“Ciencia en Acción” ekimena BTEKen

Bizkaia

  • Berritzeguneak antolatuta, 35 irakasle izan dira bi egunez BTEKen ekimena zertan den eta hezkuntza-munduan zer aukera eskaintzen dituen ezagutzen.
  • Zientzia proiektuetan oinarritutako hezkuntza-esperientziak ikustea da ekimenaren helburu nagusietako bat.

BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentroa “Ciencia en Acción” ekimenaren agertoki izan da apirilaren 15eta 17an. Berritzeguneak antolatuta, 35 irakasle bildu dira bertan, ekimen honen nondik norakoak aztertzeko.

“Ciencia en Acción” ekimenak hezkuntza-munduan eskaintzen dituen aukerak ezagutzea, zientzia proiektuetan oinarritutako hezkuntza-esperientziak ikustea eta eguneroko ikaste-irakasteko jardueran lagungarriak izan daitezkeen esperimentu errazak azaltzea dira ekimenaren helburu nagusiak.

Lehen eguneko jardunaldian, Rosa Maria Ros, ekimenaren presidente eta Kataluniako Unibertsitate Politeknikoan irakasle denak, ekimena nola sortu zen, zer den eta zertarako abiarazi den azaldu zuen; ondoren Manuel Hernández, Centro Educativo San Mames-en (Peñascal S.Coop) arduraduna, Ciencia en Acción Bilbao-ren bertoko antolatzailea eta Euskadi Irratiko “La Mecánica del Caracol” saioaren ohiko laguntzaileak , ikasgelan egiteko zientzia-esperimentu errazen adibideak erakutsi zituen.

Bigarren egunean berriz, BTEKen ikasleek egiten dituzten tailerrak egin zituzten irakasleek: Hidrogeno eta energia berriztagarrien tailerra eta Robotika tailerra.

Bi eguneko jardunaren ostean, irakasleek proiektu bat prestatu eta landu beharko dute, Ciencia en Acción ekimenaren XIV. edizioan aurkezteko. Zientzietako jakintza-gaietan aritzen diren lehen eta bigarren hezkuntzako irakasleei zuzendutako jardunaldiak izan dira BTEKen egindakoak.

Partekatu

Beste berri batzuk