Elkano nazioarteko mugikortasun-beketan izena emateko epea zabalik
• UPV/EHUren 15 unibertsitate-tituludunek bekak eskuratu ahal izango dituzte praktikak egiteko, atzerrian egoitza duten elektronika, informatika eta telekomunikazioen sektoreko euskal enpresetan.
• Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta GAIA-Cluster TEICek sustatutako Programaren aurreko lau aldietan, 43 ikaslek parte hartu zuten.
• Hasiera-hasieratik, 2006ko iraila, programak lortutako emaitza onak ikusita, bi erakundeek aurrera egitea erabaki zuten. Programa hau bereziki interesgarria izan daiteke, batetik, tituludun berriak lanean has daitezen, eta, bestetik, lana bilatzeko aukera gehiago izan ditzaten.
• Izena emateko epea irailaren 1a arte egongo da zabalik, eta parte hatzeko oinarriak honako web orri honetan eskura daitezke: www.ehu.es/elkano
Gaur, ofizialki ireki da ELKANO nazioarteko mugikortasun-beken programaren V. aldian izena emateko epea. UPV/EHUren unibertsitate-tituludunek Elektronikaren eta IKTen sektorean diharduten eta atzerrian egoitza duten euskal enpresetan praktikak egin ahal izango dituzte, 6 eta 12 hilabete bitartean. Izena emateko epea zabalik egongo da, irailaren 1a arte. Informazio gehiago eskuratu, eta izen-emateko orria bete nahi duten guztiek honako web orri honetan kontsulta dezakete: www.ehu.es/elkano.
Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elektronika, Informatika eta Telekomunikazioen Klusterrak (GAIA-Cluster TEIC) antolatutako Elkano Programan parte har dezakete bai UPV/EHUren Gipuzkoako Campusaren unibertsitate-tituludunek, bai UPV/EHUren beste bi campusetan ikasketak egin dituzten gipuzkoarrek.
Elkano programa, Leonardo da Vinci gisako mugikortasun-beken planteamendu bera egiten duena, bat dator, tituludun berriei dagokienez, UPV/EHUk finkatutako helburuarekin; izan ere, tituludunen mugikortasuna sustatzeko, diziplina anitzeko nazioarteko taldeetan beren gaitasun profesionalak hobetzeko eta beren enplegagarritasuna edo ekintzailetza errazteko xedea du.
Bestalde, GAIA-Cluster TEIC-ek azpimarratu duenez, garrantzitsua da euskal enpresetarako trebatuak, motibatuak eta nazioartean ongi prestatuak dauden langileak izatea.
Diziplina orori irekita egon arren, parte hartzen duten enpresen profila kontuan hartuz, deialdia bereziki interesgarria da honako jakintza-arlo hauetako tituludunentzat: informatika-ingeniaritza, ingeniaritza elektronikoa, telekomunikazioen ingeniaritza, mekanika, antolakuntza-ingeniaritza, eta baita enpresen administrazioa eta zuzendaritza ere.
Parte-hartzaileek GAIA-Cluster TEIC-i elkartutako enpresetan edo erakunde laguntzaileetan egingo dituzte praktikak, askotariko herrialdetan; besteak beste, Estatu Batuetan, Indian, Mexikon, Brasil, Txinan, Frantzian, Belgikan, Britainia Handian, Uruguayn, Alemanian, Austrian eta Indian. Programaren lehenengo lau aldi arrakastatsuetan 43 ikaslek parte hartu dute.
ELKANO programa hiru fasetan garatzen da:
• I. Fasea: parte-hartzaileek prestakuntza-ikastaro bat egiten dute, honako gai hauei buruz: kanpoko komertzioa; internazionalizazioa; alde askotako proiektuen kudeaketa; enpresa-gaitasunak; eta, kulturartekotasuna.
• II. Fasea: 3 eta 6 aste bitarteko praktikak egitea “harrera” enpresetako Euskadiko egoitzetan, erakundeak eta beren laneko planak hobeto ezagutzeko.
• II. Fasea (2011ren urtarriletik aurrera): 6 eta 12 hilabete bitarteko praktikak egitea atzerrian.