Elkarrizketa: Iñigo Bengoa, LKS Tasaciones SAUko arkitekto teknikoa, 2018ko “Parkerako Erronka bat” ekimeneko irabazlea, Bizkaiko Parkean
“Aurkitu Parkean” proposamena aurkeztu zuen, eta epaimahai ebaluatzaileak urtero Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak antolatzen duen berrikuntzako ekimen irekiko ideia irabazle hautatu zuen. Aire zabaleko proposamena, bai enpresetako langileentzat, bai Bizkaiko Parkera hurbiltzen den edozein pertsonarentzat
Zertan datza “Aurkitu Parkean” aurkeztu duzun ideia irabazlea?
Proposatutako ideiaren bidez, Parkearen barruan orientazio-espazio iraunkorra sortzea da helburua, mapa batean aurretik zehaztutako lekuak Parkean zehar bilatzeko. Hori guztia, leku berezienak modu dibertigarrian eta atseginean ezagutzeko, eta Parkean dauden enpresak eta horien kokapena ezagutzeko.
Horrela, natura-ingurunean kirol-jarduera bultzatu nahi da, bai familian, bai bakarka, eta, aldi berean, Parkeko leku, eraikin eta enpresak ezagutzera eman nahi dira.
Zer ekarpen uste duzu egingo diola Bizkaiko Parkeari, oro har?
Ikuspegi berria. Alde batetik, Parkean lan egiten dutenek beren ohiko lanaz bestelako jardueraz gozatu ahalko dute eta, gainera, ohiko ordutegitik kanpo egin ahalko dute eta ondo pasatu Parkean. Bestetik, Parketik kanpoko jendea ere erakarriko du, eta, horrela, Parkearen beraren erakargarritasuna ezagutuko dute.
Lan-ingurunea bizitzeko beste modu bat, ez?
Parkea, berez, gainerakoak ez bezalako lan-ingurunea da; izan ere, natura-ingurunez inguratuta dago, eta, ondorioz, atsegina da. Hori dela eta, Parkean zehar ibiltzea helburu duen jarduera interesgarria izan daiteke, ohiko zereginetik deskonektatzeko.
Zure proposamenarekin, argi geratzen da Parkeak zenbait “berezitasun” dituela. Aipatuko dizkidazu batzuk?
“Berezitasun” aipagarriena natura-ingurunea dela esango nuke; zuhaitz barietate handia du eta oso ingurune atsegina da. Bestalde, lanegunetatik kanpo bertan dagoen lasaitasuna eta segurtasuna ere aipatu nahi ditut, horrek familian hurbiltzera bultzatzen baitu.
Lehenengoz aurkeztu zara ekimen honetara?
Ez, aurretik ere aurkeztu naiz. Parkeen sareak urtero proposatzen duen “Parkerako Erronka bat” ekimen bikaina iruditzen zait; hori dela eta, horrekin aurrera jarraitu beharko litzatekeela uste dut.
Animatuko al zenituzke enpresetako langileak “Parkerako Erronka bat” ekimenean parte hartzera?
Jakina, eta Parkeko gainerako langileentzat interesgarriak izan daitezkeela uste duten ekimenak proposatzera. Ziur ideia oso erakargarriak dituela jendeak eta Parkean lagundu gaitzaketela.
Aurten, Bizkaiko Parkeak zure ekimena abian jarriko du, eta horretarako baliatuko duen aurrekontua gehienez 15.000 eurokoa izango da, oinarrietan jaso den bezala. Ziur harro egongo zarela…
Ekimen hori aspaldi darabilkit buruan, eta, Parkea aurrera eramateko ahal diren baliabide guztiak jartzen ari dela ikustean, harro eta pozik sentitzen naiz.