Elkarrizketa: Roberto Garcia Villaverde, AGRUPALAB enpresako kudeatzailea
AgrupaLab oinarrizko baliabide den ura aztertzen, kontrolatzen, zaintzen eta kudeatzen eta hondakinak eta lurrak behar bezala kudeatzen espezializatutako enpresa da. Era horretako lanak egiteko, sektoreko teknika eta teknologia berrienen laguntza duten prestatutako profesionalez osatutako lantaldea dauka.
Berriki inauguratu dute beren egoitza, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko 805 eraikinean.
1.- Analisiaren merkatua da zuen enpresaren helburu nagusia baina, zein da, zehazki, egiten duzuen lana?
AgrupaLabek ingurumen-matrizeen laginen gaineko analisi-zerbitzuak eskaintzen ditu. Hau da, lurzoruen analisia, industria-hondakinen karakterizazioa haien helmuga definitzeko helburuz, eta uren era guztietako analisiak (edateko urenak, hondakin-urenak, ur kontinentalenak, lurrazpikoenak, lixibiatuenak, etab.). Aurrez esandakoaz gain, hirugarrenentzako laborategiak ustiatzen ditugu, kalitatearen inguruko aholkularitza-zerbitzua ematen dugu, eta enpresa batzuei beren I+G+b proiektuetan laguntzen diegu laborategi esperimental gisa.
2.- 2016an AgrupaLab sortu ondoren, helburu nagusia zen ENAC (Entidad Nacional de Acreditación) erakundeak ematen duen 17025 ziurtagiria eskuratzea. Zer esan nahi du hori eskuratzeak?
Bete-betean funtzionatzen duen Laborategia izan eta analisi-ziurtagiriak eman ditzakeen arren, merkatuak bestelako kalitate-bermeak eskatzen ditu, emaitzek aplikagarri diren legeei adostasuna edo adostasunik eza eman diezaieketelarik. ENACek kalitate hori bermatzen du emaitzetan, UNE-EN ISO/IEC 17025 ziurtagiriarekin.
Kontuan hartu behar da, kalitatearen arloan gero eta zorrotzagoa den araudi batekin eta merkatu gero eta lehiakorrago batean, beharrezkoa dela emaitza fidagarriak bermatuko dituen entsegu-laborategi bat hautatzea. Gaitasun tekniko handiena bermatuko duen laborategi bat hautatzea babes handia da gure produkturako, eta bermea gure bezeroentzako. Gainera, nazioarteko hitzarmen-sistema bati esker, ENACek egiaztatutako laborategien emaitzak errazago onartzen dituzte atzerriko merkatuek. Eta horrek kanpoko merkatuetara irteteko bidea errazten digu.
3.- Zeintzuk dira zuen lehentasunak, epe laburrera eta ertainera begira?
Epe laburrera begira, merkatuan sendotzea, negozioa finkatzea eta bezeroen leialtasuna lortzea; dagoeneko frogatuta dugun kalitatezko zerbitzuarekin, erantzute-denbora azkarrarekin eta, besteak beste, azken ziurtagiria eman aurretik, beren emaitzak kontsultatzeko helburuz, laborategiko beren laginen bilakaera denbora errealean ikusteko aukera ematen dien WEB plataforma batekin.
Gaur egun, oinarriak finkatzen ari gara, I+G+b proiektuetarako lankidetza- eta partaidetza-hitzarmenen bitartez, etorkizunean sektoreko lehen ilaran jarraitzea ahalbidetuko diguten zerbitzu eta produktu berriak eratzeko helburuz. Hori, jakina, epe ertainera begira.
4.- Gaur egun, AgrupaLabek 13 langile ditu, esperientzia profesional handikoak. Kopuru hori laster handitu ahal izatea espero duzue? Zer eratako profesionalak ditu zuen enpresak?
Etorkizuna ziurgabea da berez, baina behar adinako diziplinarekin eta ezarri dugun negozio-planarekin jarraitzeko bezain ondo antolatzen bagara, bi urteren buruan langile gehiago izango dugula espero dugu. Agrupa Laboratorio enpresako profesionaletako askok 15 urte baino gehiagoko esperientzia dute sektorean; denetik dugu, Kimika eta Biologia Zientzietan lizentziadunak, Analisi Kimikoetan Goi Mailako Teknikariak… Giza Harremanen arloko gure erronketako bat da profesionalen etengabeko prestakuntza eta garapena. Lantalde lehiakorra eta kohesionatua lortzea, gure jarduerak eskatzen duen mailan egongo dena, eta emaitza indibidual zein kolektibo ahalik eta onenak lortu ahal izatea.
5.- Agrupalab bezalako enpresa batentzat, zer abantaila dakartza Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean egoteak?
Inguru fisiko abantailatsua izateaz gain, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen kokapena ezin hobea da. Gure ustez, edozein tamainatako enpresa berritzaile batek bi arrazoi nagusi ditu Parkea aukeratzeko.
Batetik, Parkeak berak ematen duen laguntza aipatu beharra dago. Instalazioak eskura jartzen ditu, eta askotariko gaiei buruzko ekitaldietan parte hartzeko gonbidapenak luzatzen dizkigu enpresoi. Helburu komunak dituzten eragileen artean harremanak eraikitzeko beharrezko ingurua sortu egiten da, beraz.
Bestetik, aipatzekoa da Parkeko enpresek metatzen duten ezagutza, batzuetan beharrezko garrantzia eman ez zaion arren. AgrupaLab enpresak produktuen ikerketa eta garapenerako proiektuak sustatzen ditu, eta, askotan, gabeziaren bat dugunean, Parkean kokatuta dauden enpresengana jo behar izaten dugu ikerketakideen bila. Izan ere, zeregin horretan laguntza bikaina eskain diezaguketen enpresa pribatu zein publikoak daude Parkean.