Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko inkubazio-eraikin berriko lehenengo solairua egokitzeko obrak esleitu dira
612 eraikina oinarri teknologikoko enpresa berrien inkubaziorako izango da. Esleipen-aurrekontua 3.150.000 eurokoa da eta obrak urte baten buruan amaitzea aurreikusten da. 612 eraikinak, Parkeak eraikitako azkenekoak, LEED Silver ziurtapena jaso du.
BZTP, 2012/05/08
Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak SACYR eta FEBIDE enpresek osatutako ABEEri esleitu dizkio 612 eraikineko —Parkeak eraikitako azkenekoa— lehenengo solairua egokitzeko obrak, 3.150.000 euroko zenbatekoaren truke. Aurreikuspenen arabera, obrek 12 hilabete iraungo dute gehienez eta, ondoren, azpiegitura berriak aurreneko proiektuak hartu ahalko ditu.
9.000 m2-ko azalera eraikia duen eraikinak hainbat espazio izango ditu oinarri teknologikoko enpresa berrien inkubazioa helburu duten ekimen eta proiektuak hartzeko. Lehenengo solairuan —esleipenaren xedea— laborategi-moduluak egongo dira, kimika instrumentalerako hainbat gela, balantzak, mikroskopioak, erreaktiboak prestatuko dira, gas sendagarriak, etab.
Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen azpiegitura berri horrek nazioarteko aitorpenik garrantzitsuenetako bat jaso du energiaren eraginkortasunari eta iraunkortasunari dagokionez, LEED Silver ziurtapena, alegia.
Mota guztietako eraikinen iraunkortasunerako estrategiak erabiltzeari buruzko norma-multzoa biltzen du Green Building Certification Institute institutuak ematen duen ziurtapena. Eraikuntza-proiektuan, besteren artean, ondoko alderdiak jasotzean oinarritzen da: eraginkortasun energetikoa, ordezko energiak erabiltzea, barruko ingurumen-kalitatea hobetzea, ur-kontsumoaren eraginkortasuna, lursaileko espazio libreen garapen iraunkorra eta materialak hautatzea.