Elkarrizketa: Itziar Santxez, Fisika Zientzietan lizentziaduna, eta Imatek Advanced Technologies enpresan CEOa
IoT teknologia aurreratuan erreferentziazko enpresa da Imatek, eta bezeroaren neurrirako soluzio adimentsuak eskaintzen ditu. Herritarrak, ingurumena eta industria babesteko soluzioak eta erabilera-aplikazioak, modu adimentsuan ekiteko aukera ematen dietenak.
SMART CITIES eta SMART INDUSTRIESetarako doitasun handiko IoT ekipoen diseinuan eta garapenean espezialista da Imatek.
Sortzen dituen IoT ekipo adimentsuen bitartez, edozein magnitude fisiko (tenperatura, presioa…) neurtzeko gai da, edozein gailuri (mugikorra, tableta, smartwatcha, PCa…) ondoriozko datuaren irakurketa eta interpretazioa errazteko eta gure soluzioen garapenak atzean duen ingeniaritzaren inguruko batere ezagutzarik ez duen edozein erabiltzaileri erakusteko; horretarako, aurkezpen intuitiboa eta azkarra eskaintzen du, eguneroko lanak eta araudia betetzeko beharrezkoak diren lanak egiten laguntzen duena.
Halaber, saiakuntza akustiko, elektromagnetiko eta argi-saiakuntzen laborategia ere bada, 20 urte baino gehiagoko esperientziarekin.
Gaur egun hedatze-prozesuan gaude, eta Madrilen, Bartzelonan, Galizian, Sevillan, Granadan, Almerian, Cadizen, Extremaduran eta Bizkaia eta Gipuzkoan ditugu partnerrak gaur egun. Laster sartuko dira kide berriak gure partner-sarean, Portugalen, Andorran, Leonen, Oviedon eta Gijonen.
Nazioarte-mailan, epe labur eta ertainean, herrialde askotan egotea aurreikusten dugu; epe laburrean, Amerikako Estatu Batuak, Mexiko, Brasil eta India dira gure helburuak.
Enpresa bereizten duten ezaugarriak
- IoT edo Gauzen Internetera bideratutako sentsore-zorrorik handiena dugu nazio-mailan, eta edozein magnitude fisiko (tenperatura, presioa…) neurtzeko gai gara, bezero bakoitzaren eta behar bakoitzaren neurrirako soluzio berritzaileak eskainiz.
- “Zehaztasuna da gure arrakastaren gakoa”; horixe da gure leloa, lehenengo IoT ekipoak sortzerakoan zehaztasuna bilatzea izan baitzen arrakasta lortzera eraman gintuena. Quality Innovation Award Euskadi (2017) izan zen jaso genuen lehen saria, eta finalista izan ginen nazioartean. Beti esaten dudan bezala, daturik gabe ez dago informaziorik, informaziorik gabe ezin da erabakirik hartu, eta hartutako erabakiak zuzenak eta zentzuzkoak izan daitezen, beharrezkoa da erabakien oinarrian dauden datuak zehatzak izatea. Horregatik da horren garrantzitsua Imatek enpresarentzat IoT ekipo zehatzak sortzea, datu horiekin hartu behar baitituzte erabakiak hiriek eta industriek.
- Soluzio integrala sortzeko beharrezko ziklo osoa egiten dugu: IoT ekipoa garatu (hardwarea+ elektronika+ programazioa) + Interneterako konexioa + hodeian biltegiratzea + segurtasuna + datuak web-plataforman monitorizatzea.
- Gure web-plataformaren bitartez, udalerri edo industria bateko ingurumen-teknikariak araudia betetzeko behar dituen txostenak atera daitezke. Laborategiarekin, bestalde, gure bezeroei lagundu eta aholku eman diezaiekegu, araudia betetzeko ekintzarik egokienak aukera ditzaten.
- Jasangarritasunarekin eta ingurumenaren babesarekiko dugun konpromiso handiak bereizten gaitu, eta hala erakusten dute ditugun ziurtagiriek (14.001 EMAS, OHSAS 18001 eta 14.006 Eko-diseinua). Ziurtagiri horiek bermatzen dute gure IoT ekipoak eko-diseinatuta daudela, eta modu jasangarrian diseinatzen dela produktuarekin bizitza-ziklo osoa. Hala erakusten dute jaso ditugun sariek ere: Quality Innovation Award Euskadi (2019) Berrikuntza Arduratsuaren Saria eta sistema adimentsu eta integralen europar plataformak ematen duen EPoSS Award 2019 saria IoT ekipo beragatik; eta hiru aldiz jarraian irabazi du Imatekek Quality Innovation Award Euskadi Saria, 2017an, 2018an eta 2019an, hain zuzen ere.
- Ingurumen-lankidetzako Erakundea (ILE) gara, 16R04/2019/00002387 zenbakiarekin.
- ENAC erakundeak 1327/LE2461 zenbakiarekin ziurtatutako Saiakuntzen Laborategia gara.
- Eraikuntzaren kalitaterako saiakuntza-laborategia ere bagara, PVS-L-032 zenbakiarekin.
- Lokal, komertzio, industria… berrien jarduera-lizentziak eskuratzeko beharrezko neurketa akustikoak egiten ditugu, zarata-mapak, mapa elektromagnetikoak eta argikuntza-mapak, egokitzapen akustikoko azterlanak eta Eraikuntzaren Kode Teknikorako neurketak, CTE.DB HR Zarataren aurkako babesa (Eraikuntzaren Kode Teknikoa).
- Emakume eta gizonen Berdintasunerako Erakunde Kolaboratzailea ere bagara, hasieratik egin baitugu horren aldeko apustu garbia.
- Garapen Jasangarrirako 17 Helburuak (GJH) betetzeko Nazio Batuen Munduko Itunean parte hartzen dugu, ingurumenarekin, ingurunearekin eta gizartearekin dugun konpromisoa dela eta; 10 printzipio eta 169 helmuga jasotzen ditu itun horrek.
- IoT ekipo adimentsuetan, Smart City eta Industryan I+G+b ziurtagiria (166.002) dugu, eta Enpresa Txiki eta Ertain Berritzailea gara. Zigilu horrekin, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak ikerkuntzaren, garapen teknologikoaren eta berrikuntzaren arloetan jarduerak egiten dituzten enpresak aintzatesten ditu.
Gizarteari zer ekarpen egin nahi dioten…
- Ongizate eta bizi-kalitate hobea, hiriei eta hirien inguruneei egiten dizkiegun ekarpenen bitartez. Betiere, herritarrak, ingurumena eta industria babestuko dituzten soluzio adimentsuetara bideratuta, eta horiek martxan jarrita.
- Segurtasun eta lehiakortasun handiagoa industriaren esparruan.
- Azken batean, soluzio jasangarri, garagarri eta eskuragarriak eskaini nahi ditugu hainbat esparrutan, hala nola gobernantzan, hiri-bizitzan, mugikortasunean, segurtasunean, hezkuntzan, osasunean eta garraioan, gure inguruneko objektuen arteko konexio digitalei esker herritarren bizimodua hobetuko dutenak. Erabiltzaile-esperientzia hobetzera eta erabakiak ahalik eta modurik azkar eta zentzuzkoenean hartu ahal izateko beharrezko datuak eskaintzera bideratuta.
Eta zer ekarpen egiten dio Euskal Parkeen Sareari? …
Ekosistema teknologiko batean, IoT edo Gauzen Interneten erreferente den kide bat, bere ikerkuntzak Parkeko gainerako kideei zabaltzeko bere burua eskaintzen duena, haiek ere gure artean gelditzeko iritsi zaigun “jarduteko modu” batean inplika daitezen. Beti esaten dudan bezala, “Berritzea ez da ustekabeko aurkikuntza, jarrera iraunkor baten emaitza baizik. Gure funtsezko jarrerarena”.
Nazioarteko proiekzioa izateko, zer izan behar du enpresa batek?
Nazioarteko proiekzioa duen enpresa batek ezaugarri jakin batzuk izan behar ditu; besteak beste, nazioarteko merkatuari aurre egiteko beharrezko baliabideak eta, garrantzitsuena, pentsamolde globala, muga geografikorik gabea, eta kontzientzia unibertsala. Hori ezinbestekoa izanik ere, ez litzateke nahikoa izango enpresa horren produktuak edo zerbitzuak ez balira egongo garatzeko edo bilakatzeko ikuspuntu batetik sortuta, kontzeptu hori ekoizpenaren, merkaturatzearen eta marketinaren esparruetako maila globaleko sinergien bitartez ulertuta. Horretarako, funtsezkoa da berariazko ezagupen teknologikoak eta enpresa-zuzendaritza eta -kudeaketako gaitasunak izatea –ondasun eta zerbitzuen merkaturatzea eta banaketa, antolakuntza- eta zuzendaritza-gaitasuna, teknologia berriak sortzeko gaitasuna–, bai eta diru-sarrera sortzaile izango diren baliabideak eta, oro har, aktiboak izatea ere.
Horri guztiari Imateken dugun globalizazio-izpiritu sendoa gehitzen badiogu, nazioarteko proiekzioak ez du batere mugarik.
Eta ondo ezagutu behar du merkatua eta dauden arriskuak, eta bere produktua edo zerbitzua merkatu jakin horretan nola datorren azaltzen duen analisia ere egin beharko du.
Duen filosofiagatik, gustuko duzun enpresa bat.
Imatek (barrezka)… Imateken filosofia da berotasuna (B), erronka berri bakoitzean lan egiteko; iraunkortasuna (I), ingurumena eta gure ingurunea zaintzeko helburuz; berrikuntza (B), beharretara egokituko diren soluzio berriak sortzeko; abangoardia (A), horretarako ari baikara beti ikertzen, beti urrats bat aurrerago joateko; eta zehaztasuna (Z), erabakiak datu zehatzekin hartuko direla bermatzeko (Imatek-ekin, BI BAZ). Baina Apple ere gustuko du: Zera esaten zuen Steve Jobsek: “Mundua aldatzeko gai direla uste izateko adina erotuta daudenak dira… mundua aldatzen dutenak”. Existitzen ez ziren gauza berri eta ezberdinak sortzeko zuen grina gustatzen zait; erabakigarritasun osoz egiten zuen, inork egiten zuen hartan sinetsi ez eta merkatuan sortu nahi zuen horren beharrik ikusi ez arren. Berak argi zituen gauzak, eta horren aldeko apustu irmoa egiten zuen. Bere erabakigarritasunaz eta egiten zuenagatiko grinaz, etxetik eta lan-tokitik lan egiten dugun modua aldatzea lortu zuen; berak sortu zuen interfaze grafikodun eta mahai-gaindun lehenengo ordenagailua eta, jakina, baita iPada ere; horri esker ditugu gaur egun Internet, musika, bideoak… gure poltsikoan eta etxean. Ameslari eta eredu bikaina izan zen, hari jarraitu beharko genioke mundua eta lan egiteko modua aldatzeko, eta herritarrari bere egunerokoa errazteko modua bilatzeko.
Talentuarekin batera, beharrezkoa da…
Ahalegin handia, pertseberantzia handia, ilusio handia eta berotasuna. Baina, batez ere, langileei prestakuntza ematea eta haiek estimulatzea, motibatzea eta aintzatestea, langileak baitira konpainiaren aktibo nagusia; haiek gabe, ezinezkoa litzateke helbururik lortzea.
IMATEK Advanced Technologies ingurumenarekin eta sentsore adimentsuekin, industriarekin eta automatizazioarekin lotutako proiektuetan esperientzia luzea duten profesionalez –fisikariak eta ingeniariak- osatuta dago. Lantalde oso sortzailea eta motibatua du, erronka berriei aurre egitea eta erronka bakoitzaren neurrirako soluzioak eskaintzea gustatzen zaiona. Egiaztatu nahi duzu?
Non aurkitzen dituzu zure enpresarako behar dituzun talentuak?
Unibertsitateetan, prestakuntza-zentroetan –GAIA, EGAZ Txorierri…– eta Bizkaia Talenten datu-basean.
Nire lan-mahaian edo bulegoan beti dago…
Ura, egutegi bat eta nire inspiratzaile nagusia den Einsteinen argazki bat, bere esaldi ezagunarekin: “Irudimena jakinduria baino garrantzitsuagoa da”; baita nire jatorria eta maite ditudan pertsonak gogoratzeko argazki pertsonalak ere.