CIC bioGUNEk, ONCE Fundazioak eta Ikerbasquek desgaitasuna duten pertsonen ikertzaile-karrera osasun-zientzien arloan sustatzeko akordioa sinatu dute
Hautatutako pertsonek CIC bioGUNEn garatuko dute ikertzaile-jarduna
Aukera-berdintasuna hobetu eta irisgarritasun unibertsala zein desgaitasuna duten pertsonen inklusioa eta diskriminaziorik eza bermatzea da lankidetza-hitzarmenaren xedea, aniztasuna babestu eta desgaitasuna duten pertsonei prestakuntza eta enplegu-aukeretarako sarbidea errazteaz gain
CIC bioGUNEk -Basque Research & Technology Alliance BRTA deritzoneko kidea-, ONCE Fundazioak eta Ikerbasquek lankidetza-hitzarmena sinatu dute, osasun-zientzien arloan desgaitasuna duten pertsonen ikertzaile-karrera sustatzeko asmoz.
Akordio honen arabera, ONCE Fundazioaren “Talenturako Aukera” Beka-Programaren VIII. edizioko doktorego-modalitatean hautatu eta desgaitasuna duen pertsona batek eta deialdi horretako ikerketa-modalitateko beste bik CIC bioGUNEn garatuko dute ikertzaile-jarduna
Aukera-berdintasuna hobetu eta irisgarritasun unibertsala zein desgaitasuna duten pertsonen inklusioa eta diskriminaziorik eza bermatzea da lankidetza-hitzarmenaren xedea, aniztasuna babestu eta desgaitasuna duten pertsonei prestakuntza eta enplegu-aukeretarako sarbidea errazteaz gain.
Prestakuntza-programa CIC bioGUNEn egingo da, desgaitasuna duten pertsonentzako lan-kontratuen bitartez, hiru modalitate hauetan: Predoctoral Trainee, Postdoctoral Trainee eta Postdoctoral Researcher Fellow.
Kontratuen zenbatekoa eta iraupena
Predoctoral Trainee modalitatean, kontratuaren iraupena hiru urtekoa izango da, gehienez. Urteko soldata gordina 16.422 eurokoa izango da lehenengo bi urteetan eta 17.279 eurokoa azken urtean. ONCE Fundazioak eta CIC bioGUNEk finantzatuko dute modalitate hau.
Postdoctoral Trainee modalitatean ere, gehienezko iraupena hiru urtekoa izango da, eta urteko soldata gordina 32.423 eurokoa. ONCE Fundazioak eta CIC bioGUNEk finantzatuko dute.
Azkenik, Postdoctoral Researcher Fellow modalitatean, gehienezko iraupena bost urtekoa izango da, eta ikertzaile-kontratuak Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemarako sarbidea emango du, 40.164 euroko urteko soldata gordinarekin. Kasu honetan, Ikerbasquek, ONCE Fundazioak eta CIC bioGUNEk finantzatuko dute.