CIC energiGUNEk ibilgailu elektrikoen bibrazioak baliatuko ditu energia garbia lortzeko
Euskal zentroak, Horizon 2020 programako FET-PROACTIVE deialdiaren barruan dagoen ELECTRO-INTRUSION proiektu europarra koordinatuko du. Proiektu horri esker, automobilen motelgailuak elektrizitate-sortzaile bihurtu ahal izango dira, eta 2050ean automobilgintzaren sektorean elektrizitate-kontsumoa % 4 murriztuko da
Ikerketa energia mekanikoa eta termikoa elektrizitate bihurtzean oinarritzen da, solido nanoporosoetan likido heze-ezinen intrusio-estrusio prozesuan gertatzen den efektu nanotriboelektrikoari esker
CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoa eta termikoa biltegiratzearen arloan Europan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance BRTAko kide den ikerketa zentroak, ingurumeneko beroa eta sistemek sortutako bibrazioak berreskuratzea bilatzen duen Europako FET-PROACTIVE proiektu bat koordinatuko du, elektrizitate erabilgarri bihurtzeko. ELECTRO-INTRUSION izeneko proiektua EBk finantzatu du osorik Horizon 2020 programaren bidez, 3,6 milioi euroko aurrekontua du eta 48 hilabeteko epean garatuko da.
“Proposamen honen helburua, autoen, trenen eta baita gure etxeetako garbigailuen bibrazioek ere, sortutako energia berreskuratzeko eta elektrizitate bihurtzeko gai izango den teknologia eta tresna egokiak lortzea da”, adierazi du Elena Palomo CIC EnergiGUNEko Biltegiratze Termikoaren Arloko Zuzendari Zientifikoak. “Europar Batasunak berak egindako kalkuluen arabera, teknologia hori automobilen sektorean aplikatzea lortzen badugu, elektrizitatearen kontsumoa % 4 murriztu dezakegu 2050erako”.
Horrela, eskala globalean energiaren eraginkortasuna hobetzeaz gain, berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko eta ibilgailu hibrido eta elektrikoetan oinarritutako mugikortasun-eredua sendotzeko urrats garrantzitsuak emango lirateke. “Partzuergo indartsu bat sortu dugu fisikan, kimikan, materialen zientzian eta ingeniaritzan espezializatutako diziplina anitzeko taldeekin, eta horrek nanotriboelektrizitateari buruzko ezagutzan oraindik dauden hutsuneak argitzeko aukera emango digu, merkatuan konponbideak jartzeko eta mota berri bateko energia-sorgailuak garatu ahal izateko”, ziurtatu du Yaroslav Grosu proiektuaren liderrak eta biltegiratze termikoaren arloko fenomeno interfazialen ikerketa-jardueraren arduradunak.
ELECTRO-INTRUSION partzuergoak teknologia ugaritan erabat aplikagarria den metodoa garatuko du. Teknologia horietan bibrazioak eta beroa ez dira behar bezala baliatzen. Potentzialtasun handiena duten sektoreen artean trenbideko garraioa, hegazkinak, etxeko hainbat gailu edo zulaketa-sistemak daude, baina hasierako faseetan garatzeko gaitasun handiena duena automobilgintza da. Alde horretatik, proiektuaren azken etaparen barruan, proposatutako soluzioa balioztatzeko prototipo bat egin behar da produktuetan erabiliko diren motelgailuetan, etorkizunean nabarmen hobetuko baitute gaur egun hobetzeko tarte handia duen ibilgailu hibridoen eta elektrikoen errendimendua.
Proiektuaren oinarri den printzipioa heat-pump txiki baten antzekoa dela esan daiteke. Bertan, bustitzen ez diren nanoporoz osatutako gainazal bati esker, likido bat bibrazio mugimenduan sartzera eta irtetera behartzen da, gorde daitekeen beroa sortuz. Horrela, proiektuak, material nanoskopiko heze-ezinetan, inguruneko energia termikoa biltzea ahalbidetzen duen likidoen intrusioa konbinatu nahi du, efektu triboelektrikoari esker. Efektu horren ondorioz igurzten diren bi gorputz elektrizatu egiten dira. Nanomaterialak erabiltzeak solido-likido interfazea handitzea ahalbidetzen du, eta, beraz, nanoteknologia horren eraginkortasuna hobetzea.
Horrelako materialak eskuratuz gero, ohiko erabilerako etxetresna elektrikoetan integratzeko atea irekiko litzateke; adibidez, gailu horiek gaur egun galtzen den energia metatu ahal izango lukete eta berriro elektrizitate gisa erabili. Hala ere, proiektuaren lanerako ildoa automobilgintzari aplika dakiokeen prototipo bat garatzera bideratuko da modu espezifikoan.
CIC energiGUNEz gain, partzuergo honetako kide dira Tenneco Monroe Research Innovation (Ermua-Bizkaiko dibisioa), Universitá degli Studi di Ferrara (Italia), Silesiako Unibertsitatea Katowicen (Polonia), Ukrainako Unibertsitate Teknologiko Nazionala eta Birminghameko Unibertsitatea (Erresuma Batua).