CIC bioGUNE Hipoxiaren Ikerketa Bikaintasunaren Sare Tematikoko burua da

Albisteak, Bizkaia

RedHYPOX hipoxiaren erantzunen bitarteko diren mekanismoetan eta mekanismo horiek egoera fisiologiko eta patologikoetan duten garrantzian espezializaturiko hamar ikerketa-talderen ekimena da.

Oxigeno-ekarpen desegokiak gaixotasun hauekin du zerikusia, besteak beste: minbizia, diabetesa, alzheimerra, parkinsona eta bihotzekoak.

Egoitza Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean duen CIC bioGUNE zentroa RedHYPOX Hipoxiaren Ikerketa Bikaintasunaren Sare Tematikoko burua da. Sare hori hipoxiaren (oxigeno-eskasia) erantzunen bitarteko diren mekanismoak eta mekanismo horiek egoera fisiologiko eta patologikoetan duten garrantzia aztertzen dituzten hamar ikerketa-taldek osatzen dute.

Hipoxiaren erantzunaren oinarri zelular eta molekularrak aztertzeak interes handia du biomedikuntzan. Edurne Berra doktoreak, sarearen koordinatzaile eta CIC bioGUNEko HypoxiPATH taldearen arduradunak, honako hau adierazi du: “Erronka hortxe dago eta aukerak oso handinahiak dira, hala oinarrizko ikuspegitik nola aplikazioaren ikuspegitik; izan ere, ikerketen emaitzek gure gizartean gaitz endemikoak diren gaixotasunak hobeto diagnostikatzeko eta tratatzeko eta ulertzeko aukera berriak ekar ditzakete”.

RedHYPOX sareko kide diren erakundeek oinarrizko ikerketan eta translazio-ikerketan ibilbide sendoa dute. Erakunde horiek dira, besteak beste, unibertsitateak (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa eta Unibertsitate Konplutentsea eta Sevillako Unibertsitatea), ospitaleak (Vall d’Hebron eta La Princesa) eta ikerketa-zentroak (CIC bioGUNE, IBiS eta IBSAL).

Hipoxiaren erantzunaren oinarri zelular eta molekularren ikerketa

Oxigenoa bizitzeko nahitaezkoa da eta zelula gehienak oxigenoaren “mende” daude. Gauzak horrela, oxigeno-eskasiak (hipoxia), iragankorra izanik ere, ondorio oso txarrak izan ditzake. Hori dela eta, organismoek eskasia horren aurrean erreakzionatzeko, egokitzeko eta oxigenoaren homeostasia ziurtatzeko mekanismoak asmatu dituzte.

“Hipoxi-aldiak” enbrioien garapenean gertatzen dira, eta baita heltzen garenean ere; esate baterako, altuerara moldatzerakoan, zauriak orbaintzen direnean edo ariketa fisikoa egiten dugunean. Alde horretatik, ohikoa da kirol-errendimendua hobetzeko ekipamendu hipoxikoak erabiltzea. Oxigeno-ekarpen desegokiak (gutxiegi edo gehiegi izateak), ordea, gaixotasun hauekin zerikusia du: minbizia, gaixotasun metabolikoak (adibidez, diabetesa), hanturazko gaixotasunak (esaterako, Crohn), neuroendekapenezko gaixotasunak (Alzheimer eta Parkinson) eta gaixotasun iskemikoak (adibidez, bihotzekoak eta istripu zerebrobaskularrak). Gauzak horrela, hipoxiaren erantzunaren oinarri zelular eta molekularrak aztertzeak interes handia du biomedikuntzan.

Partekatu

Beste berri batzuk