Donostiak bat egin du Eusko Jaurlaritzak atzerrian praktikak egiteko ematen dituen beken programarekin eta orain 530 beka eskainiko dira guztira
Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak 500 beka sustatu ditu eta Donostiako Udaleko Donostiako Sustapena erakundeak beste 30 bultzatuko ditu. Jaurlaritzaren Nazioarteko Beka programen bidez prestatu diren 800 euskaldunetatik 500 inguruk nazioartekotzearekin lotutako jardueretan lan egiten dute. Gainera, hamar bekadunetik zortzik sei hilabete baino gutxiagoan aurkitzen dute lana.
Berriro ugaritu dira Eusko Jaurlaritzak euskal gazteei eskaintzen dizkien bekak atzerrian praktikak egin ditzaten. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak 500 iragarri zituen urte honetarako eta orain 30 gehiago eskainiko dira, 530 guztira beraz.
Donostiako Udalak bat egin du programa honekin eta horregatik ugaritu dira diru-laguntzak: Udalak 300.000 euro esleituko ditu Donostiako Sustapena erakundearen bitartez, 30 gaztek praktikak egin ditzaten atzerriko enpresa eta organismoetan.
Horrela bada, Eusko Jaurlaritzak 7,3 milioi euro bideratzen ditu Nazioartekotze Bekak proiekturako, eta horri gehitu behar zaizkio Kutxabank osatzen duten euskal aurrezki kutxen gizarte-ekintza ildoak jarri dituen 1,5 milioiak eta Donostiako Sustapena erakundeak emandako 300.000 euroak.
Laguntzak bi modalitatetakoak izango dira. Batetik, Nazioartekotze Beka tradizionalak, iaz 25 urte bete zituzten unibertsitateko lizentziatuentzat direnak. 2009ko ikasturtean, hots, egungo Gobernua indarrera iritsi baino lehen, 32 beka baino ez ziren eskaintzen. Iaz 85eraino hazi zen kopurua eta 2012an 100eraino iritsi dira. Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren Global Training modalitate berriaren barruan beste 400 laguntza eskainiko dira. Hau da, guztira 500 beka dira, baina orain baita ere kontuan hartu behar dira Donostiako Udalak finantzatuko dituen 30ak.
Global Training 30 urte baino gutxiago dituzten gazteei zuzentzen zaie; gazte horiek ingelesa edo beste hizkuntza batzuk menperatu behar dituzte eta goi-mailako, erdi-mailako edo LHko gradu goreneko titulatuak izan behar dute.
Laguntzek bi fase izango dituzte: lehenengoan onuradunek 40-60 ordu bitarteko prestakuntza ikastaro bat jasoko dute (bekaren aurretik) nazioartekotzeari buruzko gaiak lantzeko eta bigarren fasean 6-12 hilabete bitarteko egonaldi praktikoa egingo dute atzerriko enpresa edo organismo kolaboratzaile batean. Global Training programan izena emateko epea bihar (asteazkena) ireki eta ekainaren 30ean amaituko da.
Atzerriko laguntza berri hauek Eusko Jaurlaritzak bultzatu ditu eta hainbat erakunderen laguntzari esker gauzatzen dira. Jaurlaritzak berak finantzatzen ditu 300 beka, Kutxabankek ordaintzen ditu beste 100 gizarte ekintzaren bitartez eta orain 30 gehituko zaizkie, Donostiako Udalak gaur izenpetu duen hitzarmenari esker.
Hainbat euskal erakundek parte hartuko dute beken kudeaketan. Donostiako Sustapena bera izango da horietako bat, berak finantzatzen dituen laguntzez gain, beste 30 kudeatuko dituelarik. Hala, guztira 60 beka kudeatuko ditu (eta horietako 30 finantzatzeko funtsak jarriko ditu).
Bekak eta emaitzak
Nazioartekotze Beketan izandako esperientziak frogatu du atzerrian honelako praktikak egiten dituzten gazteek ia ziurtatuta dutela beren lan etorkizuna. Hain zuzen, hamar bekadunetik zortzik sei hilabete baino gutxiagoan aurkitzen dute lana.
Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Nazioartekotzerako Beken Programan parte hartu duten 800 bekadunetik 500 inguru lanean ari dira gaur egun nazioartekotzearekin lotutako zereginetan.
Bekadunen jomugei dagokienean, Europa da profil berri hau duten profesional gehien hartzen dituen kontinentea, baina, euskal enpresen interes komertzialen norabideari jarraiki, gero eta gehiago dira Txina eta Brasilera doazen bekadunak.
Nazioartekotzearen aldeko apustua
Ekimen honetan parte hartzen duten erakunde guztiek helburu bera dute, alegia, Euskadi lehiakorra eraikitzea nazioartekotutako enpresak oinarritzat hartuta. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak hainbat ekintza jarri ditu martxan lehiakortasuna ekarriko duen nazioartekotzearekiko konpromisoari eusteko, eta ekintza horiek estaltzen dituzte nazioartekotze prozesu orok berekin dakartzan alderdi eta premiak.
Lehenik eta behin, nazioarteko profilak sortu behar dira eta Jaurlaritzak horretarako abiarazi ditu Nazioartekotze Bekak; horietatik 100 iragan apirilean deitu ziren goi-mailako lizentziatuentzat. Eta orain Global Training programan eskaini ditu beste 430 laguntza.
Beken programa hau 2010-2013 Enpresa Lehiakortasun Planean jasotako Ekonomia Irekiaren aldeko apustuaren barnean kokatzen da, izan ere plan hori lehentasunezko ardatzetako bat da eta nazioartekotzeak garrantzi handia du ardatz horren barruan.