CIC energiGUNEko bost zientzialari, munduko zientzialaririk eraginkorrenen artean, Stanfordeko Unibertsitateko rankingaren arabera
Michel Armand Energia arloko Estatuko ikertzailerik garrantzitsuena da berriro ere, eta Elena Palomo, Biltegiratze Termiko Arloko Zuzendaritza Zientifikoko arduraduna, Ingeniaritza Mekaniko eta Garraio arloko Euskadiko zientzialaririk garrantzitsuena
Elsevierrek eta Standfordeko Unibertsitateak egindako “Ranking of World Scientists“ rankingak mundu osoko “lehen mailako” 160.000 zientzialari biltzen ditu azken eguneraketan, mundu osoko ikertzaile garrantzitsuenen % 2
Armand eta Palomoz gain, CIC energiGUNEtik Javier Carrasco, Heng Zhang eta Teofilo Rojo, 2020ra arte zentroko zuzendari zientifikoa izandakoa, ere sartu ditu zerrendan
CIC energiGUNEk, baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroak, munduko ikertzaile garrantzitsuenen arteko bost jasotzen ditu, Stanfordeko unibertsitateak eta Elsevierrek egindako “Ranking of the World Scientists“ zerrendaren arabera. Azken eguneraketak erakusten duenez, Michel Armand da, oraindik ere, Estatuko ikertzailerik garrantzitsuena Energiaren alorrean, eta munduko seigarren postura igo da. Gainera, 2019ko lana aztertu ondoren, esparru guztiak kontuan izanda Euskal Autonomia Erkidegoko garrantzitsuena da.
Era berean, CIC energiGUNEko Biltegiratze Termikoaren Arloko zuzendari zientifikoa, Elena Palomo, Euskadiko garrantzitsuena da, eta Estatuko seigarrena, Ingeniaritza Mekanikoaren eta Garraioaren esparruan. Teofilo Rojo, iaz arte Zentroko Zuzendari Zientifikoa izandakoa, berriz, Euskadiko zientzialari garrantzitsuena da 2019an Kimika Inorganiko eta Nuklear arloan.
Stanfordeko Unibertsitateko zerrenda entzutetsuan jasotako CIC energiGUNEko zientzialari taldea Javier Carrascok, modelatze eta simulazio konputazionalaren arloko taldeko liderrak, eta Fisika Kimikoaren arloan Euskadiko hirugarren ikerlari garrantzitsuena denak; eta Heng Zhangek, elektrolito polimerikoen baterien arloko taldeko liderrak, Energia arloko Euskadiko laugarren zientzialari garrantzitsuenak osatzen dute.
Kaliforniako erakunde ospetsuaren zerrenda argitaratutako ikerketen eraginaren arabera egiten da, hainbat faktore kontuan hartuta, egilekidetza edo auto-aipamenen ehunekoa, besteak beste, eta baita indexatutako argitalpen zientifikoen eraginarekin zuzenean lotutako parametro normalizatu batzuen analisi konbinatua ere. Azterlanak profesionalen ibilbide profesional historikoaren ikuspegia ematen du eta baita aztertutako azken urtean egindako lan espezifikoarena ere, kasu honetan 2019koa.
Ildo horretan, azpimarratu behar da komunitate zientifikoak, egoera solidoko baterien “aitatzat” eta litio ion konbentzionaleko teknologia askoren –2019ko Kimikako Nobel Saria merezi izan duenarena, besteak beste– “ideologotzat” hartzen duela Michel Armand. 2019an mundu-mailako erreferentziazko posizioa sendotu du. Planeta osoan aztertutako 7 milioi profesionalen artean, 6. postuan dago Energiaren eremu espezifikoan, eta 223. postuan zerrenda orokorrean. Halaber, Euskadiko liderra da arlo guztiak kontuan izanda, eta Estatu osoko hirugarrena.
1946an Frantzian jaiotako Michel Armandek 80ko hamarkadaren amaieran hasi zuen litiozko bateria birkargagarriei buruzko ikerketa –polimero solidozko elektrolitoarekin duen konbinazioaren bitartez–. Lan horiek, erlazionatutako teknologia nagusien garapenerako aukera eman dute, ibilgailu elektrikoarena, besteak beste. Gaur egun, CIC energiGUNEko elektrolito solidoen ikerketa sailaren arduraduna da, eta bertan, etorkizuneko ibilgailu elektrikoek eramango duten egoera solidoko bateria lortzera zuzendutako lan taldea koordinatzen du.
Elena Palomori dagokionez, Stanforden zerrendak Ingeniaritza Mekaniko eta Garraio arloko euskal erreferente nagusi gisa jartzen du jada, eta Estatuko seigarren posturaino igotzen da “karrera profesionalaren” sailkapenean. Biltegiratze Termikoaren Arloko arduradun gisa, Palomo doktoreak Europako proiektuen kudeaketan esku hartu du, bai zuzendaritzan –6 proiekturen buru–, bai FP6, FP7 eta H2020 esparru-programen ebaluazioan. 2003an, une honetan Bordeleko Unibertsitateko “Zientzia eta Teknologia” masterraren barruan dagoen “Energia eta Garapena” masterra sortu eta 4 urtez zuzendu zuen.
Bestalde, Javier Carrasco 2019ko ikertzaile garrantzitsuenen artean dago, Euskal Autonomia Erkidegoan hirugarren postua lortu baitu Fisika Kimikoaren arloan, eta Estatuan 14. postura igo da. Carrasco doktoreak 2013ko irailetik zuzentzen du CIC energiGUNEko Modelizazio Atomikoaren eta Azterlan Konputazionalen taldea. Ibilbide luzea egin du lehen printzipioen termodinamika atomistikoaren, dentsitatearen teoria funtzionalaren, kimika teorikoaren eta egoera solidoaren fisikaren inguruan.
Heng Zhang, bestalde, elektrolito polimerikoen baterien arloko taldeko liderra da, eta, gaztea izan arren, Euskadiko laugarren ikertzailerik garrantzitsuena da Energiaren arloan. Izan ere, 2016an hasi zen CIC energiguneko doktoretza ondoko ikertzaile gisa, egoera solidoko baterietarako material polimerikoetan. 2018tik manager funtzioa bete du elektrolito polimerikoen linean eta bere ikerketak egoera solidoko baterietarako gatz eta elektrolito berritzaileetan zentratzen dira.
Azkenik, Teofilo Rojok CIC energiGUNEren zuzendaritza zientifikoa utzi zuen 2020. urtearen hasieran, erretiroa hartu ostean. Kasu honetan, nabarmendu behar da 2019ko azterketan Kimika ez-organiko eta nuklearraren arloan Euskal Autonomia Erkidegoko ikertzaileen erreferente nagusi gisa agertzen dela, eta Estatu mailako hamargarrena.
Stanfordeko unibertsitatearen eta Elsevierren zerrenda nazioarteko erreferentzia zientifikoko dokumenturik ospetsuena da profesionalen ikerketa lanaren eragina ezagutzeko. Normalean, bi multzotan banatzen da, azken ekitaldian (kasu honetan, 2019an) eta karrera zientifiko osoan egindako lana aztertzeko xedez.
Gaur egun, munduko komunitate zientifikoaren % 2 garrantzitsuenari buruzko informazioa ematen du, eta, aztertutako azken urteari dagokionez, datu orokor hauek eman ditu: mundu osoan 161.441 ikertzaile jasotzen dira, 16.481 zentrotan banatuta. Estatuan, 2.767 ikertzaile daude, 382 zentrotan banatuta; Euskadin, berriz, 136 ikertzaile daude, 19 zentrotan banatuta.