Elkarrizketa: Javier Etxeberriari, Ibermática Industriako zuzendariari
1973an sortuta, Ibermática konpainiak gaur egun 3.000 lagun baino gehiago ditu lanean 10 herrialde baino gehiagotan. Urte hauetan guztietan enpresekin eta administrazio publikoekin lan egin duzue, aukera teknologikoak zabalduz.
1.- Zer zerbitzu eskaintzen ditu Ibermáticak?
TI eta eraldaketa digitaleko proiektuak jarduera-sektore guztietara egokitzen ditugu, arreta berezia jarrita bezero bakoitzaren erronka partikularrei, eta haien beharretara egokitzen gara, baina errealitate teknologiko orokorrak ikuspegitik galdu gabe. 4.0 industria eta eraldaketa digitaleko proiektuak espezializazio-foku argiak dira, beste sektore batzuk ahaztu gabe, hala nola Osasuna, Telco, Finantzak, Utilities eta Administrazioa eta Zerbitzuak.
Gure jarduera “tradizionalena arlo hauetan oinarritzen da: aholkularitza, azpiegitura-zerbitzuak, informazio-sistemen integrazioa, outsourcing eta enpresa-kudeaketako irtenbide txertatuen ezarpena. Hain zuzen ere, gaur egun Espainian dagoen esternalizazioari buruzko azterketak, Whitelane Researchek Quint Wellington Redwoodekin lankidetzan egindakoak, beti jarri izan gaitu lehen postuan haien adierazleetan, enpresek ematen dituzten puntuazioetan puntuazio altuenarekin, urtez urte. Gainera, Lean IT arloan ziurtapena duten profesionalen kopuru altua dugu, prozesuetatik alferrikakoa dena kentzeko metodologia dugu eraginkortasun handiena lortzeko.
2.- 10 herrialdetan baino gehiagotan daude. Nondik joango da enpresaren hedapena datozen urteetan?
Hain zuzen ere, konpainia multinazionala gara, Europan eta Amerikan 10 herrialdetan baino gehiagotan gaude. Espainian, Portugalen, Andorran, Mexikon, Perun, Txilen, Argentinan eta Estatu Batuetan ditugu bulegoak. Hedapena da oraindik ere gure helburuetako bat eta garatzen jarraituko du. Epe labur-ertainean helburua, batez ere, Europako merkatu estrategikoetan eta Latinoamerikan negozio-bolumena eta presentzia zabaltzea da.
3.- Zer proiektu garrantzitsu nabarmen ditzakezu?
4.0 industrian sar daitezkeen zerbitzu guztiak eskaintzeko gai den enpresa bakarra gara. Izan ere, bereizlea den posiziotik abiatzen gara, inork berdindu ezin dituen arloetan (ingeniaritza, kudeaketa, lantegia…) integrazio-egoerak lortzeko gai baikara. Posizio horretatik, SMCA (Soziala, Mugikortasuna, datuen Analisia eta Cloud) elementuak gehituta, eta beste elementu multzo batekin batera: sistema ziberfisikoak, robotika, errealitate areagotua, sentsorikoa eta zibersegurtasuna, benetan lortu dugu 4.0 Industriako proiektu arrakastatsu ugari garatzea, eta hori oso gutxik esan dezakete oraindik.
Automobilgintzaren sektorea da, esaterako, fabrikazio-kalitatearen parametroei dagokienez zorrotzena. Aurten sektoreko enpresetan zenbait proiektu osatu ditugu, esaterako, Mercedes edo Volkswagenen, edo Pierburg eta MicroDecon, lantegietako IoT-irtenbideak ezarri ditugu horietan, eta gure IberCloud plataforman biltegiratzen dira Big Data tekniken bidez aztertzeko; hala, produktuen kalitatea etengabe hobetzen da eta kostuak murrizten dira.
4.- Etorkizuneko enpresak oinarri teknologiko sendorik gabe mantendu eta hazi ahal izango al dira?
Hala izatekotan salbuespenak izango lirateke. Sektore guztietako enpresek, ezinbestean, nahiz eta bakoitzak bere erritmoan, prozesuak aldatzen dituzte, baita negozio-ereduak ere. Horretarako teknologiaren egungo aukerak erabiltzen dituzte eta gailu berriek erabiltzaileengan sortu dituzten ohitura eta itxaropenei erantzuten diete. Aro digital berri honek dakartzan aukerek bultzatuta egin dezakete, edo elementu eraldatzaile batek joko-arauak aldatu eta egungoen lekua hartzeko gai izango den lehiatzaile berria sor dezakeen mehatxuagatik.
Negozio-eredu berriak dira 2000. urtean Fortune 500 zerrendan ageri ziren enpresen % 50 baino gehiago desagertzearen arrazoi nagusia. Eraldaketa digitala errealitatea da eta hasi besterik ez da egin, beraz, oraindik iritsi ez den sektore askotara iristea espero da. Gure aukera aprobetxatu behar dugu, ausartzea da kontua. Ezin gara eroso geratu, aukera hori aprobetxatzeko eta bide egokia egiteko prest egon behar dugu, ez baitakigu zer unetan ager daitekeen. Arrakastaz aurre egiteko aliatu ona gara gu.
5.- Zer ematen dizue Parkeen ekosistemak?
Parke Teknologikoak gurearen moduko enpresa batentzat ingurune naturala dira, profesionalak oso eroso egoten dira lanerako. Horregatik eraman genituen gure bulegoak bai Bizkaian, bai Araban, hiriburuko erdigunetik Parke Teknologikoetara. Gipuzkoan alderantziz gertatu zen, eta Parke Teknologikoa izan zen gu geunden lekura mugitu zena 🙂 Txantxa moduan diot, baina izatez egia da, Ibermática Miramonen Parkea baino lehenagotik baitzegoen Miramonen”.