CIC energiGUNEk Adimen artifiziala erabiltzen du energia biltegiratzeko gai diren material berrien identifikazioa bizkortzeko

Albisteak, Araba

Euskal zentroak ION-SELF proiektua jarri du abian, material berriekin balidazio esperimentaleko prozesua murriztuko duen eta esperimentuak egin aurretik iragarpen eraginkorrak lortzeko aukera emango duen laborategi autonomo bat eratzeko helburuarekin

Proiektua Javier Carrasco eta Marine Reynaud CIC energiGUNEko zientzialariek koordinatuko dute, eta fase osoen diagramak denbora laburrean aztertzeko aukera emango du, esperimentazio-prozesu bati aurre egin beharrik gabe, kasu batzuetan, ezin zaiolako prozesu horri heldu, denbora eta diru gehiegi eskatzen baitu

CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoa eta termikoa biltegiratzearen arloan Europan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance BRTAko kide den ikerketa zentroak, Adimen Artifizialeko tresnak erabiliko ditu energia biltegiratzeko material berrien aurkikuntza bizkortzeko gai den funtzionamendu autonomoko laborategi bat sortzeko, eta, horrela, egungo esperimentazio-prozesuen denborak eta kostuak murriztuko ditu.

“ION-SELF proiektuak aldaketa disruptiboa ekarriko du, dagoeneko energia-dentsitatearen mugara iritsi diren eta, beraz, etorkizuneko bateriaren beharrei erantzun ezingo dizkieten gaur egungoak ordezkatuko dituzten biltegiratze-material berrien ikerketan”, adierazi du Montse Casas-Cabanas CIC energiGUNEko Elektrokimika Arloko koordinatzaile zientifikoak. Hori abian jartzeak, bere ustez, funtsezko urratsa ekarriko du ikerketa-prozesuan; izan ere, “adimen artifizialari esker, esperimentazio-prozesuaren kostu ekonomikoa eta beharrezko denbora nabarmen murriztuko dira, eta ikertzaileak zeregin zail eta errepikakorretatik libre geratuko dira, lan berritzaile eta produktiboetan zentratu ahal izateko”.

Javier Carrasco CIC energiGUNEko zientzialari eta ION-SELF proiektuko arduradunak gogorarazi duenez, “epe motz-ertainean, Ion-Litioko egungo bateria kargagarriek, gaitasun handiagoa, bizitza erabilgarri luzeagoa, segurtasun gehiago eta tenperatura operatibo handiagoa emango duen alternatiba beharko dute, eskuragarria eta jasangarria izateaz gain”. Laborategi autonomoarekin, material elektroaktibo berriak identifikatzeko aukera biderkatu egiten da taula periodikoaren espektro zabalaren barruan, batzuetan, ezinezko proba kopurua eska dezakeen prozesu esperimentala egin behar barik.

Zehazki, ION-SELFek, egin aurretik ere esperimentu automatizatuen emaitzaren iragarpen eraginkorrak egiteko gai izango den material elektroaktiboak garatzeko plataforma automatizatu eta autonomoa diseinatu nahi du. Ondorioz, baldintza esperimentalen kopurua murriztu egingo da, entsegu kopuru gaindiezina izatetik aukeren hautaketa izatera igaroz, eta, beraz, baterietarako material berrien garapenean aurrekaririk ez duen denbora eta kostu murrizketa lortuko da. Horrela, etorkizuneko hurrengo belaunaldietako bateriak lortzeko orduan aurrerapauso erabakigarriak emango dira.

Helburu hori lortzeko, proiektuak material elektroaktibo berrien sintesiaren eta karakterizazioaren funtsezko bi alderdi ditu oinarri. Lehenik eta behin, laborategiko eskalako sintesi-prozesuen funtsezko alderdi batzuk automatizatzeak gaur egun dauden botila-lepoak nabarmen murriztea eta paraleloan lan egitea ahalbidetuko du. Bigarrenik, Adimen artifizialeko tresnak txertatzeak, material horien sintesia eta karakterizazioa kontrolatzen duten parametroak (konposizio kimikoa, nahaste-protokoloa, erreakzio-tenperatura, egokitzapena, etab.) modu efizienteagoan eta eraginkorragoan aztertzeko eta optimizatzeko aukera emango du.

Bestalde, proiektu honen helburu nagusia ingurune autonomo integratzaile batean integratzeko gai diren eredu, algoritmo eta modulu automatizatu indibidualak diseinatzea dela kontuan hartuta, ION-SELF metodologiak etorkizunean interes orokorragoa duten beste espazio kimiko batzuetara erraz estrapolatu ahal izatea aurreikus daiteke. Izan ere, proiektua baterietarako materialetan bakarrik oinarritzen bada ere, konposatu berrien bilaketa bizkortzeko arazoa materialen zientziaren beste arlo askok partekatzen dute, polimeroek, biomaterialek, katalizatzaileek eta abarrek, eta, beraz, beraien aplikazio-eremua askoz harago doa.

ION-SELF proiektua (Erref.: PID2019-106519RB-I00) Espainiako Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak finantzatzen du eta hiru urteko egikaritze epea du.

Partekatu

Beste berri batzuk