Ekimen solidarioak: Ingeniariak vs. Koronabirusa

Albisteak, Gipuzkoa

Tecnun-en egoitzatik, Nafarroako Unibertsitateko Ingeniarien Eskolatik, Gipuzkoako Parke Zientifikoan eta Teknologikoan, Unibertsitateko zenbait ikaslek eta langilek, besoak gurutzatuta geratu ordez, hainbat proiektu jarri dituzte martxan COVID19 koronabirusaren pandemiaren kontra borroka egiteko. Miramongo egoitzatik hainbat ekimen sortu dira helburu berberarekin: birusaren kontrako borrokan bat egitea.

 

Pantaila babesleak osasun arloko langileentzat 3D-n inprimituta

Iñigo Ordoñez Tecnun-eko Ingeniaritza Mekaniko eta Materialen Saileko teknikariak egunak daramatza osasun arloko langileentzako pantaila-babeserako biserak ·3Dn inprimatzeko probak egiten. Horretarako, Eskolako 3D-ko inprimagailuak ari da erabiltzen.

Ordóñezek 100 unitate baino gehiago bidaliko ditu Iruñeko eta Madrilgo Nafarroako Unibertsitate Klinikora, eta astelehenetik aurrera hasiko da beste unitate batzuk inprimatzen Donostia Ospitalerako.

Ahalegin handiarekin, Tecnuneko beste profesional batzuekin batera ari da lanean: Juan Carlos Ramos eta Juan Villarónekin, Marcos Llorente Ingeriaritza Medikoko Laborategiko ikertzaile eta ikasle ohiarekin eta Maider Isturiz Unibertsitateko Arkitektura Eskolako fabrikazio digitaleko arloko teknikariarekin. Isturiz lanari azken ukitua emateaz arduratzen da; Iruñeko campusean pantailak mozten ditu.

Iñigo Ordóñezek aipatu duen moduan, Donostiako Poliklinikako Otorrinolaringologia Sailerako materiala emanez egin dute ekarpena.

«Arrisku handia dute, ez zuten babesteko beharrezko babesik eta urpean igeri egiteko maskarak erabiltzen dituzte pazienteei arreta eskaini eta birusetik babesteko. Hori dela eta, duela egun batzuk egokigailu batzuk bidali genizkien erabiltzen dituzten hodiei iragazkiak jarri ahal izateko».

Carlos Chiesa doktoreak, Poliklinikako Otorrinolaringologian adituak, Eskolako lana eskertuz idatzi du: “Zuen laguntzari esker, Snorkeleko maskarak ditugu”.

Ildo horretatik, Carlos Basarte ikaslea, Espainiako hainbat eskualderen artean antolatutako «Coronavirus Makers» taldearekin batera, maskarak egiten ari da. Helburu nagusia aurpegia babestea eta osasun arloko langileek birusarekiko esposizioa saihestea da. Horiek Nafarroako Osasun Zerbitzuak baliozkotu ditu.

«Maskara honela dago osatuta: PLA (plastikoa) bisera, azetato-xafla gardena babes gisa eta zinta elastikoa atzealdean. Soldatzailearen maskararen antzeko funtzionamendua du. Euskadin edo Nafarroan etxean 3D inprimagailua duen oro, edo azetatoa edo zinta elastikoa materialak eman ditzakeen oro gurekin harremanetan jartzea gustatuko litzaiguke Telegram bidez”, adierazi du Carlosek.

Eman erabiltzen ez dituzun tabletak edo telefonoak

David del Río Ceiteko ikerlariak, Fátima Villa doktoregaiaren babesarekin batera, lagundu egin nahi du. Telefono mugikorrak eta tabletak biltzea proposatzen du egoitzetara edo adineko pertsonen etxeetara eramateko, familiartekoekin, lagunekin edo boluntarioekin hitz egin dezaten. Lagundu nahi dutenak Davidekin jar daitezke harremanetan. Horretarako, emaila bidali beharko dute helbide honetara: ddelrio@ceit.es

Bestalde, Tantaka-k hainbat ekimen jarri ditu martxan Donostiako Campusean, unibertsitateko komunitateak berrogeialdian lagundu dezan.

  • Applika Tecnun

Juan Francisco Carias-en, Industria Antolaketa Saileko doktoregaiaren, ikuskaritzapean, ikasle talde batek etxetik lanean jarraitzen du Applika proiektuan. Egunotan lagundu nahi duten guztientzat dago zabalik proiektua eta ekimen hauetan zatitzen da:

  1. En Bici Sin Edad elkarteari boluntariotza-jarduerak kudeatzen lagunduko dion aplikazio mugikorra egitea
  2. Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoa eta Mugarik Gabeko Paliatiboak GKE-etako baliabide sozio-sanitarioak digitalizatzeko aukera emango duen datu-basea diseinatzea
  3. Telefono bidezko harremanari ekitea kostatzen zaien pertsonekin konektatzeko helburuarekin, Itxaropenaren Telefonoari laguntza emango dion txata prestatzea.
  • Elkartasun Sareari laguntza

Era berean, Tantakatik, unibertsitateko komunitatea animatu nahi da Eusko Jaurlaritzak antolatutako elkartasun-sarearekin bat egin dezan, Caritas edo Gurutze Gorriaren moduko hainbat gizarte-erakunderen laguntzarekin.

«Guztion Artean» sareak boluntarioak eskatzen ditu. Boluntario horiek, beti segurtasun-neurriak betez, desgaitasuna duten pertsonei, adinekoei edo koronabirusaren hedapenak eragindako pandemia dela eta arrisku-egoeran dauden pertsonei erosketak egingo dizkie. Era berean, farmaziara joango diren edo pertsona horien txakurra paseatzeko beren burua eskainiko duten pertsonak ere behar dira.

  • Adineko pertsonei bideokonferentzia bidez laguntza eskaintzea

Isolatuta dauden adineko pertsonen egonaldia arintzeko helburuarekin, Tantakak honako hau proposatzen du:

  1. Laguntza indibidualizatua eskaintzea bideokonferentzia edo telefono bidezko kontaktuaren bidez
  2. Kontzertu txikiak antolatzea zuzenean eta online, edo kontakizunak eta poemak irakurtzea

Leire García Adinkide elkarteko gizarte-langilearen testigantza: «Une hauetan, eskain daitekeen guztia ongietorria izango da. Batzuk oso bakarrik daude eta oso gaizki ari dira pasatzen».

LAGUNDU

Tantakak bultzatutako jarduerei buruzko informazio gehiago eskatu nahi dutenek pberroa@tecnun.es  helbidera idatz dezakete edo WhatsApp bat bidal dezakete 669 02 05 19 telefonora

Partekatu

Beste berri batzuk