CIDETEC Surface Engineering hegazkinetako metalei bigarren bizitza bat emateko lanean ari da
REINTEGRA proiektuak urtebete egin du aireontzietako Al-Li aleazio arinak birziklatzeko helburuarekin lanean
Aeronautikaren sektorea etengabe hazi da azken hamarkadetan eta, horrekin batera, hegazkinen bizitza baliagarria amaitzean sortzen diren hondakinen arazoa agertu da; izan ere, sektorearen exijentzia kualitatiboen ondorioz, ez dira materialak birziklatzen, eta, beraz, hegazkinen hilerriak sortu dira.
Arazo hori aukera berri bilakatzeko asmoz, CIDETEC Surface Engineering-ek Europako REINTEGRA proiektuan hartzen du parte. Proiektu hori CleanSky programaren baitan finantzatuta dago eta Azterlan zentro metalurgikoak zuzentzen du. 2020ko uztailean hasi zen eta 2023ko apirilean amaituko den proiektuaren baitan, betiko baztertu diren aireontzien egitura soldatuetako aleazio metaliko arinak berreskuratzeko metodo berriak garatzen ari dira.
REINTEGRA proiektuan, 3. belaunaldiko aluminio-litio (Al-Li) aleazio desberdinekin osatutako panel soldatuak bereizteko eta desugertzeko askotariko estrategiak ikertuko dira, familia bereko aleazioak berriro birgalda daitezkeela frogatzeko helburuarekin; horrela, aireontziak desegiteko prozesuaren bereizketa-etapak gutxitzeko.
CIDETEC Surface Engineering-en funtzioa desugerketa-prozesu kimiko eta mekanikoak garatzea da, hegazkinen fuselajean helburu estetikoekin eta korrosioaren aurkako babes gisa aplikatzen diren pinturak eta gainazaleko tratamenduak kendu ahal izateko. Horrela, birgaldatze-prozesuan ezpurutasunik ez egotea lortuko da, balio erantsi handiko aleazioen birziklagarritasuna bermatzeko.
Ikerketa horien ondoren, desegite- eta birziklatze-prozesu berriak izango ditugu, soldadura-kupoietan nahiz panel erakusleetan probatuko direnak. Bereizitako metal frakzioak galdaketa-instalazio pilotu batean prozesatuko dira, eta bertan sortutako lingoteekin karakterizazio-entsegu aurreratuak egingo dira. Horri esker, prozesuaren eraginkortasuna balioetsiko da, kostuari, ingurumenean duen eraginari eta efizientziari dagokionez.