“Blockchain” sistemaren aplikazioak 4.0 Industrian”
Tecnaliak Blockchain Laborategi Industrial berria abiarazi du, bere bitartez blockchain sistemaren aplikazioak ikertzeko eta, bide horretatik, teknologia hori 4.0 Industria bezalako esparruetan erabiltzeko
Gero eta ezagunagoa da “Blockchain” teknologia. Teknologia horrek aukera ematen digu informazio digitala trukatzeko plataforma bateko kideen artean. Informazio hori kriptografikoki babestuta dago, eta sareko parte-hartzaile guztiek eskura ditzakete datu berdinak, beraz, ezin dira aldatu denen baimenik gabe. Ez dago informazioa aldatu dezakeen administratzaile bakarrik. “Blockchain” baten abantaila nagusiak dira informazioa ez dagoela zerbitzari bakar batean zentralizatuta eta datuak ezin direla aldatu.
“Blockchain” sistema 2008an sortu zen, baina urtebete geroago jarri zen martxan teknologia horretan oinarritutako lehen proiektua: Bitcoin kripto-txanpona. Azken urteotan hasi gara deskubritzen “blockchain” sistemak hainbat sektoretan izan ditzakeen aplikazioak, esaterako, finantzetan (“fintech”), osasun arloan, merkataritza elektronikoan edota 4.0 Industrian.