Charles Corrie, ISOko aditua: “Arauan aldaketaren bat egiten bada, balioa eta abantailak eransteko izan behar du, araua aldatzeak kostu bat dakar eta”
- ISO 9000 arauaren mundu mailako arduradun nagusi Charles Corrie, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabe Undarekin batu da, joan den astean Bilbon 30 herrialdetako 50 adituk munduko kalitate araurik ezagunenaren berrikuntza prozesua hasi ostean.
- ISO 9000 arauaren berrikuspena 2015. urtean amaituko da. 25 urte beteko dituen ziurtagiri honek eragina du mundu osoko milioi bat enpresa baino gehiagotan.
- Astebeteko lanaren ostean, adituek azpimarratu dute Euskadi “herrialde seguru, abegitsu, aurreratu eta modernoa” dela.
Charles Corrie da ISO 9000 arauaren mundu mailako arduradun nagusia. Arau horrek zehazten du nola antolatu behar dituen antolakunde batek bere kalitate estandarrak, entrega epeak eta zerbitzu mailak. Bilbon dago joan den astetik eta gaur Bernabe Unda, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuarekin elkartuko da, “ISO 9000 berria ISOko adituen ikuspegitik” jardunaldiaren karietara.
Topaketa horrek buru eman dio astebeteko lanari, non ISOko berrogeita hamar aditu inguru elkartu baitira ekainaren 18tik 22ra. Topaketa honetan eginiko lana datozen bi urteetarako abiapuntua izango da, bi urteko prozesu horretan ISO 9000 araua aldatu eta merkatuko baldintzetara egokituko baita. Berrikuspen honen helburua da arauak ezarritako baldintzek garrantzitsuak izaten jarrai dezatela merkaturako eta erakundeentzat eta araua beste kudeaketa zerbitzu batzuekin lerrokatzea, ISOko goi-mailako talde teknikoak onartutako kudeaketa sistementzako egitura orokorraren proposamenari jarraiki.
Charles Corriek esan du aditu horiek hartzen dituzten erabakiak oso garrantzitsuak direla araua aldatzeko orduan. “Funtsezko aldaketak egitea erabakitzen denean, kontuan hartu behar ditugu horrek industrian eragingo dituen kostuak. Horregatik, oso ziur egon behar dugu proposatzen ditugun aldaketek balioa eta abantailak emango dizkiotela arauaren erabiltzaileari”.
Bestalde, Bernabe Unda sailburuak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak kalitatearekiko konpromisoa hartu duela eta eskerrak eman dizkio ISO 9000 arauaren arduradun taldeari, munduko 1,1 milioi enpresei eragiten dien arau hau berrikusteko abiapuntu gisa Euskadi aukeratu izanagatik.
Hain zuzen, parte-hartzaileak oso gustura agertu dira eta esan dute Euskadi “herrialde seguru, abegitsu, aurreratu eta modernoa” dela. Charles Corrie-k berak esan dio sailburuari parte-hartzaileek Euskadi gomendatuko dutela beren jatorrizko herrialdeetan eta 2015ean argitaratzen den arte ISO Taldearen bilerak ostatatuko dituzten beste jomugetan.
ISO 9000 arauaren 24ko Taldea lehen aldiz bildu da Euskadin eta munduko 30 herrialdetatik iritsitako berrogeita hamar aditu baino gehiago elkartu dira bertan, besteak beste, Oman, Txina, Japonia, Malasia, AEB, Mexiko, Argentina eta Zeelanda Berriko ordezkariak.
ISO
Nazioarteko arau eta estandar gehien argitaratzen eta garatzen dituen Normalizaziorako Nazioarteko Erakundea da ISO. 163 herrialdetako normalizazio institutu nazionalek osatutako sare bat da, kide bat duena herrialde bakoitzeko eta Genevan (Suitza) kokaturik duena sistema osoa koordinatzen duen Idazkaritza Zentrala. ISO gobernuz kanpoko erakunde bat da eta zubi-lanak egiten ditu sektore publiko eta pribatuaren artean. Institutu horietako zenbait beren herrialdeetako gobernu egituraren barruan daude eta beste batzuk, berriz, kide pribatuak dira, partzuergo nazionalen eta elkarte industrialen bitartez sartu direnak.
ISO 9000 arau ezagunak 24 urte beteko ditu aurten. Gaur egun mundu osoko milioi bat eta ehun mila enpresak lortu dute ziurtagiri hau, eta lantzean behin berrikusi egiten da.