Bularreko tumoreetako zelulak elkarrekin nola komunikatzen diren azaltzen duen mekanismoa aurkitu dute

Albisteak, Gipuzkoa

Ikerketak lehenengo aldiz frogatu du Onkostatina M zitokinak mezulari-lana egiten duela immunitate-sistemako zelulen, minbiziko zelulen eta tumoreari lotutako fibroblastoen artean

Mezulari honen aktibazioak bularreko minbiziaren eta metastasiaren aurrerakada sustatzen du

Aurkikuntzari esker, estrategia berriak garatu ahal izango dira bularreko minbiziaren aurka borrokatzeko

Biodonostia Osasun Ikerketarako Institutuko Bularreko Minbiziaren Taldeko Buru dabilen Ikerbasqueko eta Miguel Serveteko ikertzaile Maria Caffarel doktorearen taldeak The Journal of Clinical Investigation aldizkarian argitaratutako ikerketa batek lehenengo aldiz frogatu du, hantura errazten duen Onkostatina M (OSM) zitokinak bularreko minbiziaren eta metastasiaren aurrerakada sustatzen dituela, tumorearen mikrogiroko populazio desberdinen arteko mezulari-lana eginez.

Tumoreetan minbizi-zelulak daude, baita immunitate-sistemako zelulak, odol-hodiak osatzen dituzten zelula endotelialak eta tradizionalki euskarri-zelulatzat jo izan diren fibroblastoak ere, besteak beste. Batzuetan, tumorearen mikrogiroa deritzona osatzen duten zelula horiek guztiek tumorearen aurrerakada errazten dute. Zelulen populazio desberdinak elkarren artean nola komunikatzen diren ulertzea funtsezkoa da minbiziaren aurkako estrategia eraginkorrak diseinatu ahal izateko. Immunitate-sistemak zitokinak deritzen molekulak erabiltzen ditu seinaleak bidaltzeko. Biodonostia OIIko Bularreko Minbiziaren Taldeak frogatu ahal izan duenez, OSM zitokina mezularitzat erabili ohi dute tumorearen mikrogiroko populazio desberdinek minbiziaren zelulekin komunikatzeko.

OSMaren bidez, halakoxe ‘menage-à-trois’ bat egiten dute minbiziaren zelulek, immunitate-sistemako makrofagoek eta tumoreari atxikitako fibroblastoek, bularreko minbiziaren eta metastasiaren aurrerakada erraztuz”, azaldu du Caffarelek. Lehenengo pausoa OSMaren bidea eta honen hartzailea blokeatzea izan da, bularreko minbiziaren animalia-ereduetan.

“Bide hori itxita zegoenean, bularreko tumoreen hazkundea txikiagoa zela egiaztatu genuen, tumore horiek ez zirela hain oldarkorrak, eta nabarmen murriztu zen biriketan metastasia zuten saguen kopurua”, ziurtatu du Angela Araujo ikerlanaren sinatzaile nagusiak, eta jarraian, hauxe gaineratu du: “Bide hori tumoreen mikrogiroan soilik blokeatzen genuenean, minbiziaren zeluletan blokeatu gabe, ondorioa berbera izan zen, eta horrek eman zigun aditzera mikrogiroa oso garrantzitsua dela OSM bidezko seinaleztapenean”.

Angela Araujo eta Andrea Abaurrea ikertzaileek egile nagusitzat sinatu duten ikerketaren emaitzen arabera, OSM maila altua duten tumoreen kasuan, pazienteen pronostikoa okerragoa izan ohi da, eta horrek esploratzea merezi duen tratamendu-bide berri bat ireki du.

“Beste patologia batzuetarako saiakuntza klinikoetan, OSMa eta horren OSMR hartzailea blokeatzeko antigorputzen erabilera ikertzen ari dira. Gure ikerketak bularreko minbiziari buruzko saiakuntza klinikoetan antigorputz horiek ebaluatzeko aukera babesten du”, ondorioztatu du Andrea Abaurreak.

Lan hau oinarrizko ikerketan eta ikerketa klinikoan diharduten ikerketa-taldeen arteko lankidetzaren emaitza da, Estatukoak (Biodonostia OII, Ikerbasque Fundazioa, IBBTEC, CICbioGUNE, Unibertsitate Konplutentsea eta CIBERONC) zein nazioartekoak (Basileako Unibertsitate Ospitalea, Suitza; Sidneyko Unibertsitate Teknologikoa, Australia; Cambridgeko Unibertsitatea eta Institute of Cancer Research, Erresuma Batua) tarteko direla.

Partekatu

Beste berri batzuk