CIC energiGUNEK bere 5. urteurrena ospatu du prototipado lerro bat inauguratuz, Europako gela lehor modernoetako bat duena

Araba

-Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua izandako ekitaldiak Euskadiko zenbait erakunderen eta enpresaren sustengua izan du.

-Prototipado lerroak 1,5 milioi eurotik gorako inbertsioa eskatu du eta oinarrizko ikerketaren eta ikerketa aplikatuaren arteko langa edo espazioa gainditzea ahalbidetuko du. Hartara, Euskadi puntan izango da munduan energiaren metaketari lotutako ikerketan eta garapen teknologikoan.

 

IMAGEN CICArantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak CIC energiGUNEko prototipado lerro berria inauguratu du gaur; hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak sustatu zuen ikerketa zentro hori, energiaren metaketan aurrerapen teknologikoak lantzeko xedez. Espainian lehenengoa eta Europan gutxienetako bat den azpiegitura berri hori bere osagai guztiak gela lehor batean integratzeko gai da. Hala, kalitatean aurrerapauso nabarmena emango du ikerketa zentroak eta, aldi berean, industriaren premietara egokituko du haren ikerkuntza.

Inaugurazio ekitaldi hori izan da ikerketa zentroaren 5. urteurrenaren ospakizunaren ardatza. Arabako Teknologia Parkean kokatutako zentroan izan dira erakunde batzuetako ordezkariak eta agintariak, hala nola Vitoria-Gasteizeko Udaleko alkatea den Gorka Urtaran eta Pilar García de Salazar lehen diputatu nagusiorde. Horiekin batera, Euskadiko enpresa handietako eta beste ikerketa zentro batzuetako arduradunak eta ordezkariak ere izan dira ekitaldian. Inaugurazioan, Tapia sailburuaren ondoan izan dira Aitor Oregi eta Nuria Gisbert, zentroko presidentea eta zuzendari nagusia, hurrenez hurren, eta haiek arduratu dira bertaratuei ikergunearen nondik norakoa eta etorkizuneko perspektibak azaltzeaz.

Prozesu osoa

Instalazio berri horren bidez, CIC energiGUNEren ikuspegi integrala osatu edo bete da, energia metatzeko ikerkuntzan aurrera eramaten duen lanaren barruan; izan ere, hemendik aurrera, bateriak fabrikatzeko prozesu osoa garatzeko gai den zentro bakanetako bat izango da. “Honelako azpiegiturak funtsezkoak dira gure industria laguntzeko bere proiektu berrietan, eta Euskadi munduan alor horretan aitzindariak diren Europako beste erkidego batzuen pare jartzen du, adibidez, Baviera, Picardie, Baden Württemberg edo Stockholmen pare, hain zuzen ere.”, adieraz du Arantxa Tapiak.

Lerro berri hori garatzeko eta burutzeko lan handia egin behar izan da 2014. urtetik, eta eskatutako inbertsioa 1,5 milioi euro baino handiagoa izan da. Instalazioak energia metatzeari begirako garapen teknologikoak egiteko aukera emateaz gain, metatzeko sistemen materialen inguruko ikerketak egiteko ere bide emango du; esaterako, haien eragina edo inpaktua segurtasunean edo zaharkitze prozesuan. Izatez,  egungo premiei modu malguan aurre egiteko diseinatu da azpiegitura, teknologia eta osagaien perspektibak kontuan hartuta.

Plataforma irekia

Energiaren metatzea, zalantzarik gabe, enpresa askok aurre egin nahi dion erronketakoa bat da, eta baterien eta superkondentsadoreen garapen berriak ikertzeko interesa nabarmen handitu da mundu osoko konpainien artean. Alde horretatik, prototipado lerro horrek sendotu eta sustatu egingo du CIC energiGUNEren lotura industriarekin, plataforma ireki moduan eratu eta konfiguratuko baita, ikerkuntzan zein enpresetan diharduten eragile guztiak lankidetzan eta elkarlanean aritzeko aukera eskainiz. Arantxa Tapiaren esanetan, “Instalazio honi esker, industriaren benetako premiei hobeto erantzun ahal izango die CIC energiGUNEk, metatzeko sistema berrien eskala-faktorea edo eskaladoa, kasu. Era horretan, oinarrizko ikerkuntzaren eta ingeniaritza aurreratuaren arteko aldea murriztu egingo da, eta, ondorioz, fabrikazioan urrats esanguratsuak egiteko moduan egongo gara”.

CIC energiGUNEko arduradunek, berriz, prototipado lerroak ekarriko duen balio erantsia  azpimarratu dute; batez ere, euskal eragile industrial eta teknologikoentzat. Horretaz gain, Euskadira funts europar gehiago ekartzeko ahalmena areagotu eta talentu erakarri eta sortzeko aukera ere nabarmendu dute. Bestetik, energia metatzeko teknika berrien ikerkuntzan pauso berritzaileak emateko baliagarria izango da azpiegitura berria.

5. urteurrena

CIC energiGUNE fundazio bat da, eta Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, EEE Energiaren Euskal Erakundea, Energiaren Klusterra, Mondragón Corporación, Iberdrola, Sener, Gamesa, Idom, EDP, IK4 eta Tecnaliak osatzen dute patronatua. Gaur egun, Europan energia metatzeko era berrien ikerketan erreferentea den CICen 13 herrialdetako 70 ikertzailek baino gehiagok lan egiten dute. Euskadiko Espezializazio Adimendunak diren RIS3 eta Energibasque-ren estrategiekin bat etorriz aritzen da zentroa.

CIC energiGUNEk duen bost urteko jardunaren zifrak berez mintzo dira egindako ikerketa lan eskergaz; batik bat, zentroak dituen lan-ildo nagusi hauetan: metatze elektrikoan eta metatze termikoan. Izan ere, CIC energiGUNEk 9 industria proiektu ezberdinetan dihardu eta ikerkuntzari lotutako 10 proiektu europarretan ari da parte hartzen; gainera, horietako lauetan gidaritza eramaten du, euskal zientziari funts europar ugari dakarkiona. Aipatutako egitasmo horien artean, RESLAG izenekoa dugu, altzairutegiko zepetan oinarritutako metatze termikoaz diharduena (10 milioi euroko inbertsioa); eta bestetik, MONBASA proiektua, arlo aeroespazialean metatzeko sistemak garatzea helburu duen europar ekimena (1,2 milioi euroko inbertsioa). Horrekin batera, kaleratutako argitalpen kopuru handia eta orain arte eskatutako 8 patenteak nabarmendu behar dira.

Beste alde batetik, azpimarratzekoa da CIC energiGUNEk Euskadin energiaren metatzeaz antolatutako nazioarteko kongresu handiak, hala nola ABAA8 izenpean eratutakoak, iragan irailean, Bilbon, ibilgailu elektrikoen baterietan 200 aditu baino gehiago bildu zituena, edo 2013an, Vitoria-Gasteizen, sodiozko baterien inguruan munduko lehen sinposioa. “Bost kontinenteetako erakunde eta elkarteekin lankidetzan aritzen den zentroa gara; horietako asko, ospe handikoak, adibidez,  Bostongo MIT-ekin, Londreseko Imperial College-rekin edo AEBetako Argonne National Laboratory-rekin” nabarmendu du Aitor Oregi zentroko presidenteak. CIC energiGUNEko zuzendari nagusia den Nuria Gisberten iritziz, gaur egungo erronka hauxe da: “Gure ikerkuntza Euskadiko enpresa ingurunera hurbiltzea, beharrezkoa den eragileen arteko elkarlanaren bitartez”.

Partekatu

Beste berri batzuk