Deustuk eta TECNALIAk sendotu egingo dute ekintzailetza eta lidergo berritzailea
- Elkarrekin Ekintzailetza eta Lidergo Berritzaileko Master berria eskaintzeko, ‘eginez ikasteko’ modua ematen duen titulazioa.
TECNALIA Research & Innovation Ikerketa Aplikatuko Zentroa eta Deusto Business School (DBS) akordio batera iritsi dira, elkarrekin Ekintzailetza eta Lidergo Berritzaileko Master berria eskaintzeko, ‘eginez ikasteko’ modua ematen duen titulazioa. Ekimen horrek jarraipena ematen dio eta berrindartu egiten ditu TECNALIAk 2007an abian jarri zituen ekintzaileen laguntzarako programak, Team Academy Euskadiren bidez, finlandiar metodologian oinarritutakoak.
Ekintzailetza eta Lidergo Berritzaileko Masterraren helburua da profesional gazteen prestakuntza eta gaitasunak osatzea, ezagutza eta lidergorako eta ekintzailetzarako gaitasun berriekin. Trebetasun horiek ezinbestekoak dira ekimen berriak definitzeko, ebaluatzeko eta martxan jartzeko, inguru dinamiko bateko etengabeko aldaketen eta erronken aurrean, aukerak aprobetxatzeko eta beharrezko erantzuna emateko.
Programa titulu propioa da, aurrez aurrekoa eta denbora osokoa (60 ECTS kreditukoa). Deustuko Unibertsitatearen Bilboko campusean eta TECNALIAn Bizkaiko parke teknologikoan (Derion) eskainiko da, eta hilabeteko egotaldia egingo da Finlandian, Jyvaskyla University of Applied Sciences JAMK erakundean, Team Academy ekintzaileen taldeak sortzera bideratutako metodologia berritzailea sortu zen lekuan.
Ildo horretatik, ikasketek oinarri kontzeptualak ematen dituzten formazio saioak (metodologia berritzailearen bidez, ekintzaren bidez taldean ikastea oinarri harturik) eta teoria praktikan jartzea bateratzen dituzte. Horrela, bada, parte hartzaileek diziplina ugariko taldeak eratzen dituzte eta lehenengo egunetik egiten zaie enpresa erreal bat sortzeko gonbidapena. Horrela, ikaskuntza taldeko ekintzaren bidez garatzen da era proaktiboan, taldeko coachingean oinarrituta.
Ekimena martxan jartzea bi erakundeen artean dagoen Lankidetza Estrategikoko akordioaren barruan dago. Akordio hori 2012an sinatu zen, ikerketan, ikertzaileen prestakuntzan eta teknologiaren transferentzian lankidetzan aritzeko.
Prestakuntzaren alorrean, Deustuk, eta DBSk bereziki, TECNALIAko jendearen garapenerako planetan hartzen du parte, executive eskaintzaren bidez edo in company programak diseinatuz. Horrez gain, TECNALIA gela estatuko eta atzerriko talentua erakartzeko eta ikertzaileen prestakuntzarako erabiltzea pentsatu da. Lankidetza esparru horretan sortu da Ekintzailetza eta Lidergo Berritzaileko Master berrirako berariazko akordioa.
Hezkuntzako eta berrikuntza teknologikoko gaitasunak bateratzeak bultzatuko du talentua erakartzea eta ekintzailetzako gaitasunak garatzea, ekimen honen bidez; hartara, teknologia aurreratua erabiltzen duten enpresa berritzaileak sortzeko negozio ideiak ugaritu egingo dira kopuruan eta kalitatean.
Deusto Business Schooli buruz
Deusto Business School Deustuko Unibertsitatearen negozio eskola da eta Bilbon eta Donostian ditu campusak, baita egoitza bat Madrilen ere. Hezkuntza bikaina eskaintzen du managementeko arloetan eta horretan datza bere ospea. Misio hau du: enpresetako liderrak prestatzea, enpresarako eta gizarterako balioa sortzeko; eta bidezko ekonomiarekin, jasangarriarekin eta pluralarekin konprometituta dago. DBSk bizitza pertsonal eta profesional osoan zeharreko prestakuntza programak ditu: gradua, graduondoa, doktorega eta executive programak. Balioetan oinarritutako prestakuntza, nazioarteratzea eta ikasle ohien sare sendoaren babesa dira bere nortasun ezaugarrietariko batzuk.