CIDETEC aurrera doa eraikin energetikoki efizienteak lortzeko bidean

Albisteak, Gipuzkoa

I-climabuilt proiektuak eraikinen inguratzaileetako material eta sistema teknikoak garatuko ditu, ia isurpenik ez izateko helburura gerturatu ahal izateko

CIDETEC Surface Engineering erakundeak I-climabuilt proiektuan parte hartzen du. Egitasmo horrek 16 milioi euro baino gehiago bideratzen ditu Europar Batasunak eraikinetarako definitu dituen efizientzia energetikoko helburuen oinarriak ezartzera. Izan ere, eraikinetako efizientzia energetikoari buruzko zuzentarauaren arabera, eraikin berri guztiek zero inguruko energia-kontsumo-mailara iritsi behar dute 2020tik aurrera. Hau da, eraikinen energia-premiak oso txikia izan behar du, eta, batez ere, energia-iturri berriztagarriekin ase behar da. Gaur egun, eraikinek energia-kontsumo guztiaren % 40 inguru hartzen dute, eta Europan isuritako CO2-aren % 36 inguru sortzen dute.

Horrenbestez, merkatua errotik eraldatzeko premia bizia dugu. Bide horretan, teknologia eta material berriak eta eraginkorragoak hedatu behar dira eraikuntza-sektorean, eta, horri esker, isurpen-maila eta energia-kontsumo ia nulua dituzten eraikinak ezarri ahalko dira. I-climabuilt proiektuak efizientzia-maila egokiak lortzea eragotzi duten oztopoak gainditzeko lan egingo du, eta inplikatutako maila guztiak batuko ditu, hala nola materialen eta sistema teknikoen fabrikazioa eta sistema teknikoak eta osagaien garapena. Aldi berean, kontuan izango ditu faktore ekonomikoak eta finantzarioak ere, horiek definitzen eta kontrolatzen baitute eraikinetako inguratzaile-soluzioei dagokien onarpen soziala.

Hain zuzen ere, CIDETEC Surface Engineering erakundearen helburu nagusia da kalitate handiko eta kostu txikiagoko material omnifobikoak eskaintzea eskala pilotuan, eraikinetako inguratzaileen osagaietan ezartzeko eta baliozkotzeko. Gainera, CIDETECek optimizatu egingo du estaldura omnifobikoak egiteko bere instalazio pilotuaren gaitasuna, materialak bizkorrago onartzeko eta etorkizuneko instalazio esperimentaletan «I-climabuilt» ekosistemari hobeto lagundu ahal izateko.

I-climabuilt proiektuaren azken helburua hornitzaileen eta erabiltzaileen arteko konexioa erraztuko duen negozio-ingurune bat sortzea da, eta, hala, errazago barneratuko dira eraikinen inguratzaileen materialetan eta sistema teknikoetan berrikuntzak egiteko hurrengo txandan baliatuko diren soluzio teknologikoak.

I-climabuilt proiektuak partzuergo indartsu bat elkartzen du, profil osagarriak eta esperientzia handia duten hamaika ETEz eta 16 ikerketa-zentro nabarmenez osatua.

Partekatu

Beste berri batzuk