero-Hytechpark proiektuari. Egitasmo honetan Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak hartu du parte, Huescako Walqa Parkea, Andaluziako Parke Teknologikoa eta Aragoiko Hidrogenoaren Fundazioarekin batera.

Sariaren jakinarazpenarekin batera, Batzorde Europarrak zorionak eman dizkie proiektuko bazkide izan direnei, euren artean Bizkaiko Parkea, aurkeztutako dokumentazioaren kalitateagatik eta proiektuaren garapenean lortutako emaitzengatik.

Zero-Hytechpark, Europar Batasunaren LIFE+ programaren barruan kokatzen da, 2010-2014 urte bitartean garatutakoa eta honako helburu hau duena: Teknologi Parkeetan iraunkortasun osoa lortzeko neurriak abiaraztea, energia berriztagarrietan eta hidrogenoaren teknologietan oinarritutako sistemen bidez energiaren kudeaketa hoberena eginez

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak proiektuan izan duen parte-hartzea, Parkeak iraunkortasunarekiko duen konpromisoa gauzatzeko aukera izaten da; eta baita bere lan onagatik aintzatestapenak jasotzeko aukera ere. Izan ere, 2013ko uztailean, Europar Batzordeak Parkea zoriondu baitzuen Zero-Hytechpark eta hidrogenoaren teknologien hedapenean egiten ari zen lanagatik.

BTEK, Teknologiaren Interpretazio Zentroa da, hain zuzen ere, proiektuaren hedapenaren gune nagusia; bertan modulu bat dago, iraunkorra eta interaktiboa, hidrogenoaren teknologiak zer diren azaltzen duena. Moduluaren osagarri, hidrogenoaren teknologiei eta energia berriztagarriei buruzko tailer praktikoa du BTEKek, hidrogenoaren teknologiek egoera desberdinetan nola funtzionatzen duten erakusten duena.

Best LIFE Project 2014 sariaren banaketa ekitaldia, datorren udaberrian egingo da Bruselan.

Partekatu

Beste berri batzuk