Donostiako Teknologia Parkea izan zen Gastronomika kongresuaren inaugurazioko gala-afariaren egoitza

Gipuzkoa

  • Jarduera herrikoiek eman zioten hasiera Donostia Gastronomika-Euskadi Goza Ezazu kongresuari
  • Gazten erronkan partaidetza handia egon da, ekimen horri astelehenen honetan emango zaio jarraipena, profesionalei zuzendutako gainerako jarduerekin batera.

Donostia Gastronomika-Euskadi Goza Ezazu igandean hasi zen, herritarrentzako jardunaldiarekin: batukada batekin eta aurresku batekin, Frantziako ordezkaritzari, edizio honetako gonbidatu nagusiari, ongietorria eman zitzaion. Ehunka pertsona bertaratu ahal izan dira Jean Luc Figueras, Philippe Arrambide edo Romain Fornells bezalako sukaldarien hitzaldiak ikustera. Halaber, Donostiako Gazten Erronka estreinatu da, non Espainiako 12 gazta eta Frantziako 12 gazta dastaketa berezi batean lehiatu diren.

Gauean, 350 gonbidatu inaugurazioko gala-afarian egon dira Miramongo Teknologia Parkean. Afari horren menua Philippe Arrambidek, Cedric Bechadek, Jean Luc Figuerasek, Romain Fornellek, Jean-Marie Gautierrek, Mikel Santamaríak eta Gorrotxategi gozogileek elkarlanean egin dute.

Afarira kongresuko Batzorde Teknikoko kideak ere bertaratu dira: Juan Mari Arzakek adierazi du frantziar sukaldea “sukaldaritzaren jaioterria” dela, baita “munduari sukaldean aritzen erakutsi dion herrialdea” ere. Karlos Arguiñanok adierazi du frantziar sukaldeak “asko erakutsi diola”. Hilario Arbelaitzek frantziar sukaldariak goraipatu ditu “irakasle onenak” direlako, eta euskal sukaldariekin alderatu ditu, bi kasutan, “ez baitituzte beren erroak ahaztu”. Martin Berasategiren ustez “guztiontzako eredu dira, eta eskerrak eman behar dizkiegu”.

Bestalde, Donostia Gastronomika- Euskadi Goza Ezazu proiektuak “irakaskuntzaren alde egin duen apustua” azpimarratu du Roser Torrasek, kongresuko zuzendariak. Pilar Zorrillak, Eusko Jaurlaritzako Merkataritzako Sailburuordeak, afariari amaiera eman dio, “munduko gastronomia-kongresu onena Donostian bakarrik egin daitekeela” adieraziz.

Astelehen honetan kongresu profesionala hasiko da, frantziar sukaldari garrantzitsuenekin, Frantzia baita aurtengo herrialde gonbidatua. Besteak beste, bihar, Alain Senderens, Pascal Barbot, Michel Troisgros, Jacques Maximin eta Michel zein Sebastian Bras izango dira kongresuan. Espainiako sukaldari batzuk ere estreinako aldiz egongo dira hitzaldiak ematen, besteak beste, Carme Ruscalleda, Ángel León, Paco Pérez eta Joan Roca. Off programari hasiera emateko, Espainiako Parrilla Lehiaketa eta Fever-Tree gin tonic lehiaketa egingo dira.

Partekatu

Beste berri batzuk