CIC energiGUNEk bat egin du Deustuko Unibertsitateko Inspira STEAMekin, neskatoen eta neska gazteen artean bokazio zientifiko-teknologikoak bultzatzeko

Albisteak, Araba

Zentroko lau emakume ikerlari Inspira STEAMeko emakume mentoreen taldean sartu dira, lanbidearen errealitatea lehen hezkuntzako umeei gerturatzeko eta zientziarekin eta teknologiarekin erlazionatutako ikasketen aurreko interesa sustatzeko

Gainera, Emakumeek eta Neskatoek Zientzian betetzen duten lekuaren Nazioarteko Egunaren barruan, zentroak Vitoria-Gasteizko Divino Maestro Ikastetxeko 28 ikasleren bisita jaso du

CIC energiGUNE, energia elektrokimikoa eta termikoa biltegiratzearen arloan Europan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance BRTAko kide den ikerketa zentroak, bat egin du Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultatea buru den eta neskatoen eta neska gazteen artean teknologia arloko bokazio profesionalak bultzatu nahi dituen Inspira STEAM ekimenarekin. Euskal zentroaren konpromisoaren barruan, ikasturte honetan ikastetxeetan zenbait sentsibilizazio eta orientazio ekintza egingo dituen mentoreen taldean lau emakume ikerlari sartuko dira.

Ekimen horretan parte hartzen duten CIC EnergiGUNEko ikerlariak Laura Acebo, Maica Morant, Maria Angeles Moreno eta Iciar Monterrubio dira. Euren zeregin nagusia lurraldeko hainbat ikastetxetan hitzaldiak antolatzea da. Hitzaldi horietan, gai zientifikoen aurrean interesa eta jakin-mina pizteko gai diren ereduak eta erreferentziak aurkeztuko dira, neska ikasleen artean batez ere. Kualifikazio handiko profesionalak diren aldetik, programa honen arrakastaren funtsezko parte dira.

CIC energiGUNEk Deustuko Unibertsitateko Inspira STEAM ekimenarekin duen konpromisoa bi erakundeek gazteen artean, nesken artean batez ere, bokazio teknologikoak sustatzeko beharrari buruz elkarrekin egindako azterlanean oinarritzen da. Horretarako, bi erakundeek akordio bat sinatu dute neskatoen eta neska gazteen artean dinamizazio ekintzak egiteko, prestakuntza mota hori eskuratzea eragozten dieten oztopoak –barnekoak eta kanpokoak– gainditzen laguntzeko.

Ildo horretan, Inspira STEAM proiektu aitzindaria da nesken artean bokazio zientifiko-teknologikoa sustatzen, eta STEAM izenekoak (Science, Technology, Engineering, Arts and Maths) lehen aldiz erabiltzen du taldeko mentoring teknika, lehen hezkuntzako ikasleen artean sustatzeko proiektu batean.

Inspira STEAMen zatirik garrantzitsuena, hain zuzen ere, emakumeek zientzian duten errealitatea gerturatzeko borondatez laguntzen duten mentoreak dira. Horretarako, oraindik finkatuta dauden estereotipoak eta historian zehar emakumeek zientziaren arloan egindako lana bezalako gaiak jorratzen dituzte. Berehalako helburua ikasketa teknologikoetan hautematen den emakume ikasleen beherakada geldiaraztea da; izan ere, estatuko unibertsitate sistemako ikasle guztien %54,3koa izan arren, emakumeek Ingeniaritza eta Arkitektura titulazio teknikoetan duten presentzia % 26,4koa baino ez da.

Talentuaren eta berdintasunaren sustapena

Inspira STEAMekin bat egiteaz gain, euskal zentroak emakumeen artean berdintasuna sustatzeko eta balio zientifiko-teknologikoak sustatzeko hainbat ekintza antolatzen ditu, gaur, Emakumeek eta Neskatoek Zientzian betetzen duten lekuaren Nazioarteko Eguna dela eta, egin dena, besteak beste. Gasteizko Divino Maestro ikastetxeko lehen hezkuntzako azken ikasturteetako 28 ikasleko talde batek Arabako Parke Teknologikoan dauden zentroaren instalazioak bisitatu ditu, emakume ikerlarien lana gertutik ikusi ahal izateko, zentroaren historia eta helburuak ezagutzeaz gain. Ekimen horretan 10 ikerlarik parte hartu dute, euren borondatez jardunaldiaren garapenean era aktiboan lagunduz.

Horrela, CIC energiGUNEk urratsak egiten jarraitzen du talentua eta ikerlariaren, batez ere emakumearen, figura sustatzeko estrategia globalaren barruan. Gure mendeko emakume aktibo eta nabarmenen adibideak eta ereduak zabaltzera bideratuta dagoen “innovactoras” izenekoa bezalako ekimenetan parte hartzeaz gain, zentroak HR Excellence in Research ziurtagiria lortu zuen 2019an. Ziurtagiri hori Europako Batzordeak eman zion, ikerketari lotutako talentua erakartzeko eta sustatzeko egindako lana aintzatetsiz. Halaber, nabarmentzekoa da lantaldearen %50 gizonek eta beste erdia emakumeek osatzen dutela, Zuzendaritza Batzordea barne, eta Emakume Zuzendari Zientifiko bat duen CIC bakarra dela.

Partekatu

Beste berri batzuk