Kobaltorik gabeko tentsio handiko bateria

Albisteak, Araba

CIC energiGUNEk Europako HighSpin proiektuan hartzen du parte, Australiako Teknologia Institutua (AIT) buru dela, errendimendu eta segurtasun handiagoa eskaintzen duten eta egungo alternatibak baino jasangarriagoak diren tentsio handiko materialak, gelaxkak eta moduluak garatzeko helburuarekin

Europa osoko 14 erakunderen partaidetza duen partzuergoaren iritziz, lurreko zein aireko mugikortasun elektrikoari aplikatuko zaion teknologia horrek industrializazio-prozesu azkarra izan dezake

CIC energiGUNEk, energiaren biltegiratzean erreferentea den, eta baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoaren teknologietan espezializatuta dagoen eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroak, tentsio handiko LNMO (litio-nikel-manganeso-oxigeno, hau da, kobaltorik gabea) errendimendu handikoa, segurua eta jasangarria izango duen katodo gelaxka bat garatzeko ikerketa lanak hasi ditu. Lana kontinenteko beste hamahiru enpresa eta erakunderekin batera CIC energiGUNEk parte hartzen duen HighSpin proiektu europarraren barruan dago.

“Prestazio hobeak eta jasangarriagoak dituen Li-ion bateria bat proposatzeaz gain, proiektu honetan birziklagarritasunean jarriko dugu arreta, % 90eko birziklatze-efizientzia azpimarratuz, % 99,9ko purutasunarekin”, ziurtatu du Marine Reynaud, CIC energiGUNEko proiektuaren Ikertzaile Nagusia eta duela denbora gutxi Eusko Jaurlaritzak Ikerketa Proiekturako ematen duen BRTA saria jaso duena. “HighSpin programarekin merkatura epe laburrean hurbiltzea aurreikusten da, 2028an automozio elektrikora eta 2030ean aeronautikara”, esan du.

CIC energiGUNEk parte hartzen duen Europa Horizontea deialdiaren barruan Europako Batzordeak onartutako 8 proiektuetako bat da HighSpin. Izan ere, euskal zentroak arrakasta-tasa maximoa lortu zuen deialdi honetan, parte hartzen duen 9 proiektuetatik EBk 8ri eman baitzien onespena, guztiak ere prestazio handiko baterien garapenari lotuak.

Zehazki, HighSpin proiektua –Australiako Teknologia Institutua (AIT) buru duen proiektua– tentsio altuko 3b belaunaldiko LNMO||Si/C materialen, gelaxken eta espinela moduluen garapenean oinarritzen da. Kobaltorik gabeak diren eta karbonoz estalitako aplikazioa duten horien bitartez soluzio eraginkorrak eskaintzen zaizkie egungo aukerei. Lurreko eta aireko garraioko aplikazioetarako duten bideragarritasuna frogatu ondoren, HighSpin-eko arduradunek epe laburrean teknologia industrializazio-fasera igaro daitekeela aurreikusten dute.

HighSpin-ek oinarri duen LNMO||Si/C teknologiaren garapenak, CIC energiGUNEk ere parte hartu zuen Europako aurreko 3beLiEVe proiektuarekin bat egiten du. Orain, proiektuaren jarduerak hauek dira: material aktiboak egonkortzea, haien mikroegitura optimizatuz; tentsio handiko elektrolitoen formulazioak garatzea; elektrodoen abiadura handiko laser-egituraketa; eta sentsore operatiboak txip euskarrian sartzea, UMC (Gelaxka Kudeatzeko Unitatea) moduan. Teknologia jasangarria egiteko materialen birziklagarritasunari eta bigarren bizitzari buruzko azterlanak egitea ere lan horren parte da.

HighSpinen garapenari lotutako merkatu-estimazioek urtean 40 GWh baino gehiago banatzea eta 2030ean urteko 4.000 milioiko salmenta-bolumena izatea aurreikusten dute.

 

Partekatu

Beste berri batzuk