Doitasun-teknologia aeronautikako produkzio-sistema berrietarako

Albisteak, Gipuzkoa

Tekniker parte hartzen ari da Aernnovak gidatutako proiektu batean, bere roboten doitasuna hobetzeko hainbat muntaketa-eragiketatan

Aeronautika-industriaren fabrikazio-prozesuen automatizazioa bultzatzeak lehiakortasuna eta produkzio-ahalmenak handitzen laguntzen du baina, aldi berean, ekoizpen-sistema berrien prestazioak hobetuko dituzten soluzioak eskatzen ditu.

Testuinguru horretan, Tekniker zentro teknologikoak Aernnova enpresarako proiektu batean parte hartzen du, hain zuzen ere, Berantevillako (Araba) lantegian aireontziak muntatzeko hainbat eragiketatan erabiltzen dituen roboten doitasuna hobetuko duen soluzio bat diseinatzen.

Doitasun- eta metrologia-ingeniaritzan espezializatutako Teknikerreko ikerketa-taldeak aeronautika konpainiak gidatutako ekimen horretan laguntzen du bere ezagutzarekin eta esperientziarekin.

Teknikerrek “Aernnovaren roboten karakterizaziorako eta zulaketa edo mihiztatze prozesuetan denbora errealean aplikatzeko soluzio kustomizatu bat garatuko du”, Unai Mutilba proiektuko ikertzaile arduradunak azaldu duenez. Horretarako, taldeak “roboten funtzionamendua irudikatzen duten eredu matematikoak” egingo ditu.

“Inplementazioak produkzio-bitarteko horien doitasuna hobetuko du, produktibitatea handituz eta produkzio-kostuak murriztuz”, nabarmendu du Teknikerreko ikertzaileak.

Zentroak eredu matematiko bat garatuko du, roboten funtzionamendua, konposizio geometrikoa eta zurruntasuna irudikatu eta iragarriko dituena, sistemaren doitasuna hobetu ahal izateko lan-posizio desberdinetan. Taldeak eredu hori ezarriko du roboten kontrol-sisteman, haien doitasuna hobetzeko.

Roboten indargunea errepikagarritasuna da, baina ez doitasuna. Horregatik, metrologia-teknikak aplikatu behar dira bitarteko horietan.

Teknologia horietan egiten den ikerketari esker, Aernnovak eta gainerako aeronautika-konpainiek “produktu errentagarriagoak eta iraunkorragoak eskaini, muntaketa-lerroen eraginkortasuna handitu, entrega-epeak murriztu, ekoizpenaren kalitatea handitu, baliabideen kontsumoa optimizatu eta fabrikazio-kostuak asko aurreztu ahal izango dituzte, aeronautika-sektoreak eskatzen duen eskariari erantzunez”, azaldu du Teknikerreko ikertzaileak.

Aernnova buru duen ekimena 2025ean amaituko da, eta aeronautika sektoreko lau enpresa txiki eta ertain ari dira parte hartzen. Teknikerren laguntza jasotzen dute, eragile teknologiko eta zientzia, teknologia eta berrikuntzaren euskal sareko kide gisa. Proiektuak Espainiako Gobernuko Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren laguntza du, CDTIren PTA2022 Programa Teknologiko Aeronautikoaren barruan.

Partekatu

Beste berri batzuk