CIC energiGUNEk doktoregoko 3 “DESTINY” beka lortu ditu, bateria arloko zientzialarien hurrengo belaunaldia Gasteizen prestatzeko

Albisteak, Araba

Kimikaren, fisikaren edo ingeniaritzaren arloko ikasleei zuzendutako bekak koordinatzeaz Montse Casas-Cabanas doktorea, CIC energiGUNEko Biltegiratze Elektrokimikoaren Arloko koordinatzaile zientifikoa, arduratuko da

Europar Batasunak “Marie Sklodowska-Curie COFUND PhD Training” programaren bitartez finantzatzen dituen bekak eskuratzeko eskabideak aurkezteko epea urtarrilaren 17ra arte egongo da zabalik

CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoa eta termikoa biltegiratzearen arloan Europan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance BRTAko kide den ikerketa zentroak, datozen 5 urteetan, kontinenteko erreferentzia-zentro nagusietan baterien arloko zientzialarien eta ingeniarien hurrengo belaunaldia trebatuko duten “DESTINY” izeneko 50 beketatik 3 Gasteizera ekartzea lortu du. EBk Marie Sklodowska-Curie COFUND programaren bidez finantzatuko dituen beka horiek eskatzeko epea urtarrilaren 17ra arte dago zabalik.

“Ikerketa taldeekin egiten ari garen lanaren aintzatespen handia da, DESTINY doktoregoko ikasle gehien jasoko dituen zentroetako bat baikara”, esan du Montse Casas-Cabanas CIC energiGUNEko koordinatzaile zientifiko eta beken koordinatzaileak. “Ilusio handia dugu baterien arloko ikertzaileen hurrengo belaunaldiko buru izango diren pertsonak prestatzeko prozesua hasteko”.

CIC energiGUNEk aurten Euskadira lehen aldiz ekartzea lortu duen eta ALISTORE Sareari eta MESC+ Masterrari lotuta dagoen DESTINY programak bi deialdi izango ditu. Lehenengoan parte hartzeko eskariak aurkezteko epea urtarrilaren 17ra arte egongo da zabalik, eta 2021eko urrian hasiko da. Bigarrena 2022ko urrian hasiko da eta eskaerak 2022ko urtarrilera arte aurkeztu ahal izango dira.

Zehazki, CIC energiGUNEk hiru doktorego-proposamenetan parte hartzen du beken lehen deialdian, horietako bitan modu esklusiboan eta beste batean Bartzelonako ICMABekin lankidetzan. Zuzeneko bi beken gaiak hauek dira: “Li-ion eroale altuko polimero solidoen elektrolitoetarako egitura (poli)anioniko berriak”, Javier Carrascok eta María Martínezek gainbegiratua, eta “”Elektrolito konposatu zeramiko-polimeroetan Li garraiatzeko mekanismo hobetuen diseinu arrazionala, karakterizazio elektrokimikoen eta RMN karakterizazio solidoen bidez”, Juan Miguel López del Amok gainbegiratua.

Rosa Palacínek gainbegiratzen duen eta ICMAB-CSICekin lankidetzan gauzatuko den beka, Potentzia handiko Li-ion baterietarako nahastutako elektrodo positiboen materialen azterketa elektrokimiko eta estrukturalera egongo da bideratuta. Kasu horretan, beka jasoko duen ikasleak denboraren % 50 egingo du erakunde bakoitzean, eta 3 hilabeteko zerbitzu-eginkizuna beteko du Umicoreren instalazioetan, elektrodo nahasietan proba elektrokimiko eta fisiko espezifikoak egiteko eta industria-ingurunearen aurreko esposizioaz baliatzeko.

DESTINY programa Frantziako CNRSk koordinatzen du, eta hauek osatutako partzuergoa da: 20 unibertsitatek, 6 ikerketa-zentrok, 2 ikerketa-sarek, 2 Lurraldek, eskala handiko 3 instalaziok eta Europako 11 herrialdetako 7 enpresak. Enpresa horietako gehienak Europa mailako ALISTORE-ERI Sarearen barruan daude. Azken hori da MESC+ Erasmus Mundus Masterraren muina. Helburua, baterien ikerketan paradigma-aldaketa bat sortzea eta energia-biltegiratzearen balio-kate osoa barruan hartzea da, metodologia tradizionalak eta berritzaileak konbinatuz eta komunikazioak, kudeaketa, gizarte- eta enpresa-trebetasunak barne hartuz, hurrengo zientzialarien prestakuntza egokia lortzeko.

Europar Batasunak MSCA-COFUNDen diru-laguntza baten bidez finantzatutatako DESTINYk  50 doktore trebatuko ditu datozen 5 urteetan, hiru erronka nagusitan oinarrituta: materialen eta baterien ingeniaritzaren aurkikuntza berrasmatzea; funtzionalitate berriak dituzten bateria adimendunak garatzea; eta teknologia berriak industrian ezartzea. Gainera, DESTINYk  trebezia transferigarriei, hala nola, eraginkortasun pertsonalari, ikerkuntzan jarduteari eta espiritu ekintzaileari, buruzko entrenamendu multzo zabala barne hartzen du.

Partekatu

Beste berri batzuk