CIC energiGUNEk gidatzen du altzairutegietako hondakinak aprobetxatzeko REslag proiektu europarra
Kalkuluen arabera, Europako industrian hondakindegietan amaitzen du altzairutegietako zepa guztien % 24k, eta datozen urteetan txikitu egin liteke ehuneko hori, garapen zientifiko-teknologiko berrietan oinarrituz.
Alor honetako aditu europarrak Gasteizen bilduko dira, CIC energiGUNEk gidatutako proiektuaren topaketan.
Bilkuraren urrezko amaiera moduan, ikerketa-zentro arabarrak biltegiratze termikoko saiakuntzetarako eta prototipogintzarako duen areto berria inauguratuko du ostegun honetan.
Instalazio horri esker, energia biltegiratzeko Europaren hegoaldeko laborategi onenaren lekua berretsiko du CIC energiGUNEk.
Industrian sortzen diren hondakinak murrizteko soluzioak bilatzea eta, aldi berean, balioa sortzea erronka handiak dira, eta ikertzaileek urteak daramatzate horretan murgilduta. CIC energiGUNE euskal ikerkuntza-zentroak zuzentzen duen REslag proiektu europarra dugu horren adibide. Zientzialariak eta Europako industria batu eta altzairutegietako zepei balioa emateko teknologiak garatzen jarri ditu.
Europa Biltzar Jauregian bilduko dira, gaurtik ostegunera bitartean, REslag proiektuan hondakinei balioa ematen diharduten ikertzaile, enpresa eta erakundeak. «Altzairutegiko hondakinak balioa sortzeko aprobetxatzea» da lantegiaren izenburua. Jardunaldion bidez, alderatu eta partekatu egingo dira ingurumena hobetzea eta, horrela, Europaren garapen ekonomiko eta soziala ahalbidetzea helburutzat harturik hondakinei balioa emateko orain artean egin diren ikerkuntzak.
2015eko irailean abiatu zen REslag proiektua, eta 2019ko otsailean amaituko da. Azken txanpan, helburu 2 ari da lantzen: lortu diren emaitzak transferitzea eta zepa beltzari balioa emateko proposatu diren 4 teknologien bideragarritasuna frogatzea. Hauek dira teknologiok: industrian hondakin-beroa berreskuratzea, material zeramiko erregogorrak ekoiztea, eguzki-energia termikoko kontzentrazio-plantetarako energia biltegiratzea eta balio erantsi handiko metalak erauztea.
«Proiektu hau oso garrantzitsua da CIC enegiGUNErentzat; izan ere, altzairutegietako zepak erabiliz energia biltegiratzeko sistema berriak garatzea ahalbidetu du. Horrela, ekonomia zirkularrari laguntzen diogu», baieztatu du Nuria Gisbertek, CIC energiGUNEko zuzendari nagusiak.
2010ean, altzairutegietan 21,8 Mt zepa sortu zituen Europako metalaren industriak. Hondakin horien % 76 birziklatu egin daiteke, eraikuntzan eta errepideetan erabiliz. Alabaina, gainerako % 24a (5,23 Mt) hondakindegietara botatzen da, eta ingurumen-arazo handia da hori. Horregatik dira hain garrantzitsuak arazo hori konpontzeko garapen zientifiko-teknologikoak alderatu eta partekatzeko espazioak.
REslag proiektua 8 herrialdetako 18 bazkidek osatzen dute, eta ia 10 milioi euroko aurrekontua du. Proiektu horri eskerrak, CIC energiGUNEk 3 euskal enpresa (Novargi, Hasten eta Arcelor Mittal) eta IK4-Azterlan zentroa gidatu ditu ikerkuntzaren eremu europarrera.
Saiakeretarako eta prototipogintzarako areto berria
Bestalde, CIC energiGUNEK biltegiratze termikorako saiakeretarako eta prototipogintzarako areto berria inauguratuko du, ostegun honetan (16:30ean), Arabako Parke Teknologikoan. Nazioartean erreferentzia izango da azpiegitura hori, zeren eta tenperatura handiko material eta osagaiekin ingurune kontrolatuan eta hainbat fluido-mota erabiliz saiakerak egiteko aukera ematen baitu.
Testatze-instalazio horri esker, Europaren hegoaldeko energia biltegiratzeko laborategi onenaren lekua berretsiko du zentro arabarrak, eta energia-biltegiratzearen alorrean Euskadiko erreferentzia bihurtuko du Araba.
2011n euskal enpresari zerbitzu emateko inauguratu zelarik, Europako erreferentziako ikerkuntza-zentro kooperatiboa da CIC energiGUNE, energia-biltegiratzeari dagokionez.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Garapen eta Azpiegitura Sailaren mendean dihardu eta Arabako Foru Aldundiak eta Euskadiko energiaren sektoreko enpresa nagusiek —Cegasa Portable Energy, Sener, Siemens Gamesa, Petronor, Nortegas Energía, Ormazabal, Idom, Iberdrola, Solarpack eta Mondragon korporazioa— babesten dute, bai eta korporazio teknologiko nagusiek ere, hala nola Tecnaliak eta IK4k.
51 milioi euroko inbertsioa egin du zentroak eta Euskadiko Espezializazio Adimentsuko Estrategiekin —RIS3— eta Energibasquerekin lerrokatuta dago. Biltegiratze-aplikazioetarako materialak eta sistemak ikertzen ditu, eta arlo horretan ezagutza sortzea eta euskal enpresara hedatzea da haren helburuetako bat. Zentzu horretan, ikerketa-lerro gehienak Europako erreferentziazko zentroen TOP 5 taldean daude, eta enpresa askorekin egin du lan, bai Euskadin eta bai nazioartean.