CIDETEC-ek bateriak testatzeko ahalmena areagotu du, Europa mailan erreferente den laborategi batekin eta 6 milioi euro baino gehiagoko inbertsioarekin

Albisteak, Gipuzkoa

Powertrain-eko entsegu-banku bat, 30 m³-ko “walk-in” ganbera klimatikoak edo bibrazio-mahaiak dira MUBIL Elektromugikortasun Zentroan kokatutako instalazioen osagai berrietako batzuk

CIDETEC Energy Storage, baterien ikerketan espezializatutako zentroak laborategi berri bat jarri du martxan Tolosako MUBIL elektromugikortasun zentroan. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen du gune hori. Instalazio berri horiekin, CIDETEC Energy Storage zentroak orain arte Donostian zeuzkan baliabideak areagotu egingo dira eta, horri esker, zerbitzu hobea eman ahalko die erabiltzaile eta garatzaileei, bateriak optimizatzeko eta aplikazio bakoitzerako ezaugarri onenak hautatzeko helburuarekin.

MUBIL-en kokatutako ekipamenduari esker, mota desberdinetako bateriak testatu ahalko dira, aplikazio bakoitzaren ezaugarriak simulatuta. Halaber, powertrain-eko entsegu-banku batean probatu ahalko dira; izan ere, horrek ibilgailu baten trakzio elektrikoaren elementu guztiak karakterizatzeko aukera ematen baitu, egiazko baldintzen antzeko ingurumen batean. Gelaxkatan, moduluetan eta batterypack osoetan egingo dira probak, eta bateria baten huts egiteko moduak ezagutzeko aukera ematen duten post mortem analisiekin osatuko dira, bateria hori fabrikatu edo erabiltzean hartu beharreko neurri zuzentzaileak ezagutzeko helburuarekin.

Testatzeko ahalmena areagotzeari esker, CIDETEC Energy Storage zentroak I+G arloko eta bateriak testatzeko zerbitzu berriak eskaini ahalko dizkie enpresa eta agente teknologikoei; horrela, teknologia egokiak hautatzen eta aplikazio elektromugikor nahiz geldikorrak doitzen lagundu ahalko du. Eskaintzen diren entsegu moten artean, elementu hauen analisiak nabarmentzen dira: prestazioak, iraunkortasuna, ziklagarritasuna, ezaugarri mekanikoak -bibrazioak eta talka mekanikoa-, abusua eta segurtasuna. Powertrain-eko eta potentzia-elektronikako entsegu-bankuarekin osatzen da erabilgarri dauden entseguen sorta, elektromugikortasunaren arloko produktuen hurbileko ikuspegitik.

Testatzeko ahalmena gelaxka-mailatik 1.200 V eta 250 kW-ko battery pack osoen mailara heltzen da, 30 m3-ko ingurumen-ganbera klimatikoak barne. Ekipamendua osatzeko, battery pack eta moduluen prototipoak egiteko ezinbestekoa den laser bidezko soldadura-estazio bat dago, besteak beste.

1,25 kw-ko testatze-ahalmena daukan laborategi berria Europa mailako onenetakoa da, eta baterien testak eta entseguak egiten 15 urtetik gorako eskarmentua duen langile-talde bat izango da instalazio horien burua.

Partekatu

Beste berri batzuk