CIDETEC-IK4 zentro teknologikoa, plastiko ekologikoak sortzea helburu duen ECLIPSE proiektu europarraren bultzatzaile
Plastiko berriek petroliotik eratorritakoen ordezko garbiagoa eta jasangarriagoa izatera iritsi nahi dute, eta, horretarako, nanoteknologian oinarritutako metodoek emandako propietateak izango dituzte kontuan.
Hondakinetarako material organikotik abiatuta —hala nola banana-landareetatik, almendra-azaletatik edo krustazeo-oskoletatik— plastikoak garatzeko proiektu europar baten buru da Cidetec-IK4 zentro teknologikoa (Donostiako Parke Teknologikoan du egoitza). Plastiko berriek petroliotik eratorritakoen ordezko garbiagoa eta jasangarriagoa izatera iritsi nahi dute, eta, horretarako, nanoteknologian oinarritutako metodoek emandako propietateak izango dituzte kontuan.
ECLIPSE du izena Europako proiektuak, 3 urte iraungo du (2012-2014), eta, besteak beste, Alemaniako, Belgikako eta Espainiako erakunde, unibertsitate eta enpresa garrantzitsuek parte hartuko dute, bai eta Txileko eta Kolonbiako beste erakunde batzuek ere.
Merkatuko material plastiko gehien-gehienak petroliotik eratorritakoak dira, eta ez dute ingurumena errespetatzen. Iragarpenek diote etorkizun hurbilean petrolio gordinaren erreserbak agor daitezkeela —Guberten Gailurraren Teoriak iragartzen du hori, besteak beste—, eta, horrekin batera, gero eta gehiago ari da garestitzen petrolioa. Horrenbestez, azkeneko urteetan ziztu bizian abiatu da lasterketa, petrolioa energia-iturri gisa eta plastikoa eta bestelako produktuak sortzeko lehengai gisa ordezkatzeko formula alternatiboak aurkitzeko.
Gero eta indar handiagoa hartzen ari den alternatiba bat dira azido polilaktikotik abiatuta fabrikatutako plastikoak. Material organikotik erauzten da azido hori, hala nola artotik edo azukre-erremolatxatik. Alabaina, errezeloz hartzen da lehengai horiek erabiltzea, Europako Batasunak berriki argitaratutako txosten batean baitiote (Report COM 2010, on indirect land-use change realted to biofuels and bioliquids) gero eta nekazaritza-azalera handiagoa bideratzen dela bioerregaiak eta bioplastikoak sortzeko landareak haztera.
Fenomeno horren ondorioz, oinarrizko elikagaiak garestitu egiten dira, hala nola artoa eta garia, eta presioa egiten du gero eta sail gehiago erabil daitezen nekazaritza-laboreetarako. Horrek guztiak ondorio suntsitzaileak ditu gutxien garatutako herrialdeetako kontsumitzaile eta nekazari txikiengan.
Hondakin organikoak lehengai gisa
Cidetec-IK4k gidatzen duen proiektuaren helburua da hondakinetarako material organikoetatik abiatuta sortzea plastikoak. Banana-landareak, almendra-azalak edo krustazeo-oskolak lehengai gisa erabiltzeak, gainera, beste abantaila batzuk ere baditu; besteak beste, ez du eraginik elikagaien bukaerako prezioan, eta ez dio zuzenean kalterik eragiten ingurumenari.
Biodiesela egiteko prozesuan sortutako hondakinak (gluzido batzuk) hartzea, eta horiek azido laktikoa eskuratzeko prozesatzea da erabiltzen den prozedura. Ondoren, azido laktikoa polimerizatu egiten dute PLA lortzeko. Une horretan sartzen da nanoteknologia. Hondakin organikoen nanozuntzak gehituta, plastikoek kanpoko agenteen aurrean erresistentzia handiagoa eta propietate mekaniko hobeak izatea lortzen dute.
Ibon Odriozola Cidetec-IK4ko Nanoteknologia Unitateko arduradunaren ustez, ingurumenari dagokionez duen erronkaz gain, “ECLIPSEk helburu ekonomiko bat ere badu, biopolimeroen merkatuan Europako herrialdeen lehiakortasuna handitu nahi baitu, oinarrizko elikagaien prezioa handitu gabe”.
Gaur egun, Europak kontsumitzen du biopolimero gehien mundu osoan, baina, paradoxikoki, biopolimeroen ekoizle nagusia estatubatuarra da, eta artoa erabiltzen du lehengai gisa (eta, horrenbestez, zuzenean lehiatzen da elikagaien ekoizpenarekin). ECLIPSE proiektuak, ordea, biopolimeroak hondakinetatik abiatuta lortzea du helburu, eta, hortaz, ez da lehiatzen elikagai-ekoizleen merkatuan. Beste abantaila bat ere badu, gainera: hondakinetarako materialak erabilita, are gehiago merkatuko litzateke biopolimeroak sortzeko kostua.