CIC energiGUNEk abiazio elektrikoa aireratzea ahalbidetuko duten egoera solidoko baterien belaunaldi berriaren garapenari ekin dio
Euskal zentroa ibilgailu elektrikoetarako eta, bereziki, aireontzietarako halurozko egoera solidoko bateriak fabrikatzea helburu duen HELENA proiektu europarraren buru da
CIC energiGUNEren koordinaziopean 15 erakundek parte hartzen duten ekimena, prestazio handiko bateriak garatzearekin erlazionatutako proiektuak sustatzeko Europar Batasunaren Horizonte Europa deialdian sartu da
CIC energiGUNEk, energiaren biltegiratzean erreferentea den, eta baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoaren teknologietan espezializatuta dagoen eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroak, abiazio elektrikoa aireratzea erraztuko duten halurozko egoera solidoko bateria berriak garatzen hasi dira. Lan hori HELENA proiektu europarraren barruan dago. Atzotik, proiektua abiarazteko bilera egiten ari dira CIC energiGUNEren egoitzan, euskal zentroaren gidaritzapean ekimenaren parte diren 15 erakundeen partaidetzarekin.
“Bost edo hamar urteren buruan, abiazio elektrikoa aireratzeko prest egongo da, eta premiazkoa izango da sektoreak segurtasuna eta eraginkortasuna eskainiko duen alternatiba energetiko bat izatea”, adierazi du Pedro López-Aranguren Proiektuaren Koordinatzaile eta Ikertzaile Nagusiak. Bere esanetan, “HELENAk korronte altuetan eta ziklatu egonkorrean errendimendu optimizatua duten egoera solidoko bateriak diseinatzeko teknologia disruptiboa proposatzen du, eta horrek ibilgailu elektrikoetan eta, bereziki, hegazkinetan bateria horiek erabiltzea ahalbidetuko du.”
Zehazki, HELENAren helburua, dentsitate energetiko eta potentzia handiko egoera solido seguruko bateria eraginkorrak garatzea da, voltaje handiko material aktiboan, gaitasun handiko litio metalikoko anodoan eta litiozko halurozko elektrolito eroalean oinarrituta. Garapen horrekin, azken erabiltzaileak distantzia luzeetarako eta bateria azkar kargatzeko mugikortasun elektrikoaren prestazioak hobetu ahal izango ditu. Gainera, teknologia eskalatzeak biltegiratze-gailu horien fabrikazioaren kostuak murriztea ahalbidetuko du.
Europako Batzordeak bateriak finantzatzeko Horizonte Europa programaren barruan sartu duen eta CIC energiGUNEk gidatzen duen proposamen horren inguruan 15 erakunde eta enpresa bildu dira. Horien arteko aipagarrienak hauek dira: Austriako Teknologia Institutua (AIT), Belgikako Umicore enpresa, Herbehereetako LionVolt, Alemaniako CustomCells eta Fraunhofer ikerketa-zentroa.
HELENAk, gainera, Europaren bi erronka nagusiei aurre egiten lagunduko du. Batetik, kontinentearen –eta planetaren osoaren– trantsizio energetikoa sustatzea agertoki klimatiko neutrorantz bideratuz, eta, bestetik, baterien ekoizpen-merkatua bere mende duen Asiarekiko mendekotasuna saihestea.
“CIC energiGUNEren lidergoarekin, Horizonte Europa proiektu honek agerian uzten du, beste behin ere, Europan egoera solidoko baterietan erreferentzia-zentro gisa dugun tokia”, adierazi du Montse Casas CIC energiGUNEko Biltegiratze Elektrokimikoaren Arloko Teknologia koordinatzaileak. “Gainera, HELENA proiektuarekin, mugikortasun globalaren eredu berrian funtsezkoa izango den eta haren garapenari begira abangoardiako taldean jarriko gaituen sektore bati, hau da, abiazio elektrikoari, hegalak emateko erantzukizuna hartzen dugu gure gain”.